Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Lege berri bat eratzeko asmoa zeukala azaldu berri du, baita EAJ eta EH Bilduren arteko bilera diskretu batzuk zeudela ere. Koalizioak agiri bat plazaratu du, Hezkuntza sistema publiko burujaberantz, hezkuntzari buruzko ikuspuntua azalduz. Hortik aurrera, eztabaida nahiko bortitza piztu da, batez ere sare sozialetan. Eztabaida horri elementu batzuk ekartzeko asmoarekin, hona hausnarketa batzuk.
Euskal txiosferan, eztabaida ikastolen inguruan zentratu da, eta, kontzeptualki nahiko logikoa badirudi ere, ikastetxe kontzertatuen errealitaterekin ez dator bat. Euskal Autonomia Elkargoan, ikastetxe itunduen artean, erlijio-eskolak %80 dira, eta ikastolak %17 besterik ez. Beraz, legeak ez du bakarrik ikastolen egoera arautuko, baizik eta lau aldiz ugariagoak diren erlijio-ikastetxeena ere bai. EH Bilduren proposamena ikastolei zuzenduta dagoela ulertu dezakegu, baina denok dakigu EAJ ikastetxe erlijiosoen interesen defendatzailea izango dela, eta batzuentzako balioko duenak besteentzako ere balioko duela. Eztabaida ez da, beraz, ikastolak bai edo ez, itunduak bai edo ez baizik.
Beste ohizko argumentua da ikastolak beharrezkoak direla Euskal Herrian hezkuntza burujabe bat izan artek: ikastolak nahitaezkoak direla euskal hezkuntza bermatzeko, errepublika propio bat eduki arte. Tamalez, errealitatea burugogorra da, eta ikastolek, erlijio-eskolek eta publikoek bezala, espainiar legedian errotzen den EAEko legediari jarraitzen diote: Espainiar Hezkuntza Lege Orokorra, Espainiako Hezkuntza Ministerioak agindu eta Eusko Jaurlaritzak zehazten duen curriculuma, kontratazioak egiteko espainiar eredua. Itunen finantzaketaren truke, itunduek publikoen curriculum berdina erabiltzen dute eta kontratazio arau berdinak dituzte. Pertsonak aukeratzeko boterea dute, baina beti espainiar irizpideekin. Ipar Euskal Herriko tituluak dituen norbait ez dute onartzen, baina bai Espainiakoak dituena. Argi eta garbi, argudio hau ezin faltsuagoa da: EAEko ikastola batek ezin du Baionako unibertsitatean ikasi duena kontratatu, baina bai Albaceten ikasi duena (biek euskaraz dakitela, noski).
Hezkuntza itunduaren esparruan, tabuen artean tabua kuotak dira: denok badakigu itunduak familiei kuotak eskatzea debekatuta dagoela eta, naturaltasun osoz, badakigu debeku hori ez dela betetzen. Ez da betetzen itunen finantzaketa ez delako nahikoa ikastetxe itunduak bideragarriak izateko. Beraz, gaia seriostasunez eta geure buruari tranparik egin gabe artatu nahi badugu, errealitate hau onartu behar dugu: ikastetxe itunduek kuotak kobratzen dituzte ekonomikoki bideragarriak izateko. Bestela, epe motzean desagertuko lirateke.
Segregazioa, ikasleak aukeratzeko ahalmena, itunduari egiten zaizkion kritiken muinean dago, baina ez du eztabaida gehiegi sortu. Hainbat ikerketak azaltzen dutenez, etorkinak, ikasteko zailtasunak dituztenak eta ingurune pobreenetatik datozen ikasleak publikoan daude. Hau botere publikoek nola baimendu dezaketen argitzea gure herri misteriotsu honen misterio nagusietako bat da. Ikastetxe itunduek ikasle errentagarrienak aukeratzen dituzte. Jokin Bildarratz sailburuak segregazioaren izana bera ukatu du publikoki, Euskal Herrian zenbait errealitate deserosoren aurrean begiak ixteko tradizio errotuari jarraituz. Aitortu edo ez, datuak esanguratsuak dira: ikasle pobreenak eta ikasteko zailtasunak dituztenak sare publikoan daude. Gasteiz edo Ordiziako kasuak, gutxieneko duintasuna duen edonorentzat, lotsagarriak dira.
Beste batzuek Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ikastolek egiten duten lana aipatzen dute ikastolen aldeko argudio gisa. Hau guztiz zentzuzkoa izango litzateke eztabaidatzen ari den legeak bi esparru horietan eragina izango balu, denok ikusten baitugu bi eremu horietan euskarazko hezkuntzak jasaten duen zapalkuntza basatia. Baina ez dauka. Hezkuntza Lege honek EAEko mugen barruan besterik ez du izango lege izaera, gustatu edo ez. Bere esparrutik kanpo izan ditzakeen zeharkako ondorioak ez dira nahikoa lege edo arau baten edukiak aldatzeko: legeak, eragiten dien herritarrentzat egiten dira. Edo hezkuntza ezingo zen euskaraz egin, Espainiako beste erkideetako herritarrei kalte ez egiteko.
Azkenik, hezkuntzaren rola euskararen berpizkunde eta biziraupenean da eztabaidagai. Ikastolen aldekoek frankismoa eta trantsizioa aipatzen dituzte, euskararen alde ikastolek izan duten rola azpimarratuz. Hori egia da. Ikastetxe aitzindari horiek gabe, ez zen lortu dena lortuko. Zesarri Zesarrena. Baina hori duela urte asko gertatu zen eta geroztik gizartea aldatu egin da. Eta historia osoa kontatzea izaten da zintzoena. Ikastolek 1990 inguruan publiko bihurtzeko aukera izan zuten, eta nahi izan zuten guztiek onartu zuten. Euskal Eskola Publikoak euskalduntze prozesuan izan duen pisu erabakigarria ere aitortu behar da, ikasle erdaldunago eta pobreagoekin, gainera (ikastolak nahi ez dituenak, alegia).
2021. urtean gaude, eta memeak dioen bezala, 2050. urtea 1990a baino hurbilago dago.
Azkenik, gaur egungo gure gizarte hau guztiz postmodernoa da, inguruko beste gizarteen antzekoa. Europako bigarren jaiotze-tasarik baxuena daukagu, eta horrek gutxienez bi ondorio izango ditu. Alde batetik, gure gizartean gero eta ume gutxiago daudenez, gero eta bezero gutxiago egongo da ikastetxe itunduentzat. Agian, horregatik hainbeste presa lege berri bat egiteko eta dena atado y bien atado uzteko. Bestalde, gizarte gero eta zaharrago eta gero eta kontserbadoreagoan gaude. Ez baditugu eskolaren integrazio erronkak ausardiaz artatzen, bi abiadurako gizartea sortzeko arriskua dago. Alde batetik euskaldunak eta bestetik langile erdaldunak.
Hurrengo urteetarako Hezkuntza Lege bat erditzeko unean gaude. Aferaren hainbat alderdi kontuan ez hartzea akats historikoa izango litzateke.
Hezkuntza Lege berriaz zenbait hausnarketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu