Soldata arrakala: pitzaduraz betetako berdintasuna

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Emakume bat pelukera da; gizona, berriz, estilista. Emakumea, sukaldaria; gizona, chef-a. Baieztapen hauek lanaren banaketa sexualaren eskema klasikoari erantzuten diote; hau da, sexu bati eta besteari tradizioz egozten zaizkie lan jakin batzuk, ustezko trebezia, konpetentzia edo balio naturalak medio. Baina «kasualitatez» emakumeei eman izan zaizkien lanek ez dute gizonenak beste prestigio, ezta aitortza sozial eta ekonomikorik ere; ezta soldata arrakalaren kontrako nazioarteko egunean ere; ezta 2019. urtean ere.

Gainera, emakumeak dira kaltedunak lanaldi osoan lan egiten ez dutelako, eta lan- eta bizitza-pertsonala kontziliatzeko neurriak hartzen dituztenen artean gehiengoa direlako. Ahaztu egiten da ere irtenbide pribatu eta banakoak izan ohi direla, zaintzarako azpiegitura publiko integralik ez dagoelako, besteak beste.

Emakumeek egiten dituzten lanek gutxiago balio dute, hemen eta mundu guztian. Zehazki, EAEko soldata arrakala %24koa da; Nafarroakoa, berriz, urtean 8.153 euro gutxiago kobratzen dute emakumeek gizonekin alderatuta.

Bulego eta eraikinak garbitzea gutxiago ordaintzen da errepide edo kaleak garbitzea baino. Galdetu, bestela, Gipuzkoako komisaria eta auzitegiak garbitzen dituzten emakumeei; dagoeneko 150 egunetik gora greba egun daramate sektorean soldata arrakala desager dadin: komisarietako garbitzaileek kale garbitzaileek baino %13 gutxiago irabazten dute, eta auzitegietakoek, berriz, %7 gutxiago. Beste modu batera esanda, 3.000 euroko aldea urtean kale garbitzaileekin alderatuta, eta 1.500 eurokoa eraikin judizialekiko.

Emakume hauek sektore prekarizatu eta feminizatu batean dihardute lanean, herri-administrazioak azpikontratatuta; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak du horren ardura, baina muzin egiten dio bere erantzukizunari, hala gatazkari nola zerbitzuari dagokionez. Eta zerbitzu hau ez litzateke pribatizatuta, ez esternalizatuta egon beharko; edo ez era honetan, bederen. Eta okerrena da Garbialdi enpresak, zeinari zerbitzua esleitu zioten, iragarri berri duenez 2020ra arte zerbitzuaren luzapena sinatu duela Eusko Jaurlaritzarekin, «orain arteko baldintza beretan». Argazkia garbia da, beraz.

Nahi balute, administrazio eta botere publikoek milaka emakumeren bizi-baldintzak benetan aldatzeko aukera lukete, batik bat sektore prekario feminizatuetan lan egiten dutenena. Baina ez dute halakorik egiten.

Benetan nahi al dute herri-administrazioek emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasuna? Benetan eragin nahi dute biztanlerian aberastasuna eta baliabideak hobeto bana daitezen? Benetan egingo al dute bat mugimendu feministak etxeetan eta kalean martxoaren 8rako egin duen greba feministaren deialdiaren oinarrian dauden aldarriekin?

Borroka honek bidea ireki dezake, beste sektore feminizatu prekarizatu batzuetan ere emakumeak ahaldundu daitezen eta egoera iraul dezaten. Ondo dakite hori patronal eta administrazioek. Bizkaiko zahar-egoitzetako grebarekin gertatu bezala, bidea luzea da, bai, baina lortuko dute. Ez da izango, gainera, lan garaipen hutsa; borroka sindikal eta feministak emakumeen eraldatze indibidual eta ahalduntze kolektiborako ezinbesteko tresna baitira.

Bada garaia soldata arrakala ezabatzeko; ez da utopia, eginbeharra da. Administrazio publikoek urratsak egin nahi badituzte berdintasunerantz, aukera paregabea daukate esku artean, benetan eragiteko. Martxoaren 8ko argazkia pixka bat desenfokatuta aterako zaie, bestela.

Jar dezagun emakumeen bizitza erdigunean! Gora borroka sindikal feminista!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.