Gerra Ukrainan. Wagnerren matxinada

Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Wagnerren burua Kremlinen kontra matxinatu da, eta paramilitarrek Errusiako Rostov Don hiriaren kontrola bereganatu dute. Putinek «traizioa» leporatu die

Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek.
ander perez zala
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Kremlinen kontrako matxinadak ez du iraun egun bat ere. Atzo arratsaldean, Jevgeni Prigozhin Errusiako Wagner talde paramilitarreko buruak onartu egin zuen Moskurako martxa gelditzea, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearekin mintzatu ondoren; biek ala biek «egun osoa» pasatu zuten hitz egiten, eta «onargarria den aukera bat» negoziatu zuten Prigozhinek Errusiako Defentsa Ministerioarekin duen gatazka bideratzeko eta tentsioa baretzeko. «Ados jarri dira Errusiako lurraldean ezin dela sarraskirik izan», esan zuen Bielorrusiako presidentearen prentsa zerbitzuak Telegram bidez. Jakinarazpen horren ondoren, Wagnerreko buruzagiak berak baieztatu zuen adosturikoa: «Konboiak itzultzen ari dira, eta kontrako norabidean doaz [Ukrainara], planaren arabera». Erabaki horrekin, Prigozhinek azaldu zuen «odol isurtzea» eragoztea zuela helburu. Kremlinek gauean jakinarazi zuen Prigozhini Errusiatik ateratzen eta Bielorrusian erbesteratzen utziko diotela.

Ikusi gehiago:Aliatuak desafio egin dio Putini

Wagnerren burua argi mintzatu zen atzo goizean bere asmoez eta egungo egoeraz: ez zuen amore emango, eta Errusia «gerra zibil» betean zegoen. Hilabeteotan Errusiako Defentsa Ministerioa behin eta berriz kritikatu eta gero, Prigozhin matxinatu egin zen azkenean; herenegun gauean, Ukrainako muga gurutzatu, eta Rostov Don hiriaren (Errusia) kontrola bereganatu zuten paramilitarrek —hiriburutik 1.270 kilometrora dago—. Eta hortik Moskura bidean jarri ziren, «justiziaren aldeko martxa» delakoan; Lipetsk eskualdera iritsi ziren, hiriburuaren hegoaldera, 470 bat kilometrora; Wagnerreko buruaren arabera, 200 bat kilometrora ere hurbildu ziren —hemezortzi orduan 800 bat kilometro egin zituzten—. Ia erresistentziarik gabe egin zuten aurrera, Prigozhinek esan zuen modura, «Errusiako herria askatzeko» egungo agintariengandik. Vladimir Putin presidenteak «traizioa» egotzi zion orain dela hilabete gutxira arte aliatu zuenari, eta adierazi zuen gerra zibila eragotziko zuela; badirudi hala lortu duela, Lukaxenkoren bitartekaritzari esker.



Talde paramilitarraren eta Errusiako Defentsa Ministerioaren arteko gatazka handituz joan da Ukrainako inbasioak aurrera egin ahala. Prigozhinek laguntza eta munizio falta, eta baliabideak «arpilatzea» leporatu izan dio Moskuri, eta kritiko agertu da orain arteko estrategia militarrarekin; azkenean, herenegun, Wagnerreko buruak gerra frontean dituzten kanpalekuak bonbardatzea egotzi zion Defentsa Ministerioari —«hildako ugari» izan zirela aipatu zuen—, eta orduan iragarri zuen Moskuren kontra «matxinatuko» zirela.

Prigozhinek atzo eguerdian ohartarazi zuen ez dutela etsiko Errusiako armadaren buruzagitza eta batez ere Sergei Xoigu Defentsa ministroa «atxilotzen» dituzten arte. Paramilitarrek hiriburura heltzea zuten helburu; ehunka kamioi eta tanke bidali zituzten horretarako.

Moskun, bien bitartean, barrikadak prestatu zituzten, eta «terrorismoaren kontrako erregimena» jarri zuten martxan; gainera, hirian hegoaldetik sartzeko errepide batzuk suntsitzen aritu ziren. Sergei Sobianin alkatearen arabera, egoera «zaila» zen, eta etxean geratzeko eskatu zien herritarrei.

Wagnerren ospea

Wagnerrek ospe handia bereganatu du Bakhmuteko (Ukraina) batailaz geroztik, eta hori garaipen bat izan da, batez ere, Prigozhinentzat —figura mediatiko bat bilakatu da—. Hark duen pisua ikusirik, Putin une zail baten aurrean zegoen atzo, eta Errusiako presidentearen sinesgarritasunarentzat kolpe handia izan da paramilitarren desafioa.

Ikusteko dago Putinek eutsiko dion atzo goizean jakinarazitako asmori: «erantzuleak justiziaren aurrera» eramatea. Horri begira, Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federalak auzi penala abiatu zuen Wagnerren kontra, matxinada armatua hasteagatik. Bazirudien Prigozhinen xedea zela Errusiako armadako goi kargudunak aldatzea, eta horien ordez aliatuak jartzea postu horietan.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, berriz, pare bat mezu helarazi zituen atzo Errusian gertaturikoaz. Lehenengoan, esan zuen barne gatazka hori herrialdearen «ahultasunaren» erakusle dela; eta, bigarrenean, agerian geratu dela hango agintariek ez dutela «ezer kontrolatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.