Azken 40 urteetako lehorterik latzena dute Afrikako Adarrean

Giza laguntzaren beharrez daude 13 milioi lagun baino gehiago. Muturreko idorteak ugaritzen ari dira klima aldaketarengatik. Kalifornian azken 1.200 urteetako idorterik handiena ari dira pairatzen

Kenyako Gabra komunitateko bi artzain, beren ganadu hilari begira, urtarrilaren 29an, Marsabit herrian. DANIEL IRUNGU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Afrikako Adarrean, lehortzen ari dira ur putzuak, landaredia zimeltzen, abereak hiltzen eta laboreak galtzen. Egoera humanitarioa muturrekoa da. Hirugarren urtez jarraian euri sasoiak huts egin izanaren kalteak ari dira pairatzen herritarrak. Somaliako, Kenyako eta Etiopiako milioika lagun bizirik irauteko euskarririk gabe gelditzen ari dira. «Hilabete bakarrik igaro dugu lehorte aldi luzean, eta dagoeneko 25 ahuntz eta ardi galdu ditut. Baita lau gamelu ere. Ez dago bazkarik», azaldu zion Hafsa Bedelek, Etiopia ekialdeko Somali eskualdean bizi den artzainak, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsari. Lehorteak bereziki erasan die artzainei eta laborariei, baina gosea biztanleriaren sektore zabaletara hedatu da, elikagai faltak nabarmen garestitu dituelako jakiak.

Baina egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute Afrikako Adarrean lanean ari diren GKE gobernuz kanpoko erakundeek, oraindik asteak falta baitira euriteen garaia hasteko —apirilean hasi ohi da—.Aurreko hamarkadan, bi lehorte handi izan ziren Afrikako Adarrean: 2011koa eta 2017koa. Oraingoa are larriagoa izateko bidean da. Azken 40 urteetako handiena izango dela iragarri dute, eta elikagai krisia inoiz ez bezalakoa izan daitekeela. Somalian, Kenyan eta Etiopian hamahiru milioi herritarrek dute giza laguntzaren beharra, gose larriari ihes egiteko.

Lehortearekin batera, eremuko biztanleak bizi baldintza makurretara bultzatu dituzte xartal izurriek, COVID-19aren pandemiak eta hainbat gatazkak; horien artean, Etiopiako Tigray eskualdeko gerra.

La Niña fenomeno meteorologikoaren eraginpean dago Afrikako Adarra, eta halakoetan ohi baino prezipitazio gutxiago izaten da eremu horretan. Lehorteak ohikoak dira, baina, klima aldaketaren ondorioz, laburtu egin da idorte batetik besterako tartea; hamar urtean behin izaten ziren duela zenbait hamarkada, eta bizpahiru urtetik behin gertatzen ari dira orain. Heltzen direnean, luzeagoak eta lehorragoak izaten dira, gainera.

Klima larrialdiari erantzun egokia eman artean, joera ez da aldatuko. UNCCD Nazio Batuen Lehorteei Aurre Egiteko Hitzarmenak iragarri duenez, 2025. urterako 1.800 milioi lagunek jasango dute erabateko ur gabezia, eta munduko biztanleen bi heren biziko dira ur eskasia izango den eremuetan.

2021a, urte beroenetakoa

Datuek ez dute laguntzen iragarpena samurtzen. Munduko Meteorologia Erakundearen urtarrileko txostenak jasotzen duenez, 2021a urterik beroenetako bat izan zen. Orain arte erregistratutako beroenen artean, zazpigarrena. Lur planetaren tenperatura 1,11 gradu beroagoa izan da industrializazio aroaren aurreko tenperaturarekin konparatuta, eta aldea zazpigarren urtez jarraian izan da gradu batetik gorakoa (2015-2021). Adituek nabarmendu dute garrantzi handikoa dela planetaren berotzeak 1,5 graduko langa ez gainditzea klima aldaketaren ondoriorik larrienak eragozteko; horien artean, lehorteen ugaritzea eta basamortuen hedatzea.

Afrikako Adarrekoa da lehorte baten ondorioz oraintxe munduan dagoen egoerarik larriena, baina ez da bakarra. Beste herrialde batzuetan kalte ekonomiko handiak espero dituzte lehorteengatik. Ur faltan daude Brasil hegoaldea, Paraguai eta Argentina iparraldea. Soia eta arto esportatzaile nagusien artean daude hiru herrialde horiek, eta labore horien salmentak pisu handia du haien ekonomietan.

Euri faltak sor diezazkiekeen galeren tamaina irudikatzeko, lagungarriak dira Buenos Airesko burtsaren aurreikuspenak. Haren esanetan, Argentinak 3.300 milioi euroren kalteak izango ditu lehortea luzea bada, eta galera 5.000 milioi eurokoa ere izan daiteke muturrekoa bada.

Hego Amerikan ere La Niña-ren ondorioz sortu da lehortea. Argentinako Meteorologia Zerbitzuak azaldu duenez, prezipitazio gutxi izan da 2019tik. Azken urteko datuak argigarriak dira. 2021eko urtarriletik aurtengo urtarrilera, batez beste izaten den euriaren %60 jaso dute soilik. Gainera, jasan dituzten tenperatura beroak ere ezohikoak izan dira. Misiones probintzian, 55 urtean urtarrilean ezagutu duten tenperaturarik beroena izan dute aurten: 41,3 gradu.

Misionesen ondoko probintzian, Corrientesen, suteak azkar hedatu dira lur idorretan, eta hilabete pasako epean 8.000 kilometro karratu inguru kiskali dituzte —Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren azaleren batura baino eremu zabalagoa—.

Klima larrialdiaren ondoriorik latzenak pobretutako herrialdeetan eta garabidean direnetan nozitzen dituzte gehien, baina herrialde industrializatuak ez daude salbu. AEBetako mendebaldean, hainbat hilabete daramatzate euri eskasian. Pazifikoko ekaitzek urrian eta abenduan utzitako eurite eta elurte mardulek itxaropena piztu zuten herritarren artean, lehortearen amaiera izango ote zen. Ez da halakorik izan. Urtegien maila eta mendietako elurra itxuratzeko balio izan zuten, baina ez zuten behar beste euririk egin. Udan, aurrezinoiz hartu gabeko neurriak hartu behar izan zituzten, Colorado ibaitik zenbait estatu urez hornitzeko erabiltzen diren hodiak itxita. Abuztuan, baso eremu zabalak irentsi zituzten suteek Kalifornian, eta estatu ia osoa egon zen muturreko lehortean.

Sustrai luzekoa

Urteetako lehortea pilatu daAEBetako mendebaldean, eta, bereziki, Kalifornian. Euri gutxi egin du 2012tik, hilabete jakin batzuetan salbu, eta 2021a urterik idorrena izan da 1895az geroztik. Baina lehorteak sustrai sakonagoak dituela ondorioztatu du Nature aldizkariak otsailean argitaratu duen ikerketa batek. Park Williams Kaliforniako UCLA unibertsitateko klima ikerlariak gidatu duen taldearenarabera,AEBen mendebaldeak azken 1.200 urteetan izan den 22 urteko eperik lehorrena bizi du. Inguru horretan izan diren lehorterik handienak aztertu dituzte, 800. urtetik gaur arte; besteak beste, zuhaitzen eraztunei behatuta.

«Emaitzak oso kezkagarriak dira, erakusten dutelako lehorte egoera hau nabarmen okerragoa dela klima aldaketaren ondorioz». Williamsen arabera, idortearen laztasuna %42 arinagoa litzateke Lurraren berotzeagatik ez balitz. Iraganedo ereduei erreparatuta, ikerlariek uste dute lehortea ez dela amaituko aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.