Joan den ostegunaz geroztik, Afganistandik irteteko lanak azkartu dituzte nazioarteko tropek. Orotara 192 hildakotik gora utzi dituen EI Estatu Islamikoaren erasoak alerta guztiak piztu ditu. Erresuma Batua izan zen atzo bere herritarrak eta Afganistangoak herrialdetik ateratzen jarraitu zuen Europako estatu bakarra. Baina hark ere eten ditu hegaldiak. AEBetako armada Kabulgo Hamid Karzai aireportua husten hasi zen —Washingtonek asteartera arteko epea du handik ateratzeko—. Armadako iturriek zehaztu zuten, hala ere, azken ordura arte egongo direla aireportuko segurtasuna bermatzen. Ebakuazio lanak hasi zituztenetik 117.000 pertsona atera dituzte AEBek Afganistandik; gobernuz kanpoko hainbat erakundek zabaldutako datuen arabera, ordea, 250.000 afganiarrek lagundu diete tropa estatubatuarrei 2001etik.
Bien bitartean, Etxe Zuriarentzat lan egiten duten segurtasun pribatuko enpresek euren etxeetara itzultzeko aholkatzen zieten atzo aireportuko sarreran pilatutako herritarrei, azalduz arriskua zegoela EIk beste atentatu bat egiteko hurrengo orduetan. Hain zuzen ere, EIko bi buruzagi hil eta beste bat zauritu zutela zabaldu zuen Etxe Zuriak. Droneekin egin zuten erasoa, Nangarhar probintzian, ustez miliziaren gotorleku baten aurka —AEBek behin baino gehiagotan eman dituzte hiltzat terroristatzat jotako hainbat buruzagi, eta gero frogatu da okerrak zirela informazioak—. Talibanek salatu zuten bonbardaketa Afganistanen aurkako eraso bat izan zela.
Hegaldiak amaitzear, azken egunetan aireportuko ateetan ilara egiten egon ziren herritarretatik askok Pakistango mugarako bidea hartu zuten. Han lehendik ere ehunka mila pertsona zeuden, talibanek irteteko baimena eman zain. Askok paperik gabe jo behar izan zuten mugako kontrolguneetara, nazioarteko ia enbaxada guztiak itxita daudelako. Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania, berriz, talibanekin hitz egiten hasteko prest agertu ziren herrialdetik irten nahi dutenei pasabide bat bermatzeko, betiere haiek giza eskubideak errespetatzera konprometitzen badira.
Lasaitasun mezua
Talibanek datorren astean jakinaraziko dute gobernu berria zer-nola osatua egongo den; hala aurreratu zuen atzo Zabihullah Mujahid eledunak. Hark lasaitasuna eskatu zien herritarrei, eta adierazi gobernua lanean hasi orduko amaituko direla arazoak. Izan ere, miliziak boterera helduz geroztik itxita daude herrialdeko banku gehienak, eta, ondorioz, herritarrek arazoak dituzte oinarrizko gaiak erosteko. «Duela hiru egun zabaldu zituzten zenbait banku, baina inork ezin izan zuen dirurik atera», salatu zuen herritar batek. Gauza bera gertatzen da eskola eta unibertsitate gehienekin ere. Talibanek eurek lehen egunetan haurrak eskolara sartzen ageri ziren irudiak zabaldu zituzten arren, haietako gehienak itxita daude oraindik ere, eta gobernuaren ordezkaritzen artean ere gutxi batzuk soilik zabaldu dituzte.
Egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak. Haren datuen arabera, hilabete hasieran 14 milioi afganiar ziren laguntza beharrean zeudenak —hiru pertsonatik bat—, baina talibanak boterera iristearekin eta koronabirusa zabaltzearekin kopuru hori handituz joan dela adierazi dute. Afganiarrek eurek ere gogor jo dute nazioartearen aurka, eta belaunaldi oso bat abandonatu izana egotzi diote. «Pentsatu zer litzatekeen hogei urte igarotzea etxe bat eraikitzen, halako batean norbaitek eraikin hori suntsitu eta gero handik beste norabait joaten ez uzteko. Hori egin digute guri», esan zuen Shabeer Ahmadi kazetariak. Bera izan da herrialdetik irtetea lortu duten berriemaile gutxietako bat. Beste askok ezkutura jo behar izan dute.
Bi aste dira talibanak Kabulen sartu zirela, ordura arte presidente zen Axraf Ghanik ihesari ematearekin batera. Geroztik egindako agerraldietan, garai bateko miliziak lasaitasunerako deia egin du, eta esan ez duela mendekurik hartuko azken urteetan nazioarteko tropekin elkarlanean aritu direnen aurka. Baina haien hitzak gezurtatu egin dituzte herritarren lekukotasunek, hainbat exekuzioren berri emanez. Atzo bertan Fawad Andarabi musikariaren hilketa salatu zuen haren semeak.
AEBen erretiratzea, amaitzear
Kabulgo aireportutik irteten hasi ziren atzo Estatu Batuetako tropak. EIko bi buru hil eta beste bat zauritu dutela esan du Etxe Zuriak. Bankuak eta eskolak itxita daude oraindik Afganistanen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu