EAJren VIII. Batzar Nagusiaren prozesuan ez da egon, beste batzuetan bezala, alderdiaren zuzendaritzak idatzi eta militanteek eztabaidatu beharreko txosten politikorik, baina horrek ez du esan nahi gogoeta estrategikoa egon ez denik, horretarako beste bide bat aukeratu duten arren. Alderdiaren 125. urteurrenaren harira, EAJk 30 bat aditu aukeratu zituen, gertukoak baina alderdikideak ez direnak, eta ariketa bat egiteko eskatu zien: begirada altxatzea, geroa barruntatzea eta euskal gizarteak datozen hamarkadetan izango dituen eztabaidagai nagusien inguruan hausnartzea.
Orain, Sabino Arana fundazioak argitaratzen duen Hermes aldizkariak gogoeta horren emaitza plazaratu du zenbaki monografiko batean. Zenbait arlotan, adituek proposatutakoak ez datoz guztiz bat EAJren orain arteko doktrina eta praxiarekin: EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek hitzaurrean dioenez, «proposamen probokatzaile eta askotarikoak, gurea moduko alderdi instituzionalaren ikuspegiaren beste aldean dagoen ikuspegitik eginiko begiradak» dira, zenbaitetan «EAJren ideariotik eta alderdiak azken berrogei urteotan eraman duen praktikatik kanpo» daudenak; edonola ere, horretan datza, hain zuzen, proposamenaren interesa.
Aditu horietako zenbaitek «anonimotasuna errespetatzeko» eskatu dio EAJri, eta alderdiak ez du haien izenik eman. Hona hemen txostenaren ekarpenik deigarrienetako batzuk.
NAZIOA ETA BORONDATEA
XXI. mendeko euskaldunak izeneko atalean, euskal nortasunaren gaur egungo ezaugarriak aletzen dira. Identitatea, komunitate baten partaide sentitzea eta beste kontzeptu batzuk aipatzen dira, baina egileek garrantzi handia ematen diote herritarren borondateari. Diotenez, «hizkuntzari, kulturari eta erakunde politikoei eusteko garaian adierazitako borondateak» definitu du historikoki euskal nortasuna, eta etorkizunean ere identitatea horretan oinarritzea proposatzen dute EAJk bildutako adituek.
Hortaz, «zer da euskalduna izatea?» galderaren inguruan, txostenaren egileek uste dute XXI. mendean erantzuna honako hau izan behar dela: «Euskal herritarrek nahi dutena».
EUSKARA
Txostenaren arabera, euskarak, mende askotan etengabe atzeraka ibili ostean, «susperraldi harrigarria» izan zuen XX. mendearen erdialdian, eta oraindik ere horren eraginak nabaritzen ari da. Prozesu horretan ezagutzak eta motibazioak izandako garrantzia nabarmentzen dute, baina horrekin batera «hizkuntza horretan komunikatzea ahalbidetuko duen ingurune baten beharra» ere aipatzen da.
Egileen arabera, azken hamarkadetan euskaldundu diren heldu askok bideak topatu dituzte oztopoak gainditu eta ikasitako euskarari eusteko. Baina, geroari erreparatuta, zailtasun berriak agertu dira: euskara eskolan ikasi duten gazteen kasuan motibazioa «erabat» aldatu da; komunikazio digitalak ere hankaz gora bota ditu orain arteko oinarriak, eta, laburbilduz, esan daiteke «kultura ez-hegemonikoak transmititzeko gero eta zailtasun gehiago» daudela.
INSTITUZIONALIZAZIOA
Txostenean ageri denez, Euskal Herriko historian etengabea izan da herria modu batera edo bestera «instituzionalizatzeko» nahia, eta asmo horrek garapen modernoa hartu zuen Sabino Aranak EAJ sortu eta Euskotarren aberria Euzkadi da goiburua zabaldu zuenean.
Gaur egun, «egoera bakoitzean ahalik eta botere politiko handiena lortzeko» ahalegin horretan, Lehendakaritza, Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra ezinbesteko mugarriak dira.
Adibidez, Eusko Legebiltzarraren inguruan, txostengileek diote «aurrekari historikorik» ez duela, «gure bilakaeran lehen aldia baita hiru hego-mendebaldeko herrialdeetako legegintza-erakunde erkide bat daukagula». Haien ustez, Eusko Legebiltzarra «erreferente politiko gisa» eratuta dago, eta indar politikoek eta herritarrek onartua da. Gainerako herrialdeen instituzio egiturez ez dago aipamenik atal honetan.
NAZIOAREN IZENDAPENA
Euskal nazioaren izenaz, txostenean «eguneroko usadioari» erreparatzen diote, eta proposamen hirukoitza egiten dute: euskaraz Euskal Herria, gaztelaniaz Pais Vasco eta frantsesez Pays Basque. «Euskadi-k ez du ia erabilera sozialik, eta, pixkanaka, erakundeen bizitzara murrizten ari da», ageri da txostenean. Aurrerago, azkenean Euskal Herriaterminoa nagusituko den ustea ere agertzen da, «gazteen gustukoena delako».
ERESERKIA
Azken bolada honetan berriro piztu da euskal nazioaren ereserkiari buruzko eztabaida, eta txosten horren egileek ez diote muzin egin auzi horri. Aditu taldeak ez du suhartasun handirik erakusten gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoaren himno ofiziala den Euzko Abendaren Ereserkia-ren alde, nahiz eta nabarmendu duten erlijio aipamenez beteriko haren hitzak ez direla askorik desberdintzen beste herrialde batzuetako ereserkien hitzekin alderatuta.
Edonola ere, EAJk bildutako adituek nahiago dute Gernikako arbola, «xumea, batere arranditsua ez dena, anaiartekoa, buruz ikasteko erraza eta euskal doinua duena, zortzikoa. Gure lanaren ondorio operatiboa izan liteke Gernikako arbola euskal ereserki ofiziala proposatzea».
AUTODETERMINAZIOA
Txostenaren arabera, Europako estatuak sortu zirenean, herriek ez zuten aukeratzeko biderik izan, eta «inposatu» egin zitzaizkien «sentimendu nazionala eta nazioaren eraikuntza». Nazionalismoa gatazka horretatik sortzen da.
Autodeterminazio eskubidea gatazka hori ebazteko bide gisa agertzen da txostenean, baina haren gauzatzea estatuen demokraziaren bilakaerak baldintzaturik aurkezten da: «Euskaldunok bi estaturen eremu juridiko eta politikoan bizi gara, Espainia eta Frantziarenean. Estatu horiek gero eta demokratikoagoak diren heinean, batasuna eta aniztasuna elkarren kontrako baino gehiago, elkarren osagarri izango dira. Bi horietako batean demokraziak beheranzko edo ahultzeko joera hartuko balu, euskal herritarroi ez litzaiguke geratuko beste aukerarik autodeterminazio eskubidea baliatzea baino».
Geroa barrundatzeko saioa
EAJk eskatuta, 30 bat adituk gogoeta prozesu bat egin dute euskal gizartearen etorkizuneko eztabaidagai nagusien inguruan; ondorioak orain argitaratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu