Borrokatzeko gogoz daude

Agoizko Siemens Gamesaren fabrika ez dezatela itxi eskatu dute ehunka pertsonak Iruñean. Nafarroako Gobernuari eskatu diote langileak eta eskualdea babestu ditzala

Agoizko Siemens Gamesaren lantegia ez ixteko eskatu dute ehunka lagunek Iruñean egindako manifestazio zaratatsuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Giroa bero-bero zegoen manifestazioa hasi aurretik ere. Iruñeko autobus geltoki zaharraren inguruan pilatu zen jendea, maskara jantzirik. Turutak, txilibituak, danborrak eta megafonoak zein baino zein ozenago aditzen ziren. 18:00ak baino lehen zabaldu zuten pankarta: Agoizko Siemens Gamesa ez itxi. Ehunka pertsonak manifestazio zaratatsua egin zuten atzo Nafarroako Jauregiraino: batetik, Nafarroako Gobernuari esku har dezala eskatzeko, eta, bestetik, borrokatzeko gogoz direla argi uzteko.

«Agoizko Gamesako langileak gure indar guztiekin borrokatuko gara enpresaren erabakia baliogabetzeko». Argi eta irmo mintzatu zen Ainara Lizarraga, langile batzordearen izenean. Baina borroka hori «denek elkarrekin» egiteko beharra azpimarratu zuen. Nafarroako Gobernuaren egoitza da jauregia, eta haiei mintzatu zitzaien berehala: «Nafarroako Gobernuak esku hartu behar du itxiera eragozteko, eta enpresa proiektu bat bilatu behar du Nafarroako eremu oso bat hiltzen ez uzteko».

Gogora ekarri zuen Gamesak Agoitzen ireki zuenean administrazioak txalo jo zuela, eta horregatik duela gatazkan esku hartzeko ardura. «Diru publiko asko jaso duen enpresa da, eta gobernuak ezin du beste alde batera begiratu». Horregatik, hitz hutsak alde batera uzteko, eta «benetako konpromisoak» hartzeko galdegin zion gobernuari. Herriak husten ari direla eta, Nafarroako Gobernuak kezka agertu du askotan; beraz, langile batzordeak uste du orain duela kezka hori benetakoa dela adierazteko garaia.

Izan ere, Gamesa ixteak kalte handia eraginen lioke eskualde osoari. Argi azaldu zuen Lizarragak: «Gure lantegiak sekulako eragina du Pirinioaurreko eremu osoan. Itxierak nabarmen areagotuko luke Nafarroak duen despopulazio arazoa». Manifestazioan zenbait herritarrek kartelak erakutsi zituzten Gamesa ez ixteko aldarriarekin. Horietan irakur zitekeen itxierak eraginen lukeen kaltea: 239 familia lanik gabe geldituko dira. Langile batzordearen pankartaz gainera, agoiztarrek beste bat eraman zuten: Iratiko herriak bizirik.

«Aitzakia hutsa»

Agoizko lantokia ixteko erabakia «deslokalizazio hutsa eta gogorra» dela salatu zuen Lizarragak: «Ez da galerak dituen enpresa bat. Diru asko irabazten duen eta gure etorkizuna eta gure familiena kontuan hartu gabe are gehiago irabazi nahi duen enpresa bati buruz ari gara». Langile batzordearen arabera, 2021eko irailera arte lan karga bermatua dute; beraz, lantegia ixteko arrazoiak «aitzakia hutsa» direla salatu zuen Lizarragak. «Gure lantokiak hamar urte baino ez ditu, eta oso lantoki lehiakorra da». Pala-eredu handiagoak egiteko eta egokitzeko gaitasuna dutela ziurtatu zuen, hori baita lantegia ixteko Gamesak eman duen arrazoia.

Irrintzi batekin hasi zen manifestazioa, eta Andres Marquez langile batzordeko kidearen malkoekin bukatu. Berak hitz egin zuen gazteleraz, eta aurpegian sumatu zitzaion benetan ari zela «egoera zaila bizi dugu» zioenean. Txalo zaparradak eta ibilbidean aditutako burrunbak itxi zuen ekitaldia. Bide osoan ez zioten leloak oihukatzeari eta zarata egiteari utzi. Ukabila goratuz askotan, amorruz beterik, maskarak ere ezin zituen oihuak apaldu. Aldarria argi entzutea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.