Ia sei hamarkada iraun duen gatazka amaitzea da Kolonbiako presidente Gustavo Petroren lehentasuna. Baina gauza bat da helburua jartzea, eta beste bat hara heltzea. Urratsak egin dituztela ez da zalantzarik, eurak izan baitira, hainbat urteko etenaren ostean, ELN Nazioa Askatzeko Armada negoziazio mahaian esertzea lortu dutenak. Baina bidea oztopoz betea dago.
Bi alditan bildu dira gobernuaren eta gerrillaren ordezkariak orain artean. Mexikon egin dituzte bi bilerak, eta Kubako hiriburuan, Habanan, dute egitekoa hirugarrena, bi aste barru —hilaren 27an hasiko dituzte, atzerapenik ezean—. Su etena lortzea litzateke hirugarren txandaren helburu nagusia.
Harremanak mikaztu egin dira azken hilabeteetan. Iazko urte amaieran, Bogotak iragarri zuen alde biko su eten bat hitzartu zuela ELNrekin, baina gerora atzera egin behar izan zuen, gerrillak berak ohar batean halakorik sinatu izana ukatu zuenean. Ordu hartan, gerrillak egotzi zion gobernuari alde bakarreko erabaki bat «inposatu» nahi izatea.
Martxo amaieran hartu zuten azken kolpea, Catatumbo eskualdean bederatzi militar hil zituztenean atentatu batean. ELNk ez du bere gain hartu erasoa, baina Bogotak hari egotzi zion erantzukizuna. Tentsioa eragin dute salaketok, horrenbestekoa ezen ELNk ohar bat atera behar izan baitu esanez elkarrizketekin duen konpromisoa ez dela aldatu. «Kolonbia ziur egon daiteke erabateko interesa dugula bakean bizi den herrialde baten alde lan egiteko», irakur daiteke apiril hasieran ELNko Komando Zentralak plazaratutako oharrean. Idatzi berean, baina, ohartarazten du elkarrizketen tokia mahaia dela, bertan hitz egingo dela aurrez Mexikon adostutako puntuei buruz, eta ez dutela onartuko gai horien inguruko «presio mediatikorik».
ELNko buruzagitzaren arabera, Kolonbian «erabateko bakea» lortuko bada, ez da aski gerrilla armagabetzea. «Askok defendatzen dute oraindik baketze narratiba zaharra, zeinak dioen armak isilarazi behar direla, baina oinarrizko arazoez hitz egin gabe», dio buruzagitzak sareetan zabaldutako oharrak.
Agendako puntu nagusiak
Mexikon adostu zuten bide orrian zehazten dira datozen negoziazioetan mahai gainean izango dituzten puntu nagusiak. Horietako batean, hauxe diote: «Ikuspegi demokratiko batetatik aztertu behar dira eredu ekonomikoa, erregimen politikoa eta batasun eta adiskidetze nazionala oztopatzen dituzten doktrinak». Puntu hori da eztabaida handiena eragin dutenetako bat, oposizioak egozten baitio gerrillari bere politikak ezarri nahi izatea, bake elkarrizketak baliatuta.
Baina ELN ez da herrialde eredua hizpide hartu duen bakarra izan. Petro presidentea bera 2016ko bake akordioa berrikustearen aldekoa da, argudiatuz FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak desegiteko modua eman zuen hitzarmenean ez zela eztabaidatu eredu ekonomikoa aldatzeko aukeraz. «FARCekin sinatutako bake akordioaren lehen puntuan jasotzen da hiru milioi hektareari eragingo dien nekazaritza erreforma bat egingo dela. Hogei milioi hektarea lur emankor ditu Kolonbiak, lantzen ez dituen gutxiengo baten esku. Zenbat eman zuen aurreko gobernuak? 17.000 hektarea lau urtean. Zertarako sinatu zuen akordio bat hura betetzeko asmorik ez bazuen?».
Juan Manuel Santos presidente zela sinatu zuten bake akordio hura, eta, ondorioz, kritikak ez dira estatuburu ohiaren gustukoak izan. Hala, hark «ELNren eskariei amore ematea» egotzi dio egungo estatuburuari. Martxo amaieran, baina, giroa baretzeko ahalegina egin zuen Petrok berak, eta Santosekin bildu zen Bogotan.
Hiru urteko agintaldia du aurretik Petrok, eta tarte horretan zail izango du horrenbestetan nabarmendu duen «erabateko bakea» eskuratzea. ELNrekiko negoziazio mahaian ez ezik, etxean ere ez ditu denak aldeko. Baina urratsak egiten ari da, elkarrizketak hasi dituzte, eta badute bide orri bat; orain, su etena adostea da lehentasuna, beste atentatu batek lortutako guztia leherrarazi ez dezan.
Bakea lortzeko lehen urratsak
Bi aste barru bilduko dira ELN eta Kolonbiako Gobernuaren ordezkaritza, Kubako hiriburuan. «Kolonbiako eredu ekonomikoa» aztertzea da elkarrizketetako puntu nagusietako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu