AEBen eta Txinaren arteko gerra komertziala eragotziko lukeen akordio baten bila dabiltza potentzia biak, baina Trumpen administrazioa ez da errazten ari itun bat lortzea, kontuan hartuta Asiako erraldoiaren ikur teknologikoen aurka gogor ari dela. Huawei konpainia aspaldian jarri zuen jomugan Etxe Zuriak, eta Mendebaldeari espioitza egiteko tresna gisa sailkatu zuen. Orain, akusazio horien inguruan gehiago jakin da, The Times egunkariak kaleratutako informazio bati esker. CIAk Erresuma Batuari helarazi dizkio hainbat agiri erakusteko Huaweiren finantzaketaren atzean Txinaren espioitza zerbitzuak daudela. Egunkariak dio urte hasieran «froga» horiek Five Eyes Clubeko beste lau herrialdeei erakutsi zizkiela, Australiari, Zeelanda Berriari, Kanadari eta Erresuma Batuari.
Huawei bigarrena da munduan gehien saltzen diren telefono marken artean, Samsungen atzetik eta Appleren aurretik, eta emaitza ikusgarriak izaten ari da azken urteotan. Kontua da arrakasta hori teknologia propioarekin garatu duela Txinako enpresak, 5G konektibitatean munduko liderra dela, eta Apple bera gainditu duela salmentetan, non eta AEBetako nagusitasun teknologikoaren esparruan.
Eta, hain zuzen, Washingtonek joan den urtean abiarazitako Huaweiren aurkako kanpaina 5G teknologia hedatzeko pronto dagoela areagotu da. Txinako konpainiaren zuzendaritzako kide batzuk ere atxilotu egin zituzten Kanadan joan den urtean, espiatzeaz akusatuta, eta Pekinek enpresari kanadarrak atxilotuz erantzun zuen. Poloniak ere egin zuen atxiloketaren bat Washigntonen nahiak betez. Hauweirena segurtasunaren esparruko auzia izan daiteke, beraz, baina derrigorrezkoa da Txinaren eta AEBen arteko norgehiagoka ekonomiko-komertziala azterketa ariketa batean sartzea.
Suitzan martxan dago 5G
5G sarea ate joka dago,eta milaka milioi euroko negozioa ekarriko die teknologia berrian nagusitasuna lortzen duten konpainiei. Huawei oso aurreratua dago lasterketa horretan, 4Garekin baino 20 aldiz azkarrago nabigatzea ahalbidetuko duen teknologia propioa garatu baitu. Testuinguru hori kontuan hartuta, erraz uler daiteke kalte handia eragin diezaiokeelaespioitza susmoaren itzalak.
Hasteko, Erresuma Batuak 5G sarea bere lurraldean hedatzeko erabakia berraztertuko du. Londresek seguru jakin nahi du «inor ez dela ahaltsuegi bihurtuko», konpainia teknologikoei erreparatuz, eta Huaweiren inguruko susmoen harira. CIAk dio Huaweik 5G teknologia berriaren software-an sartzeko bide bat eman ahal diola Txinako Gobernuari, atzeko atetik. Mendebaldeko konpainiek CIAri berari sarbide bat eman ahal ote dioten ez du aztertu The Times-en informazioak.
Horiek horrela, Europan 5G martxan jarri duen bakarra Suitza da, asteon hain zuzen. Genevan, Lausanan, Basilean eta Zurichen erabilgarri dago jada, Swisscom konpainiaren bidez, eta urtea bukatu aurretik Suitzaren lurraldearen %90era iristekoa da. Swisscom, Salt eta Sunrise konpainiek 330 milioi euro pagatu dizkiote Suitzako estatuari 5G sarea zabaldu eta ustiatzeko. Lehenak Oppo Reno sakelako berria garatu du, 5Grekin aritzeko.
Zer dio Huaweik?
Baina 5G teknologiak badu beste oztopo bat, osasunarekin lotutako alarma piztu baita indarrez. Lausanan 5Garen antenak instalatzeko atzerapen bat onartu dute, teknologia horrek eragin ditzakeen gaixotasunak direla eta. Eta Genevan ere aztertzen ari dira atzerapen horren egokitasuna. Suitza osora hedatu dira 5Gren aurkako ahotsak.
Espioitza arazoekin nahikoa ez, eta osasunarekin lotutakoak oztopo handia bihur daitezkeela ematen du. Izan ere, 5G arriskutsua dela uste dute 37 herrialdetako 170 zientzialarik, eta Europako Batasunari eskatu diote atzerapen orokor bat onartzeko.
Eta zer dio Huaweik espioitza akusazioei aurre egiteko? Atzo, bere egoitza nagusiko ateak ireki zizkien Mendebaldeko kazetariei. «Ez da ulergarria froga teknikorik gabe akusatzea», esan zuen konpainiako ingeniari nagusietako batek. Huaweik argi dauka Donald Trumpek eragotzi egin nahi duela konpainiaren 5G teknologia munduan zabaltzea, eta auzi ekonomiko bat dela hau. Bere antenak jartzeko 40 kontratu egin ditu Huaweik jada, horietako 23 Europan. Kazetariei zibersegurtasun laborategiak nola diharduen erakutsi zien, «erabat independentea» dela aldarrikatzeko. Huaweik 180.000 langile ditu; horietatik 97.000 konpainiaren jabe dira, kooperatiba bat baita. 7.850 milioi euroko irabazia izan zuen iaz, %25 gehiago.
Huaweiren arriskuaz ohartarazi du CIAk, 5G sarea hedatzeko prest dela
'The Times'-ek dio Erresuma Batuari hainbat agiri helarazi dizkiola erakusteko «Txinaren espioitza zerbitzuek» finantzaturiko konpainia bat dela. Huawei munduko bigarren enpresa da jada sektorean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu