Pandemiaren krisi ekonomikoari aurre egiteko suspertze planaren negoziazioek aurrera jarraitzen zuten atzo gauean Bruselan. EBko estatu kideen artean marraztu diren bi bloke argiak nor gehiago ari ziren negoziatzen hegoaldeko herrialdeek premiazkoa duten funtsa eratzeko modua. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek jatorrizko plana aldatu zuen goizean, eta mahai gainean jarritako agiriak desberdintasun garrantzitsu batzuk jaso ditu, Xuhurren Taldea akordiora erakartzeko. Iluntzerako plan berritu horren beste gaurkotze bat espero zuten hainbat kidek.
Edonola ere, plan berrituak 750.000 milioi euroko funtsari eutsi dio, baina oreka aldatu egin da birusagatik gehien kaltetutakoek jasoko lituzketen laguntza zuzenen eta itzuli beharreko maileguen artean. Transferentziak 450.000 milioikoak lirateke, hau da, 50.000 milioi gutxiago, eta maileguak, 300.000 milioikoak: 50.000 milioi gehiago.
Ez du ematen funts horien kopurua oztopo gaindiezina denik. Espainiak eta Italiak ez dute gustuko laguntzak txikitzea, baina amore emateko prest leudeke agian. Benetako arazoa laguntzen baldintza mailan legoke. Izan ere, agiri berriak beto eskubidea ematen die estatu kideei herrialde batek eskatutako laguntzaren inguruan. Xuhurren Taldea gogor ari da betoaren alde jokatzen, Herbehereak buru direla, eta laguntzak erreformekin lotu nahi ditu, eskatzaileen lan merkatuetan eta pentsio sistemetan ezartzeko. Madril eta Erroma ez daude prest halakorik onartzeko.
Beto horrek laguntzak blokeatzeko ahalmena emango lioke Hagari. Laguntzen truke eskainitako erreformak ez baditu gustuko, edo ez badira nahiko sakonak, «emergentzia galga» aktibatzeko eskubidea luke, EBko beste edozein estatu kidek bezala. Goi bilera bat eragingo luke mekanismo horrek, laguntza eskaera zehatzak aztertzeko. Azken erabakia aho batez hartu beharko ote litzatekeen da gakoa, ordea. Espainiak hor jarri du marra gorria.
Txeke handiagoak
Bi blokeek urrun jarraitu zuten goi bileraren bigarren egunean, «ez atzera ez aurrera», Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak esan zuenez iluntzean, baina argitzen hasi da balantza nora erortzen ari den, eta Alemaniak ohartarazi du «denek» amore eman beharko dutela. Berlin eta Paris ados dira suspertze plana«lehenbailehen» adostu behar dela esatean, baina xuhurrak prest agertu dira beste goi bilera bat egiteko, diru laguntzen kopurua gehiago murriztu nahi dute eta. Espainia, Italia eta Frantzia bera —beste hein batean— erlojuaren aurka ari dira. Austeritatearen aldekoek, Frugal Four edo Xuhurren Taldekoek —Herbehereak, Suedia, Danimarka eta Austria— ez dute presarik. Hagak uste du Europar Kontseiluko presidentearen plan berritua «norabide zuzenean egindako urratsa» dela, baina «gai asko argitzeke» ikusten ditu.
Azken planari jarraikiz, kideek 325.000 milioi jasoko lituzkete RFF Suspertzerako eta Erresilientziarako Funtsaren bidez; planaren habe nagusia da hori. Gainontzekoa (125.000 milioi euro) beste programa batzuen bitartez iritsiko litzateke premia duten herrialdeetara, esaterako Kohesio Politikarako Funtsaren bidez (45.000 milioi euro) eta InvestEU planaren bidez (11.500 milioi).
Bada beste aldagai garrantzitsu bat Iparraldeko belatzak gozatzeko. Herrialde aberatsek Batasunaren aurrekontuari egindako ekarpena doitzeko baliatzen diren txekeen kopurua handitu du planak. Ekarpen horiek arintzeko diru gehiago jasoko lukete txekeen bidez. Guztira, Austriak, Alemaniak, Danimarkak, Suediak eta Herbehereek 46.000 milioi euro aurreztuko lituzkete 2021-2027 aldian. Izan ere, aldi horretarako aurrekontua negoziatzen ere ari dira kideak. 1,074 bilioi eurora apaldu du aurrekontua azken planak (1,1 bilioi zen abiapuntua), austeritatearen zaleen alde.
Bilera akordiorik gabe amaituko balitz, hiru aukera zabalduko lirateke. Aldeen posizioen arteko aldearen arabera, baliteke bihar bertan jarraitzea negoziatzen. Uztaila amaitu aurretik beste bilkura bat egitea da bigarren aukera, eta hurrengo goi bilera irailera atzeratzea litzateke hirugarrena. Albiste txarra litzateke hori hegoaldearentzat.
Batasuneko kideak erlojuaren aurka ari dira adostasunaren bila
Eztabaidan duten azken planak laguntza zuzenak murriztu eta maileguak handitzen ditu. Xuhurren Taldeak beto eskubidearen alde dihardu, laguntza zuzenak egiturazko erreformekin lot daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu