24 orduan, hiru erreskate egin dituzte Mediterraneoan. 320 migratzaile nazioarteko uretan daude nork hartuko zain, bi GKE gobernuz kanpoko erakunderen ontzi banatan. Atzo goizean, MSF Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEen Ocean Viking ontziak —Aquarius-en ordezkoak— 80 migratzaile baino gehiago jaso zituen Libiako kostaldean; bezperan, 85 erreskatatu zituen. Orain, 160 migratzaileak hartuko dituen herrialde baten zain daude; Italiak adierazi die haien lurretara joateko debekua. Open Arms GKEaren izen bereko ontziak beste erreskate bat egin zuen atzo: 39 pertsona hartu zituen. Ontzian astebete eman duten 121 errefuxiatuei gehituta, hark ere 160 migratzaile daramatza egun. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Espania, Italia eta Malta interpelatu zituen, irtenbide eske: «Eskualdeko herrialdeei eskatzen diegu pertsona guztiak lehorreratzeko, eta babesa behar dutenei asilorako aukera emateko».
Erreskatearen ostean, Oscar Camps Open Arms GKEko zuzendariak esan zuen jarraituko dutela Mediterraneoan hondoratzeko arriskuan diren ontziak salbatzen: «Itsasoan gauden erakunde humanitariook eutsi egingo diogu, eta dekretuek, isunek, jokabide kodeek [Italiako Gobernuak onartu du bat] eta politikariek ez digute bizitzak salbatzea galaraziko». Open Arms ontziak hamar egun daramatza nazioarteko uretan, Lampedusa (Italia) parean, lehorreratzeko zain.
Hiru operaziotan jaso dituzte 160 migratzaileak: abuztuaren 1ean, 55; hilaren 2an, 69, nahiz eta hurrengo egunean hiru pertsona ebakuatu zituzten, osasun arazoengatik; eta atzo, 39. «Europa ahanzkorrak ez die uzten arriskuan dauden pertsona hauei bide seguruak hartzen. Hala, Europak krimen antolatuari ematen dizkio», esan zuen Campsek.
Atzo erreskatatu zituzten 39 errefuxiatuak Maltaren uretan jaso zituzten. Campsek bideo batean azaldu zuen Maltako agintariek GKEari eskatu ziotela arriskuan zegoen ontziari laguntzeko. Migratzaileak Open Arms-en zeudenean, Maltako armadaren itsasontzi bat joan zen ontzira, eta erakundeari adierazi zioten herrialdearen uretan erreskatatutako 39ak eramango zituela; ez gainontzeko 121ak, ordea.
Maltako Gobernuaren arabera, armadak hasia zuen errefuxiatu horiek erreskatatzeko operazioa, baina Open Arms aurreratu egin zitzaien, Malta Today egunkariak azaldu zuenez. Joseph Muscat lehen ministroak esan zuen herrialdeak ezin dituela haren uretan jaso ez dituzten 121 migratzaileak hartu: «Maltak bere gain har dezake soilik bere ardura, beste irtenbiderik ez dagoen artean».
Open Armsek Twitterren adierazi du Maltaren eskaintza partziala «onartezina» dela, eta «segurtasun arazo larriak» eragin dituela itsasontzian. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak debekatu egin die migratzaileak erreskatatu dituzten ontziei Italian lehorreratzea, eta Espainiako Gobernuari pasatu dio Open Arms-eko errefuxiatuak hartzeko ardura, ontzia han erregistratuta baitago. Madrilgo gobernuak erantzun dio itsasoko nazioarteko zuzenbideak adierazten duela ontziak hurbilen dagoen portura jo behar duela.
Biderik hilgarriena
David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak gutun bat bidali dio aste honetan Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko jarduneko presidenteari, eta Open Arms-en blokeoarekin «berehala» amaitzeko eskatu dio. Migratzaileei laguntzeko esan zion, ondoren «banaketa ekitatiboa» egiteko.
Ocean Viking ontziak bide bera egingo duela dirudi. Egun bakarrean 160 migratzaile erreskatatu ondoren, inor ez dago haiek hartzeko prest. Salvinik Oslo ohartarazi du, ontzia Norvegiakoa baita: «Legeak ez du Italia behartzen identifikatu gabeko migratzaile klandestinoak jasotzera». Joran Kallmyr Norvegiako Justizia eta Immigrazio ministroak telebista publikoan adierazi zuen errefuxiatuak «Afrikara, Tunisiara edo Libiara» eraman behar lituzketela atzera.
Italian eta Maltan lehorreratzeko, EB Europako Batasuneko estatu batek migratzaileak hartzeko eskaera egin behar du aurrez. Open Armsek Alemaniari, Espainiari eta Frantziari eskatu die esku hartzeko; oraingoz, Espainia izan da ezetz esan duen bakarra.
IOM Nazioarteko Migraziorako Erakundearen arabera, munduan heriotza gehien eragiten duen migrazio bidea da Mediterraneo itsasoa: gutxienez 840 lagunek galdu dute bizia han urtea hasi zenetik. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak elkarretaratzea egin zuen atzo Bilboko Moiua plazan, Italiako eta Maltako gobernuen «ezezko kriminala» salatzeko eta herrialdeei eskatzeko harrera egin diezaietela.
NBEk Europa hegoaldeko estatuei eskatu die migratzaileak hartzeko
Malta prest agertu da 'Open Arms' ontziak atzo erreskatatutako 39 migratzaileak jasotzeko, baina ez aurretik ontzian ziren 121ak. 'Ocean Viking' ontziak 160 errefuxiatu jaso ditu, eta ez du nora joanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu