Etxerako bidea, nahia eta ezina

Milaka rohingya atera dira kalera Bangladeshen, haien exodoa eragin zuen sarraskiaren lehen urteurrenean. Saialdiak izan arren, Myanmarrek ez du bermerik eman itzulera seguru baterako

Bangladesh hego-ekialdeko Cox's Bazar hirian manifestatu ziren atzo milaka rohingya, exodoaren hasieraren lehen urteurrenean, «justizia» eske. MONIRUL ALAM / EFE.
ander perez zala
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Myanmarrera itzultzea da Bangladesh hego-ekialdeko Cox's Bazar hirian dauden rohingyen nahia. 700.000k baino gehiagok igaro dute muga iazko abuztutik, jaioterriko Rakhine estatutik —erdia baino gehiago haurrak dira, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera—, eta horietako milaka kalera atera ziren atzo, haien exodo eragin zuen gertakari odoltsuaren lehen urteurrenean. Duela urtebete, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak polizien eta armadaren etxola bati egin zion eraso, eta 12 militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak, 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 rohingya hil zituen. Gertakari horrek eragin zuen exodoa, eta, urtebeteren ostean, ia ezinezko dirudi euren etxerako bidea har dezaketenik.

NBEren arabera, «munduan gehien jazarritako» etnia da rohingya. Myanmar hego-mendebaldekoak dira, eta, musulmanak izanik, baztertuta daude gehiengo budistaren aurrean. 1,3 milioi rohingya inguru bizi dira Rakhinen —populazioaren herena dira—, baina horietako 700.000k baino gehiagok Bangladeshekiko muga igaro behar izan dute, torturen eta atxilotzeen salaketa artean. Horregatik, «justizia» eske atera ziren atzo kalera, eta manifestazio jendetsua egin zuten, Justizia, etxera itzultzea, rohingya, eskubideak lelopean. «Herritartasuna, nazionalitatea lortzea, eta etxera ahalik eta azkarrena itzultzea nahi dugu, gure eskubideekin, segurtasun osoz eta duintasunez», azaldu zuen Mohammad Mohibulla Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Arakango Rohingya Elkartearen presidenteak, manifestazioa amaitzean.

Izan ere, rohingyek Myanmarko Batzorde Militarraren diskriminazioa pairatu dute 1970eko hamarkadatik, eta 1982an herritartasuna ukatu zitzaien. Orduz geroztik, kanpotartzat jotzen dituzte jaioterrian, Rakhine estatuan, eta gehiengo budistak «migratzaile bangladeshtarrak» direla esan ohi du mespretxu osoz. Jazarpen horren aurka borrokatzen da ARSA, eta atzo jakinarazi zuen borroka armatuari eutsiko diola rohingyak eta haien eskubideak defendatzeko.

Iazko abuztuaren 25eko operazio militarrean «garbiketa etnikoa» egitea egotzi zieten armadako soldaduei NBEk eta nazioarteko beste hainbat erakundek, eta «genozidio» zantzuak ikusi zituztela ohartarazi zuten. Armadak eta herrialdeko presidente Aung San Suu Kyik —Bakearen Nobel sariak— ukatu egin zituzten salaketak, eta aste honetan bertan itzulerarako behar adina «berme» daudela adierazi du agintariak, betiere Bangladeshek «itzularazten» baditu: «Guk egin dezakeguna da soilik ongietorria eman mugan».

Irtenbiderik ez

Iazko azaroan, exodoa gertatu eta hiru hilabetera lortu zuten akordio bat Myanmarko eta Bangladeshko gobernuek, rohingyak Rakhinera itzultzeko. NBEk hitzartutakoari babesa eman zion arren, errefuxiatuek ez zuten itzulerako bidea hartu.

Akordioak akordio, NBEk berak eta nazioarteko beste hainbat erakundek —Amnesty Internationalek eta Human Rights Watchek, esaterako— salatu dute egun ezinezkoa dela itzulera segurua bermatzea. «NBEk uste du egun ez dela existitzen rohingyen itzulerarako testuinguru seguru, iraunkor eta duinik», ziurtatu zuen atzo Paul Vrieze Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Myanmarko bozeramaileak.

Nazioarteko justiziaren ikuspuntutik, gobernuz kanpoko hainbat erakundek Myanmarko Gobernua eta armada NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzeko aukeraz aritu izan dira hilabeteotan, baina oraindik ez dute pauso formalik eman. Bien bitartean, herenegun, sarraskiaren eta exodoaren urteurrenaren bezperan, Asia hego-ekialdeko bost herrialdetako 132 diputatuk aukera horren alde egiteko agiri baten berri eman zuten; ia urtebeteko epean eskualdean egindako salaketa bateratu garrantzitsuena izan zen.

Sinatzaileen izenean mintzatu zen Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren Giza Eskubideen Aldeko Diputatuen kide Charles Santiago, Malaysian boterean dagoen alderdiaren politikarietako bat: «Myanmar bere burua ikertzeko gai ez denez, edo nahi ez duenez, egun egoera batean gaude non nazioarteak pausoak eman behar dituen. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari eskatzen diogu NZAra jo dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.