Gutiziarik kutsagarriena

Europan eginiko hegaldi pribatuen kopurua %64 hazi zen iaz, eta haiek eragindako CO2 emisioak bikoiztu egin ziren. Ekologistek neurriak zorrozteko eskatu dute.

Herbeheretako ekologista talde batek Amsterdamgo Schipol aireportuan eginiko protesta ekintza. REMKO DE WAAL / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Lionel Messi Paris Saint Germain futbol taldeko izarrak 52 aldiz erabili zuen bere hegazkin pribatua iazko ekainetik irailera. Tartean, 300 kilometro eskaseko bidaia bat egiteko erabili zuen, Paris eta Naoned (Bretainia) artean. Hegaldi horiek 1.502 tona CO2 isuri zituzten guztira, Frantziako herritar batek 150 urtean adina, eta auziak zeresan handia eman zuen iritzi publikoan. Besteak beste, Alain Krakovitch SNCF tren konpainiako zuzendarietako batek hartu zuen hitza, eta sare sozialen bitartez gogoratu zion Messiri trenez bi orduan egin daitekeela Paris eta Naoned arteko bidea.

Iraupenaren datua garrantzitsua da, Frantziako Gobernua hegazkin pribatuen erabilera arautzea aztertzen ari baita, eta Europako Batasunera zabaldu nahi du asmoa. Eraginkortasun energetikoa eta kutsadura murriztea dira arauaren helburuak. Bi aukera aztertzen ari da; batetik, trenez—AHTak sare zabala du Frantzian— bi ordu eta erdian egindaitezkeen ibilbideetako hegaldiak debekatzea; eta, bestetik, hegaldi pribatuak sartzea CO2 emisioak zorpetzeko lege proposamenean.

Ekologistek neurri horiek eta gehiago eskatu dituzte, eta Greenpeacek txosten mardula egin du bere eskaera argudiatzeko. Haren arabera, Messiren 300 kilometroko hegaldia iaz Europan egin ziren 572.000 hegaldi pribatuetako bat izan zen. 2021arekin alderatuta, hegaldi kopurua %64 handitu zen, eta haiek isuritako CO2 tonak bikoiztu egin ziren. 2021ean 1,6 milioi tona isuri zituzten hegaldi pribatuek; iaz, aldiz, 3,3 milioi tona izan ziren. Alderatzen jarrita, Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiak 2,6 milioi tona isurtzen ditu urtean.

«Hegazkinek izugarri kutsatzen dute, eta ez dira beharrezkoak gehienetan. Milioika pertsona klima aldaketa pairatzen ari dira, eta bitartean gutxiengo bat bihar eguzkiak argituko ez balu bezala ari da erregai astuna erretzen». Salaketa Doug Parrena da, Erresuma Batuko Greenpeaceren programa buruarena.

Bidaiari kopurua kontuan hartuta, hegazkin pribatu batek komertzial batek baino hamalau aldiz gehiago kutsatzen du, eta tren batek baino 50 aldiz gehiago. Europan iaz eginiko hegaldi pribatu bakoitzak 5,9 tona CO2 isuri zituen batez beste, gasolina auto batek 23.000 kilometro egiten kutsatuko lukeen adina. Munduan errepidez egin daitekeen bidaia luzeena da hori: Lurmutur Hiritik (Hegoafrika) Vladivostokeraino (Errusia), hain zuzen.

Trenak badaude

Hegaldi pribatu horien %55 750 kilometrotik beherakoak izan ziren, eta %24, berriz, 251 eta 500 kilometro artekoak. Greenpeacek salatu duenez, hegazkin pribatuek Europan egiten dituzten bidaia gehienek haiek ordezkatzeko balioko luketen tren konexio onak dituzte. Esaterako, iaz 3.357 hegaldi pribatu egon ziren Londres eta Paris artean; hura izan zen ibilbide ohikoena. Bada, egunero hamar tren zerbitzu daude bide hori bi ordu eta hamazazpi minutu eta bi ordu eta 37 minutuko tartean egiten dutenak. Paris eta Genevaren (Suitza) arteko bidaia da bigarrena zerrendan (2.745 hegaldi), eta hori ere trenez egin daiteke hiru ordu eta hamabost minutuan. Egunero zortzi daude. Hirugarrena Paris-Niza (Frantzia) hegaldia da (1.671 guztira), eta bide hori zazpi orduan egin daiteke trenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.