Indar erakustaldia. Hala definitu zuten atzo Frantziako sindikatuek erretreten erreformaren aurka egindako mobilizazio eguna, laugarrena urtarrilaren 19tik. Deitzaileen eta Poliziaren zenbaketak gorabehera, ehunka milaka lagun irten ziren kalera herrialde osoan —milioi bat eta 2,5 milioi artean—. Atzoko eguna gorriz azpimarratu zuten sindikatuek: ez da ohikoa halako protesta bat larunbat batean egitea, baina jaieguna baliatu nahi zuten ahalik eta adin eta sektore gehienetako pertsonak biltzeko eta giharra erakusteko. Lortu zutela nabarmendu zuten, eta protestekin jarraitzeko eta horiek «gogortzeko» asmoa agertu zuten. Ohar bateratu batean, Emmanuel Macron presidenteari ohartarazi zioten herrialdea «gelditzeko» gai direla, eta epe bat jarri diote horretarako: martxoaren 7a.
Erretreta adina 64 urtera luzatu nahi duen egitasmoak dagoeneko hasi du tramitazioa, eta espero da datorren ostiralean amaitzea Asanbleako eztabaida, gero Senatura bidaltzeko. Hain justu, egun bat lehenagorako, ostegunerako beste mobilizazio handi bat antolatu dute sindikatuek. Azpimarratu dutenez, «kaleko gaitzespena» eta protestekin jarraitzeko agertu duten «erabakitasuna» bera nahikoa izan beharko luke erreforma gelditzeko. Hala ere, ohartarazi dute politikariek «entzungor» jarraitzen badute, «langileei, gazteei eta erretiratuei» mugimendua «gogortzeko» deia egingo dietela, «martxoaren 7an Frantzia geldiarazteko».
Herrialdea gelditzeak zer esan nahi duen galdetuta, Frantziako lehen sindikatu CFDTko idazkari nagusi Laurent Bergerrek erantzun zuen orain arte mobilizazioak manifestazioetan oinarritu direla bereziki, baina martxoaren 7an «gauzak alda» litezkeela. Dena den, zehaztu zuen ez dela greba orokorrerako dei bat. «Sindikatuen erabakitasunaren erakustaldi bat egin nahi da, eta, beti bezala,modu baketsuan». Gaineratu zuen protesta horiek «jarduera ekonomiko jakin batzuk blokeatzea» ekar lezaketela, baina horietan greba mugagabera deitzea ere baztertu dutela, «oraingoz behintzat». CGTko idazkari nagusi Philippe Martinezek, berriz, azpimarratu zuen hori gertatzea ala ez «gobernuaren eskuetan» dagoela. Bi buruzagiek aitortu zuten sindikatuen artean jarrera ezberdinak daudela mobilizazioen intentsitateari buruz, baina ziurtatu zuten bat eginda jarraituko dutela, «erreforma atzera bota arte».
Atzoko protestak baketsuak izan ziren. Parisen istilu bakan batzuen berri eman zuen prefeturak, baina manifestaziotik kanpo zegoen talde batek eragin zituela zehaztu zuen. Auto bat irauli, eta su eman zioten, eta banku, aseguru etxe eta janari lasterreko jatetxe batzuetako leihoak hondatzen saiatu ziren. Atxiloketa gutxi batzuen berri eman zuen Poliziak. Larunbata izanik, grebara ere ez zuten deitu, baina Paris-Orlyko aireportuan egindako «lanuzte sorpresa» batengatik bertan behera utzi zituzten programatuta zeuden hegaldi ugari.
Protesta jendetsua Baionan
Ipar Euskal Herrian ere aurreko egunetako protestetan baino jende gehiago bildu zen atzo, kopuruetan gorabeherak egon arren: deitzaileen arabera, 12.000 inguru izan ziren, eta Poliziarentzat, 10.000. Sindikatuek nabarmendu dutenez, mobilizazioekin hasi zirenetik, beren afiliatuen kopuruak gora egin du.
Erretreten erreformarentzat egun erabakigarriak dira, eta Macronek oraindik ez du argi aurrera aterako duen ala ez. Gobernua babesten duten hiru alderdien babesarekin ez du aski, eta falta zaizkion botoak soilik LR Errepublikanotik lor ditzake; gainera, gobernuko alderdietako hautetsi batzuk ere ez daude eroso. Macronek baditu aukera batzuk egitasmoa bozketarik gabe onartzeko, baina arazo handiak ekar diezazkiokete.
Sindikatuek Macroni ohartarazi diote «Frantzia gelditzeko» giharra dutela
Laugarrenez milaka lagun irten dira kalera erretreten erreformaren aurka. Ostegunean mobilizatuko dira berriro, eta, gobernuak atzera egiten ez badu, protesta handi bat iragarri dute martxoaren 7rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu