Konstituzio berria bozkatuko dute gaur Txilen, albiste faltsuen artean

Hamabost milioitik gora txiletar daude deituta botoa ematera. Eskuinak gezurrak eta beldurra zabaldu ditu. Kalean aldekoak nagusitu dira, eta inkestek iragarri dute ezezkoak irabaziko duela

Konstituzio berriaren aldekoak, Valparaison, kanpaina itxierako ekitaldian, ostegunean. CRISTOBAL BASAURE / EFE.
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Txiletarrek konstituzioa aldatzea bozkatuko dute gaur, plebiszitu batean. 1980. urtekoa da orain indarrean dagoena, Augusto Pinochet diktadoreak eta hamazazpi urtez agintean izan zen junta militarrak idatzi zutena. Gaur bozkatuko dutena, berriz, Biltzar Konstituziogileak iazko uztailetik joan den uztailera idatzi duena da, Txile estatu parekidea, plurinazionala, soziala eta ekologikoa izendatzen duena.

Ikusi gehiago:Tammy Pustilnick, konstituziogilea: «Oinarrizko eskubideen katalogo berri bat osatu dugu»

Iragan ostegunean itxi zuten kanpaina konstituzio berriaren aldekoek eta kontrakoek. Santiagon, aldekoen ekitaldian, 500.000 pertsona elkartu ziren, antolatzaileen arabera; kontrakoenean, askoz ere gutxiago. Joera hori izan dute azken asteetako mobilizazioek, eta, kaleari erreparatuta, aldekoak gehiago dira.

Inkestek ez diote hori, ordea: iragarri dute herritarrek atzera botako dutela konstituzio berria —batez beste, hamar punturen aldearekin—, baina sinesgarritasun handirik gabe. Inkestak manipulatuta daudelako ustea oso zabalduta dago Txilen. Botere faktikoek azken 50 urteetan izan dituzten pribilegioak kenduko baititu konstituzio berriak.

Ikusi gehiago:Javier Manzi, feminista: «Abortua konstituzioan egotea eredu izango da nazioartean»

«Inkestek iragartzen zuten jende gutxi etorriko ginela», esan zuen Bombo Fica umoristak, Santiagoko konstituzio berriaren aldekoen kanpaina itxiera ekitaldian. 2019an matxinada soziala izan zenetik, inkestek ez dute bete-betean asmatu inongo bozketetako emaitzarik.


Kanpaina zikina izan da azken bi hilabeteetakoa, eta azken egunetan indarkeriak zipriztindu du. Hector Llaitul buruzagi maputxearen atxiloketaz gain, Gonzalo de la Carrera eskuineko diputatuak Alexis Sepulveda sozialdemokrata jo du aste honetan Kongresuan, eta joan den ostegunean ezezagun batzuek Gabriel Boric presidentearen anaia jo zutela kalean.

Zenbait militar eta enpresari, gainera, estatu kolpe baten eta ezkerrako militanteak fusilatzearen alde mintzatu dira jendaurrean.

Ikusi gehiago:Miguel Littin, zinemagilea: «Allendek nahiko zukeen konstituzioa da»

Eskuinak albiste faltsuekin nahastu du konstituzio berriaren edukia eta kanpainako giroa. Hainbestekoa izan da manipulazio saiakera, Servel Txileko hauteskunde zerbitzuak ere ohar bat atera behar izan baitu hori salatzeko. Albiste faltsuek zabaldu dutenez, konstituzio berriarekin, bandera desagertu egingo da, jabetza pribatuaren kontra egingo du eta estatuak etxea kenduko die herritarrei, haurdunaldiaren amaierara arte abortatu ahal izango da, hil den pertsona baten ondorengoek ezingo dute eskuratu horrek pentsio funts batean urteetan erretirorako sartu duen dirua eta maputxeek inpunitatea izango dute.

Gainera, Biltzar Konstituziogilearen zilegitasuna ere auzitan jarri nahi izan du eskuinak. Esan du baztertzailea eta sektarioa dela. Datuek, ordea, gezurtatu egiten dute hori: iaz biltzarkideak aukeratzeko egin zen bozketan, pandemian, herritarren %51k hartu zuen parte —azken urteetan izan den parte hartzerik handiena—, eta konstituzio berriko artikulu bakoitza biltzarkideen bi herenen babesarekin onartu da —hori zen araua—; hainbat kasutan, eskuineko biltzarkide batzuen babesarekin. Batez beste, 154 biltzarkidetatik 117ren babesa izan dute artikuluek.

Ikusi gehiago:Lieta Vivaldi, unibertsitate irakaslea: «Konstituzio berriak bizitza jartzen du erdigunean, enfasi handiz»

Eskuinak argudiatu du konstituzio hori baztertu behar dela, prozesu konstituzionala hasierara eraman eta beste bat egiteko. Konstituzio berriaren aldekoek, ordea, azpimarratu dute gezurra dela hori, konstituzio hau atzera botaz gero, Pinochetenak jarraituko duela indarrean, eta eskuinak ez duela asmorik hori aldatzeko, inoiz ez duelako aldatu nahi izan. «Konstituzio hau [1980koa] hala definituko nuke: demokratikoa da, autoritate zentzu handi batekin. Ezin dugu lehengo demokraziaz hitz egin, zeinetan autoritatea suntsitu egin zen», esan zuen Pinochetek 1980ean konstituzio haren inguruan.


Ezkerreko eta zentroko indarren argudioa kontrakoa da: testuak akatsak baditu ere, onartu egin behar dela, gero fintzeko. «Pablo Milanesen abesti bat dakarkit gogora, zeinak esaten duen ez dela akatsik gabekoa, baina hurbiltzen dela nik beti amestu nuen horretara. Alde nago», esan du duela gutxi Michelle Bachelet presidente ohiak.

Abuztuaren 11n ezkerreko indarrek akordio bat sinatu zuten, konstituzio berria onartu ondoren hori hobetzeko. Konstituzioa egokitzea ohiko praktika bat izan da Txilen; 1980ko konstituzioa 60 aldiz erreformatu dute, diktaduran eta demokrazian.

Ikusi gehiago:Gloria Helgueta, diktadurak desagerrarazi zuen atxilotu baten arreba: «Txile eraldatzen jarraitzeko aukera ematen du konstituzio berriak»

Oro har, konstituzio berriaren kontrako joerak bere alde izan ditu eskuina, hedabide nagusiak, inkestak eta dohaintzak. Servelen arabera, abuztuaren 31rako aukera horrek hiru milioi euro baino gehiago jaso zituen ekarpenetan kanpainarako —ekarpen guztien %82—. Aldekoen kanpainak, berriz, 636.000 euro —%18—.

Konstituzio berriak, berriz, alde ditu ezkerreko eta zentroko indarrak, ikasleen sindikatuak, mugimendu sozialak, memoriaren alde eta giza eskubideen alde lan egiten duten elkarteak, jatorrizko nazioen hainbat buruzagi eta 8M Koordinakunde Feminista. «Gure botoa erabakigarria izango da», esan dute feministek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.