Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Arnasguneetan zer erronka eta asmo dituzte hizkuntza politikari dagokionez? Arnasguneen garapena eta hizkuntzaren normalizazioa politika publiko guztietan ote dago, eta zeharkako izaera ote du? Horiei eta beste hainbat galderari erantzun zieten atzo, Donostian, Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak mahai inguruan. Euskalgintzaren Kontseiluak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza: arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldietan egin zuten saioa, eta Olatz Peon, Oier Oiarbide eta Joseba Otondo Tolosako, Gabiriako (Gipuzkoa) eta Baztango (Nafarroa) alkateak aritu ziren hizlari, eta Kontseiluko Iker Salaberriak egin zituen aurkezle eta moderatzaile lanak.

Antolatzaileek hainbat jitetako herrien ordezkariak gonbidatu dituzte saiora. Tolosa eskualdeburua da, eta, Peonen arabera, «herri euskalduna da nagusiki». Hori berresten dute 2019ko kale neurketek ere: elkarrizketen erdiak baino gehiago izan ziren euskaraz. Baztanen, berriz, ezagutza mantentzen ari dira azken urteetan, baina euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua apaltzen ari da, baita etxean hura erabiltzen dutenen kopurua ere; aldiz, kale erabileran goranzko joera dute. Gabiriaren kasuan, euskara oso presente dutela nabarmendu du alkateak: «Egiten diren ekitaldi denak euskaraz dira; saiatzen gara kanpotik etorri eta ez dakitenei euskara eskolak ematen...».

Zeharkakotasunerantz

Hizkuntza politika orokorrei buruz ere aritu dira. Zehazki, hizkuntza politiken zeharkakotasunaz jardun dute, eta aztertu nola eragiten duten politika publikoek hizkuntzaren normalizazioan eta arnasguneen garapenean. Oiarbidek gorago dituzten erakundeetan ikusten ditu arazoak, herri mailan baino gehiago: «Zeharkakotasunaren inguruan esango nuke gure herrian enplegu guztietan hizkuntza baldintzak jartzen ditugula, zehatz betearazten ditugula, egiten diren gauza guztiak euskara hutsean egiten saiatzen garela... Baina zera ikusten dugu: zenbat eta entitate handiagoetara joan, zailtasun gehiago daudela gauzak euskaraz egiteko». Adibide batzuk jarri ditu: pandemian arau berriekin iritsitako oharrak gazteleraz jasotzea, Goierrin langabeentzako ikastaroak gazteleraz izatea... Gainera, salatu du euskarari dagozkion erabakiak herri handienen esku uzten dituztela: «Foru aldunditik datozen bilera deialdi denak goizez izaten dira, eta aste barruan. Herri txiki bateko udalean dagoen pertsona batek %90ean ezingo du joan. Zein joan daiteke? Herri handietako liberatuak edo haien teknikariak. Horrela zeharkakotasunak funtzionatzea zaila da, erabakiak beti berdinek hartuko baitituzte».

Eta, egoera ikusita, zer erronka dituzte etorkizunerako? «Pentsatzen dut udal gehientsuenetan erronka bertsuak ditugula hizkuntza politikan, batez ere herritarren ezagutza nahiko kozkorra den inguruetan; horietan, erronka nagusia erabilera da», nabarmendu du Otondok. Gazteen erabileran «gainbehera kezkagarria» ikusten du, eta eskolaz kanpoko eremuetan lan egin beharra: «Eskolaz kanpoko arloetan etaeguneroko bizitzako arloetan lan egin behar da, horiek ere euskalduntzeko». «Kontzientzia galerari» erreparatu dio Oiarbidek: «Kontzientzia galera hori gerta daiteke, ez konturatzea: 'Alde egiten ari zaigu'. Egoera batzuetan, agian, uzten ari gara, erosotasun horretan sartuta». Horri buelta emateko moduren bat aurkitu nahi dute: «Nolabait bilatu beharrean gaude ea nola sartu diezaiokegun jendeari buruan zer garrantzia daukan guk normaltzat hartuta daukagun bizimodu horrek. Hori da gure erronka nagusia». Besteak beste, atzerritik etorritakoei begira jarri da Peon; hain zuzen, horiei egiten zaien harrerari erreparatu dio: «Portzentajea [atzerritik etorritakoena] berez ez da oso handia, baina tamaina txikiko herrietan eragin linguistiko handia izaten ari da. Herritar horiek gure kulturara eta hizkuntzara gerturatu behar ditugu, jakinik haiengandik ere asko dugula jasotzeko».Beste erronka bat ere aipatu du: «Lan munduan, ikasketa prozesuetan, euskara txertatzeko beharra dago».

Hainbat ondorio

Arnasguneen inguruan hausnartzeko, Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak mahaiinguruaz gain, beste hainbat saio ere egin dituzte. Amaieran, ondorioak plazaratu dituzte Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok.

Haien hitzetan, jardunaldietan argi geratu da indarrean jarraitzen dutela arnasguneen garapenera begira jarritako hiru ardatzek —garapen sozioekonomikoak, soziokulturalak eta sozioekologikoak—, baita zazpi erronkek ere: garapen demolinguistiko jasangarria eta orekatua, garapen sozioekonomiko sistemikoa eta endogenoa, tokiko oinarrizko zerbitzuen garapena... Gainera, nabarmendu dutenez, agerian geratu da arnasguneen zaurgarritasuna, baina, aldi berean, pandemia garaian arnasguneetako bizi moldeak bestelako aukerak ematen dituela ere bai. Hizkuntza normalizazioa zeharkakotasunez lantzeko dagoen beharra ere aipatu dute, baita beharrezkoa dela ere politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea. Azkenik, ikusi dute ezinbestekoa dela arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege esparru bat garatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.