Bi estatuen artean

Frantziako Kasazio Auzitegiak hilaren 18an ebatziko du David Plaren aurkako euroagindu eskaera. Ez Espainiaratuz gero, Parisek konfinatzea da aukera bat

David Pla euskal preso ohia, joan den asteartean, Hendaian, Frantziako polizia etxean sinatu ondoren. BERRIA.
enekoitz esnaola
Hendaia
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egoera berezi batean dago David Pla (Iruñea, 1975) euskal preso ohia: Frantziak urtebetez bere lurraldean bizitzeko debekua ezarria dio, baina neurria geldirik dauka Espainiaren euroagindu eskaera ebatzi artean. Hil honen 18an ebatziko du Parisko Kasazio Auzitegiak. Ez badu euroagindua onartzen, Frantziak ez du Pla Madrilen esku utziko, baina, debekua dela eta, neurri bereziren bat hartu beharrean legoke. Aukera bat da preso ohia Frantziako Estatuko lurraldean konfinatzea. Hendaian (Lapurdi) bizi da Pla, familiarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak (h)Alboka auzian du sartua, ETAko kide izatea egotzita. Pla —aurten— Parisek akusazio horregatik epaitu eta zigortua duenez, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu.

Joan den apirilean atera zen espetxetik, eta bere egoera «argitu zain» dago eguneroko bizimodua «antolatzen» hasteko. Oraingoz, astean bitan joan behar izaten du Hendaiako polizia etxera sinatzera, eta ezin da Frantziako Estatutik irten. Urtebeteko debekuaren neurria ez zioten sententzian ezarri —joan den otsailean kondenatu zuten, bost urteko kartzelara—, baizik eta ondoren, bide administratibotik.

Azaroaren 20an Dei Auzitegiko instrukzio ganberak onartu egin zuen Espainiaren euroagindu eskaera, eta defentsak Kasazio Auzitegian helegitea aurkeztu zuen. Hilaren 18an erabakiaren berri emateko —ez da auzi saiorik izango—, auzitegia ez da mamian edo auzian bertan sartuko; prozedura akatsak badiren aztertuko du.

Espainiaren aurkako froga

Irailean aztertu zuten euroagindu eskaera. Espainiak esaten du Plak 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat izan zuela etakide batekin, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak frogatu zuen Pla orduan ez zegoela han, baizik eta Paris aldean, euskal preso bat bisitatzen. Plak BERRIAri azaldu dio Frantziako Poliziak berak egiaztatu izan duela hori. «Joan den otsailean Parisen egin ziguten epaiketan atera zen 2008ko ustezko bilera haren aipamena: Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batean ikusi zen zuzena ez den datu batean oinarritzen dela Espainia euroagindua eskatzeko, ni ez nintzelako izan ustezko bilera horretan. Izan ere, bere garaian Poliziak Fresnesko espetxera deitu zuen, eta erregistroan agertzen da ni 2008ko maiatzaren 17an euskal preso bat bisitatzen izan nintzela». Zehazki, Kizkitza Gil de San Vicente bisitatzen. Cachenaut abokatuak Poliziak horriburuz daukan akta eman izan die epaileei. Dena den, froga hori ez zen aski izan Dei Auzitegiak euroagindu eskaera ez onartzeko.

Cachenautek auzi saioetan defenditu duen moduan, Plak dio mamian sartu gabe ere badela euroagindu eskaera errefusatzeko argudiorik. Bi, zehazki: batetik, Espainiak aipatzen duen gertakaria Frantziako Estatuko lurraldean gertatu zen; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuen —gainera, epaileak egun gutxira hura kargurik gabe libre utzi zuen—. «Orain arte argudio horiekin Frantziako bost epaitegitan euskal auzietan euroagindu eskaerak baztertu egin dituzte. Beraz, Dei Auzitegiak nire kasua atzera botatzeko aukera asko ikusten genituen, baina...», dio euskal preso ohi eta konponbiderako ETAren ordezkaritzako kide izanak.

Espainiaratuz gero, segituan eramango dute epailearen aurrera, eta ikusiko da behin-behinean kartzelara bidaliko ala baldintzapean-edo aske utziko duen, eta, libre geratuko balitz, Parisen debekuagatik Hendaiara bueltatzerik balukeen. Etakidetzat jota, ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen die (h)Alboka auzikoei Madrilek.

«Konponbideari» heltzeke

Zortzi urte dira ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuela, eta urte eta erdi desegin zela. Plak iritzi dio Frantziak eman dituela pauso batzuk gatazkaren ondorioen atalean, «baina haren eremu batzuetan orain arteko ildoa segitzeko gogo edo inertzia bat dago, pentsatzen dutelako politikoki hori dela egokia, eta hor dago, era berean, Guardia Zibilarekin, Espainiako epaileekin eta abarrekin aspalditik duten lotura. Parisek gestio propio batzuk egin ditu armagabetzean eta hurbilketetan, baina oraindik ez da sartu gatazkaren ondorioen konponbidearen gakoetan; presoen etxeratzearen auziari ez dio heldu». Baldintzapeko askatasun eskaera ia guzti-guztiak oztopatu izanajarri du adibide modura. «[Frederic Haranburu] Xistor-ren kasuan, gainera, esaten dute ordenapublikorako arriskua legokeelahura libre utziz gero... Alderantzizkoa gertatzen da, ordea: Justiziaren trabek ezinegon eta haserre sozial bat sorrarazten dute».

David Plak uste du Espainiak «pisu handia» duela Frantziaren erabaki judizialetan, eta Madrilen jarrera salatu du, «gezurrekin» jokatzen duelako. Gogoratu du Espainiako jarduneko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak berak eskatu zuela bere garaian bere aurkako euroagindua.

Garrantzitzutzat jo du Frantziarekin «fase berri batean sartzeko» Ipar Euskal Herrian «bat eginda eta herri gisa» segitzea. «Badago erabakitasuna, eta mimatu egin behar da eredu hori», esan du. «Frantziak ez badie irtenbidea ematen Ipar Euskal Herrian nabarmen partekatzen diren aldarrikapenei, Parisekin talkan inoiz egon gabeko sektore batzuek ere ikus dezakete herri gisa erasoa jasaten dutela. Hausnartu beharko luke Frantziak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.