PSE-EE «funtsezkoa dela frogatuta» utziko du kargua Idoia Mendiak

Eneko Anduezak hartuko du idazkari nagusi kargua alderdiaren IX. kongresuan. Idoia Mendiaren Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena onartu dute, botoen %99,4rekin

Idoia Mendia eta Eneko Andueza, atzo, PSE-EEren kongresuan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
PSE-EE alderdiaren IX. kongresua egiten ari dira asteburuan Bilboko Euskalduna jauregian, Hasiera berri bat lelopean. Bertan, Eneko Anduezak hartuko du Idoia Mendiaren erreleboa idazkari nagusi karguan. Atzo, Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena aurkeztu zuen Mendiak 350 ordezkariren aurrean, eta onartu egin zuten, botoen %99,4rekin. Biltzar Ttipiak eta Etika Komisioak egindako lana ere babestu zuten.

Azken zazpi urteetako —2014an izendatu zuten idazkari nagusi— lanaren balorazioa egin du Mendiak: «Ekintzekin frogatu dugu gure funtsezko papera euskal gizartean. Lortu egin dugu, eta harro esan dezakegu». Egindako lanak isla izan duela ziurtatu du: «Euskadiko egungo proiektuak sozialisten seilua darama». Haren iritziz, lortu dute «posizio erabakigarrian egotea», eta «etorkizuneko edozein proiektutarako ezinbestekoak» izatea.

Mendiaren hitzetan, herritarrek argi dute zein den PSE-EEren iritzia «gai guztietan»: «Euskal herritar guztiek argi dute gure iritzia gai desberdinei buruz. Alderdi serioa eta sinesgarria gara. Denek ezin dute gauza bera esan». Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean izan duten jarrera nabarmendu du. «Lan serioa eta sakona» egin dutela adierazi du, eta, ondorioz, denek dakitela zer pentsatzen duten: «Estatutuaren erreforma batek ezin du jaso legezkoa dena gainditzen duen proposamenik, ezta konstituzioa atzeko atetik aldatzen ahalegintzen denik ere».

Gogoan izan ditu «terrorearen biktima guztiak eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenak», eta gaitzetsi egin du «desberdinaren deuseztapena»: «Proiektu politiko bat indarrez inposatu nahi izan zutenen bidegabekeria sakona salatu nahi dut, baita antzeko bat desagerrarazteko estatu arrazoietan ezkutatu zirenena ere. Gure oroimenean dago biktima horietako bakoitza, salbuespenik gabe». Izen batzuk aipatu ditu: Santi Brouard, Josu Muguruza, Jose Benito Sanchez, Benjamin Sancho eta Ernest Lluch.

Espainiari ere erreparatu dio Mendiak. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak iraungo du: «Luzerako daukagu Pedro Sanchezen gobernua. Legealdi honetarako eta gehiagorako», haren arabera.

Agurreko egunean, Mendia ez da bakarrik egon. Bertan izan dira, besteak beste, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Diana Morant Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu eta PSE-EEren kongresuaren presidentea, baita CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak ere. Hurtadok esan du «harro» daudela Mendiaren lidergoaz, «alderdiaren buru izateko ausardia erakutsi baitzuen garai zail batean». Gainera, Hurtadorentzat «eredu» izan da Mendia, PSE-EE gaur egun dagoen egoerara eramateagatik. Nabarmendu du erakunde guztietan daudela, «sendo», eta «batuta». Halere, esan du Mendiarena ez dela agur bat, haren rola Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde gisa eta Batzorde Federalean «gakoa» izango delako «euskal sozialistentzat eta Espainiako sozialismoarentzat».

Aurrerantzean «eskuak aske dituela» egingo du lan Anduezak, Mendiaren hitzetan. «Berrikusi behar dena berrikusteko, exijitu behar dena exijitzeko eta konpondu behar den guztia konpontzeko aukera» izango duela nabarmendu du. Afiliatuek urriaren 30ean aukeratu zuten Andueza alderdiko idazkari nagusi izateko.Aise nagusitu zitzaion Anduezaren hautagaitza Soraya Morlarenari. Zehazki, afiliatuen %95,3k egin zuten haren alde.

Gaur, amaiera

Kongresuak gaur izango du segida. Besteak beste, Batzorde Betearazlea bozkatuko dute, baita Biltzar Ttipia, Etika Komisioa eta Batzar Federala ere. Gainera, Eneko Anduezak lehen hitzaldia emango du alderdiaren idazkari nagusi gisa, eta Pedro Sanchezen hitzaldiarekin bukatuko da kongresua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.