Zaldibarko zabortegiko enpresa likidatzen hasi dira haren jabeak

Verter Recyclingek enpresa desegiteko erabakia argitaratu du Merkataritza Erregistroaren Aldizkarian. Jaurlaritzak adierazi du «prozeduran aurreikusitako urratsekin» segitzen duela

Zabortegia egonkortu eta ixteko lanak ia erabat bukatu zituzten abuztuaren 31n. Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko lanak maiatzean utzi zituzten. BERRIA.
Mikel P. Ansa - Imanol Magro Eizmendi - Iñaki Petxarroman
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Urrats bat bestearen atzetik, Zaldibarko zabortegiaren jabeek enpresa likidatzeko bidea hartu dute. Irailaren hasieran, Verter Recyclingen abokatuek akordioa egin zuten Bizkaiko zakartegi horretan hildako bi langileen familiekin eta fiskalarekin. Auzia akordioarekin artxibatuta, handik bi aste eta erdira argitaratu zuten enpresa desegiteko erabakia.

Irailaren 19an, Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzaile eta jabeak presidente izateari utzi zion, eta bi egun geroago, Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Verter Recycling 2002 SM enpresa likidatzeko erabakiaren berri. Barinagaren bi iloba izendatu dituzte likidatzaile, zabortegiaren kudeatzailea zena bata, Arrate Bilbao Barinaga, eta enpresaren akziodunetako bat bestea, Elena Susaeta Barinaga.

Enpresa desegiteko erabakia publikatzeak ez du esan nahi berehala desegingo denik. Prozesuaren hasiera besterik ez da, eta, hemendik aurrera, likidatzaileek arduratu beharko dute enpresaren erantzukizun administratibo eta juridikoez. Batetik, Verterren zordunekin akordioak egin beharko dituzte, eta horien artean Eusko Jaurlaritzarekin dauka zorrik handiena oraintxe bertan.

30 milioitik gorako gastua

Zabortegia amildu zenean, administrazio publikoak bere gain hartu zituen desagertutako bi langileak aurkitzeko lanak, zabortegia egonkortzekoak ere bai, eta gero, hondakinak bildu, eremua segurtatu eta zabortegia zigilatzeko lanak. Datua eguneratu gabe dago, baina ekainerako 26 milioi eurotik gorako kostua pilatua zuen Jaurlaritzak lan horietan. Abuztuaren 31n eman zituzten bukatutzat lanak, eta maiatzetik abuztura kostuak handitu egingo ziren, baina azken datua ez da publiko egin. Nolanahi ere, obretan aritu diren enpresek dagoeneko jaso dute zatirik handiena: Moyua eraikuntza enpresak, esate baterako, 26 milioi euro kobratuak ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, hiru milioi eurotik gorako gastua egin zuen AP-8 autobideko kalteak konpontzeko. Hortaz, administrazio publikoak 30 milioi eurotik gorako gastua egin du hondamendi haren osteko lanetan. Jaurlaritzak hasieratik esan zuen subsidiarioki helduko ziela lanei —enpresak adierazi zuelako ez zela gai obra horiek bere gain hartzeko—, baina enpresak egin beharko zuela horien kargu.

Joan den ekainean, 3,4 milioi euroko faktura bat igorri zion Jaurlaritzak Verterri, subsidiarioki egindako lan horien lehen zatia kobratzeko. Hortik aurrera, ez da publiko egin enpresa lanen kostua ordaintzen ari ote den, edo zenbat ordaindu duen. Enpresa likidatzeko asmoaren inguruan, BERRIAk galdetuta, Jaurlaritzako iturriek erantzun dute kasua oraindik auzitegietan dagoela, eta ez dutela baloraziorik egingo orain. Zehaztu dute, ordea, Jaurlaritzak jarraitzen duela «ingurumen erantzukizuneko administrazio prozeduran aurreikusitako urratsak» egiten.

Enpresak bazuen milioi bat euroko aseguru bat ezbehar eta hondamenetarako, eta zortzi milioi euroko diru poltsa bat gordeta zeukan, zabortegiko lanak bukatzean hura zigilatzeko. Lurrak hipotekatuak zituen, baina maileguaren zatirik handiena bankuei itzulia zien; alde horretatik ez luke zor handia izan behar. Baina haren izenean zeuden ondasun material gehienak galdu egin ziren amiltzearekin. Hortaz, publikoki zehazteko dago enpresak bere erantzukizunak nola beteko dituen administrazioaren aurrean, nahiz eta alde guztiek horretarako borondatea agertu izan duten orain arteko adierazpen guztietan.

Gainera, jabeen abokatuek akordioa egin zuten udan Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen sendiekin, eta irailaren 3an jakinarazi zuten akordioaren edukia. Bi familiei 2,7 milioi euroko kalte-ordaina pagatzea onartu zuen enpresak. Sei hilabeteko kartzela zigorra onartu zuten hiru akusatuek —Jose Ignacio Barinaga jabeak, Arrate Bilbao kudeatzaileak eta Juan Etxebarria ingeniari nagusiak—, egozten zieten zuhurtziagabekeriazko giza hilketa beren gain hartuta. Lau urte arteko kartzela zigorra jaso zezaketen, baina ez dira kartzelara sartu, ez dutelako aurrekari penalik.

Ingurumen delituaren auzia

Langileen kontrako deliturik egon ote zen argitzeko ikerketa judizialaren barruan gertatu zen hori, baina auziak badu beste ikerketa bat zabalik oraindik, argitzeko ingurumenaren kontrako deliturik egin ote zuten. Ikerketa hori mantsoago doa, eta epaiketak ez du datarik oraindik. BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, enpresa likidatzeak ez luke eraginik izango epaiketa horri begira, lehen kolpean behintzat. Izan ere, enpresa erabat deseginda balego ere, azken buruan akusatuak berak izango lirateke delituen eta isun edo kostu posibleen erantzuleak.

Auzi horretako parteetako batek epaileari eskatua dio enpresa ere inputatzeko eta deklaratzera deitzeko, pertsona juridiko gisa, baina epaileak ez dio erantzun eskari horri. Izatekotan, epaileak hori onartu, enpresa ere zitatu, eta zigorren bat jarriz gero, kasu horretan bai, enpresaren likidazioak eragina izango luke, isun posibleak saihestuko lituzkeelako.

Oraingoz, likidazioak badu enpresarentzat ondorio praktiko bat, besterik argitu ezean: sozietate mugatu bati dagozkion zergak-eta ordaintzeari utziko lioke.

Ikusteko legoke zer gertatuko litzatekeen akusatuek adieraziko balute kaudimenik gabe daudela edo ez dutela ondasunik edo baliabiderik zigor ekonomiko posible bati aurre egiteko. BERRIAk jabetzaren erregistroak kontsultatu ditu, eta Jose Ignacio Barinaga eta Arrate Bilbao akusatuak, oraingoz behintzat, ondasun higiezin batzuen jabe dira oraindik. Dozenaka higiezinen jabe izan dira biak, eta hainbat salerosketa egin izan dituzte, baina, zabortegia jausi zenetik, 2020ko otsailetik, ez dute haien higiezinik beste inoren izenean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.