«Publiko-itunpeko dikotomia» gainditzea proposatu du EH Bilduk

Hezkuntzaren alorrerako egindako proposamena onartu dute koalizioaren Konferentzia Politikoan. Besteak beste, ikasleen onarpen «irekia, justua eta gardena» egiteko sistema bat diseinatu du

Haurrak Gasteizko ikastetxe batean, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Hezkuntza «geldialdian» dagoela iritzita, EH Bilduk proposamen bat landu du eremu horretarako. Atzo militantziaren babesa jaso zuen koalizioaren Konferentzia Politikoan%88,49ko babesa jaso zuen, eta agiria aurrez onartuta zeukan Mahai Politikoan ere. Orain, militantziak proposamenaren inguruan eztabaidatuko du, eta aurrerago bozkatuko dute behin betiko testua.

Xedea argi du EH Bilduk: «Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura egongo den hezkuntza sistema burujabea osatzea da gure helburua: euskalduna, hezkidetzailea, inklusiboa, parte hartzailea, laikoa, doakoa, herritarra eta publikoa». «Helburu estrategikoa» lortzeko bidean, EH Bilduk «trantsiziorako proposamen egingarria» egin du Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. «Proposamen hau hezkuntza sistema publiko burujaberako trantsizio bide gisa ulertu behar da». Asteleheneanaurkeztu zituzten ildo nagusiak. BPGren %6 bideratu nahi dute hezkuntzara, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza hitzarmena lantzen hasi nahi dute, «proposamen berrituak markatzen duen norabidean». Honatx proposamenaren xehetasunak:

TITULARTASUNA

EH Bilduk «ikastetxe komunitarioak» hartu ditu sistemaren oinarritzat. Ikastetxe horien izaera juridikoa publikoa edo pribatua izan ahalko da, baina denek lankidetzarako hitzarmen berdina sinatu beharko dute Eusko Jaurlaritzarekin. Behin hori sinatuta, eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte guztiek, eta Hezigune «sare publiko bateratua» osatuko dute. «Orain arteko publiko/itunpeko dikotomia gainditzeaz ari gara».

FINANTZAKETA

Behin hitzarmena sinatuta, ikastetxe guztiek «%100eko finantzaketa» izango dute, eta ezingo dute kuotarik kobratu; aldiz, ez dute «inolako finantzaketa publikorik» jasoko hitzarmenik sinatu ez dutelako sare publiko bateratuaren parte ez direnek.

SEGREGAZIOA

Administrazioarekin ituna sinatutako ikastetxe horietan ikasleen onarpena «erabat irekia, justua eta gardena» izan beharko da. Herriz herri THEK Tokiko Hezkuntza Ekosistema Kooperatiboak sortzea proposatu dute, eta udalek hezkuntza sisteman zuzenean parte hartzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren organigraman parte izango dira. Batetik, hezkuntza kontseiluak egongo dira; bertan parte hartuko dute udaleko, ikastetxeetako, aisialdi taldeetako, Osakidetzako eta kirol eskaintzako ordezkariek. Hainbat zeregin izango dituzte: etorri berrientzat eskolatze plana prestatzea eta etorkinei begirako harrera eta egokitze planak egitea, besteak beste. Bestetik, hezkuntza sistemaren programazio bateratua egongo da. Bertan, ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek parte hartuko dute, eta, beharrezkoa balitz, baita Hezkuntza Sailekoek ere. Horien zereginak izango dira, besteak beste, hezkuntza programazioa egitea, «gizarte kohesioa bermatzeko tresna nagusi gisa»; premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatua ezartzea; eta aintzat hartzea ikasleen, familien eta tutoreen ikastetxea hautatzeko aukera. Kataluniako ereduaren arabera aritu nahi dute.

IKASTETXEEN AUTONOMIA

EH Bilduren proposamena «sistemaren deszentralizazioan» oinarritzen da, uste baitute horrek bide emango diola ikastetxeek autonomia garatzeari, berrikuntza pedagogikoaren arloan nahiz antolaketan. Hala zehaztu dute: «Ikastetxearen autokudeaketa dago, beraz, sare publiko bateratu honen abiapuntuan». Halere, nabarmendu dutenez, deszentralizazio horrek ez du hezkuntza administrazioaren eginkizuna «lausotzen».

EUSKARA

Euskarari dagokionez, murgiltze eta mantentze eredua izango da sistema bakarra; egun indarrean diren A, B eta D ereduak ordezkatuko lituzke horrek. Gainera, Euskararen Jabekuntzarako eta Euskal Kulturaren Transmisiorako Institutua sortzea proposatu dute. Zereginetako bat izango da orain arte martxan izandako proiektuetatik eta programetatik —Irale, Nolega eta girotze barnetegiak— «irakaspenak jasoz», ikastetxeen hizkuntza proiektuentzako «beharrezko baliabideak» garatzea, eta hala, bermatzea ikasleak legeak ezarritako gutxieneko hizkuntza gaitasunekin aterako direla ikastetxeetatik.

Gainera, garrantzia eman nahi diote komunikazio sinbolikoari, afektiboari eta kulturalari, eta, autonomia erkidegoaren eskumenaren arabera, institutu horrek curriculuma zehaztu beharko du. Eduki propioak sortzeaz ere arduratuko da, eta «beharrezko materialgintza industria propioa» sortzeaz ere bai.

LANGILEAK

Proposamenaren arabera, urratsak egingo dituzte progresiboki, sare publiko bateratuko ikastetxe guztietako langileek lan baldintza «paretsuak» eduki ditzaten. «Helburua da irakasleak hurbileko ikastetxeetan egonkortzea, eta lan baldintza duinak bermatzea eta iraunkortzea».

ERLIJIOA

Erlijioari dagokionez, legeak agintzen duen gutxienekoa izango da sare publiko bateratuan eskaini ahal izango den maximoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.