Berriro. Atzo 47 urteko emakume bat hil zuten Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan, 09:00 aldera. Arma zuri batekin egindako zauriak zituen. Iruñeko Udaltzaingoak haren bikotekidea atxilotu zuen, 51 urteko gizonezko bat, hiltzailea delakoan. Hain zuzen, gizonezko hori bera joan zen Iruñeko Udaltzaingoaren komisariara, 10:00 aldera, eta aitortu zuen berak hil zuela emakumea. Azaldu zuenez, eztabaida bat izan zuten, eta gero hil zuen. Atxilotuak bere burua entregatu zuen. Udaltzainak eta Espainiako Polizia establezimendura iritsi zirenean, emakumearen hilotza topatu zuten bertan. Bikote izateaz gainera, Anayak tabernan bazkide ziren, eta elkarrekin bizi ziren. Emakumeak hiru ume zituen, eta haien testigantza jasota ondorioztatu dute hilketa matxista izan dela.
Nafarroako hiriburuko 3. Instrukzio Epaitegiak hartu du kasua, eta sumarioa sekretupean dago. Gizonezkoa gaur pasatuko da epailearen aurretik. Bitartean, Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari.
Erakundeen gaitzespena
Gertatutakoa gaitzetsi du Iruñeko Udalak. Talde guztiek aho batez arbuiatu dute hilketa matxista eta emakumeen aurkako edozein indarkeria, eta nabarmendu dute konpromisoa dutela lanean jarraitzeko emakumeek indarkeriarik gabeko bizitzak izan ditzaten. Gainera, Cristina Ibarrola alkateak iragarri du udala herri akusazio gisa aurkeztuko dela kasuan. Nafarroako Gobernuak ere hilketa deitoratu du, eta adierazi du andreen aurkako indarkeriaren kontra egiten jarraituko duela.
Herritarrek kalean ere erakutsiko dute arbuioa: gaurko elkarretaratze batera deitu du udalak —Nafarroako Gobernuak ere bat egin du—, 12:00etan, eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak 20:00etarako egin du deialdia, udaletxearen aurreko plazan; atzo, berriz, Itaiak deituta egin zuten protesta.
Ez da kasu bakan bat: aurten bortxa matxistagatik hildako laugarren andrea da. Urteko lehenengo hildakoa Lurdes del Hoyo izan zen. Bikotekide ohiak hil zuen.
Handik bi aste eskasera, Maialen Mazon hilda aurkitu zuten Gasteizko apartamentu hotel batean, indarkeria zantzuekin. Haurdun zegoen, eta haren gorpuaren ondoan 3 urteko haurra zegoen. Bikotekidea atxilotu zuten hilketarekin lotura izan zezakeelakoan.
Azken hilketa, berriz, ekainaren 15ean izan zen, Bilbon: 89 urteko emakume bat hil zuen haren ilobak. 2003tik 121 emakume hil dira indarkeria matxistagatik.
Gizonezko batek bere bikotekidea hil du Iruñean, labankadaz
Emakumea Nafarroako hiriburuko Ermitagaña auzoan hil du, biek lan egiten zuten Anayak tabernan. Gizonezkoak bere burua entregatu du, eta genero indarkeria leporatuko diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu