Osatu dituzte lehen talde politikoak Euskal Hirigune Elkargoan

Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat ontzat eman ditu Jean Rene Etxegaraik. Fiskalitate eta finantza gaiek elkargoko hautetsien arteko desadostasunak agerian utzi dituzte, beste behin ere

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, Baionan, atzo goizean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Jakes Abeberri omenduz hasi zuten, atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoko urteko azken batzarra, Baionako Arte Hiriko Henri Grenet auditoriumean. 92 zituela zendua, «bizitza politiko eta kulturalaren zutabe» gisa aurkeztu zuen Jean Rene Etxegarai lehendakariak, eta minutu bateko isilunea eskatu zuen. Baina fite pasatu ziren bildutasunetik eztabaida sutsuetara. Finantza eta fiskalitate arloan izan zen tentsio handien, baina hizkuntza politikak ere erreakzioak eragin zituen.

Saioa hasterako jakinarazi zuen Etxegaraik bi talde politiko osatzeko eskaera jaso duela: Bil Gaiten ezkerreko abertzaleak bilduko dituena, eta Elkarrekin Herriarentzat etiketarik gabeko talde plurala, Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferentearen inguruan elkartu dena. Elkargoaren sorreratik agertu den berritasun nagusietakoa da, eta hemendik aitzina batzarretako dinamikan eraginen duela espero da.

Anne Marie Nadaud Heletako (Nafarroa Beherea) hautetsiak aurkeztu zuen Elkarrekin Herriarentzat gainerako hautetsien aitzinean. «Oposizio» izatea ukatu zuen: «Ez dugu besteek baino hobeki egiteko usterik. Beharra sentitzen dugu gure herritarrentzat baliagarri izateko, eta, gure ustez, elkargoan galdu dugun hurbiltasun bat berreskuratzeko». BilGaiten ordezkatuz, Nicole Etxamendik ere hartu zuen hitza. «Ideien eztabaida aberastu nahi dugu», erran zuen. Baliabideak ere eskatu zituen talde politikoek funtzionatzeko gaitasuna izan dezaten. Ondoko hilabeteetan aurrekontuaren eztabaidan sartuko den puntu garrantzitsu bat izanen da.

Lurralde orekaz eztabaida

68 delibero izan zituzten eztabaidagai atzoko biltzarrean, eta gehienak eztabaida handirik gabe onartu zituzten; horien artean aipa liteke elkargoko mendi politika. Baina aurrekontuen aurkezpena iritsi zenean, desadostasunak agertu ziren. Etxelekuk eskatu zuen hitza. «Tematia naiz», erran zuen. Elkargoak egiten dituen inbertsioak lurraldeka nola banatuak diren argitzeko eskatu zion Kotte Ezenarro finantza arloko lehendakariordeari, beste behin. «Ekainean hitzeman zenuen, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso». Elkarrekin Herriarentzat taldearen izenean mintzatu zen.

Eskaera entzun dutela erantzun zion Ezenarrok. «Lotu gatzaizkio lan horri, eta erantzuna emanen dizuegu. Gure zerbitzuak lanean ari dira asmo horrekin». Gogorrago mintzatu zen Etxegarai bera: «Beti auzoari begira ari gara», adierazi zuen. «Politika publiko batzuen kasuan jakin nahiko nuke nola zehaztu dezakegun zer herriri dagokion». Unibertsitatea eta goi mailako ikerketa aipatu zituen. «Badira sail batzuk denentzat direnak. Hodien neurria neurtzen hasten bagara, ikusteko dago nor den zerbitzatuena... Ganibetak eta sardexkak kontatzen hastean, dibortzioak datoz». Claude Olive Angeluko auzapezaren hitzetan, «diru sarrerak nondik datozen ere ikusi behar da» .

Haserre mintzatu zitzaion Etxegarai Etxelekuri: «Jasanezina da susmo hori; batzuk galkatzen ari diren bitartean besteak bide bazterrean dira». Zenbakiak izanen dituela erran zion, baina errespetua eskatu zuen. «Komunitatea eraikitzeko gisan aritu gaitezen. Ez begiratu proiektu bakoitzaren zilborrari».

Euskara eta gaskoia

Aurrekontuen harira, Alexandre Bordes Erangoko (Nafarroa Beherea) auzapezak —Elkarrekin Herriarentzat taldean parte hartzen du— euskararen eta gaskoiaren arteko desoreka azpimarratu zuen. «Zenbat ematen zaio Korrikari eta zenbat La Passemi?», galdetu zuen. Gaskoiaz arduratzeko misio kargudunaren lanpostua bete gabe dagoela, eta dokumentuetan gaskoia eskas dela deitoratu zuen. Txaloka hartu zuen haren hitzaldia Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak.

Irmo erantzun zion, haatik, Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak. Euskal Elkargoak euskara eta gaskoia sustatzeko herriko etxeei proposatzen dizkien hobekuntza kontratuak aipatu zituen. «Herriko etxe bakar batek ere ez digu gaskoiarentzat eskatu». Korrikarako eta La Passemerako elkargoak kilometro bana hartu zutela gogoratu zuen, eta Elkargoak sustatzen dituen gaskoiaren aldeko proiektuak ere zerrendatu zituen. «Zuek egin behar duzue; herriek, eta elkargoak lagunduko du».

Dokumentuak hiru hizkuntzatan egitea «garestiegi» dela argudiatu zuen Olivek: «Frantsesez bakarrik denek ulertzen dute». Sebastien Ihidoi Mendibeko (Nafarroa Beherea) auzapezak kontrako adibidea eman zion Bordesi «Oloroeko [Okzitania] herri elkargoaren parte da Eskiula [Zuberoa], eta ez du dirurik ematen euskararentzat. Ez dut uste han halako eztabaidarik dutenik».Frantziako Konstituzioa da arazoa, Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko (Zuberoa) hautetsiaren iritziz, bi hizkuntzak «mespretxatzen» dituelako. Florence Lasserre Angeluko hautetsi eta Modemeko diputatuak marmar ozen bat egin zuen, eta buruarekin desadostasuna adierazi.

Interes komunitarioa

Bokaleko hirigintza planaren harira, etxebizitzak eraikitzeko moldeari buruz eztabaida sortu zen ondoren. Baina interes komunitarioko azpiegiturak zeintzuk izan behar diren aipatzean sortu zen eztabaida gehien. Hautetsi batek baino gehiagok adierazi zuen herriek zenbait azpiegitura ordaintzeko duten ezintasuna.«Ezinezkoa da elkargoak dena ordaintzea», ebatzi zuen Etxegaraik, baina gai zerrendatik kentzea erabaki zuen horri buruzko proposamena egiten zuen 55. deliberoa. Gaiarekin lanean segituko dutela erran zuen, eta agindu 2023ko lehen hiruhilerako trenkatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.