Milaka lagunek bat egin dute EH Bilduren deialdiarekin, eta manifestazioa egin dute Bilbon, Abante! Euskal olatua geldiezina lelopean. Antolatzaileen arabera, 20.000 manifestarik baino gehiagok parte hartu dute mobilizazioan; Bilboko Udaltzaingoak, berriz, 12.000 inguru izan direla adierazi du. Amaiera ekitaldian, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «olatu erraldoia» eta «ilusio uholde bat» sortzeko dei egin die Bilboko udaletxearen aurrean bildutakoei.
Egungo testuinguru politiko eta ekonomikoa marraztu du Otegik bere hitzaldian. Esan duenez, egoeraren ezaugarri nagusiak dira «gizakiaren existentzia eta bizitza bera arriskuan jartzen duen kapitalismoa», erregai fosilen aroaren amaiera, desberdintasun ekonomiko eta sozialen areagotzea eta faxismoaren gorakada.
«Ekaitza dakarrela diote», azaldu du Otegik. Baina hori ez da «fenomeno meteorologikoa», eta, haren iritziz, baditu arduradunak: «Kapitalismo basatia, neoliberalismoa eta eliteek hartutako erabakiak» egin ditu egungo egoeraren arduradun.
«Hala ere, albiste on bat eman behar dizuet: badago alternatiba». Otegiren aburuz, Ukrainako gerra geldiaraztea, ekoizpen eta kontsumo moldeak aldatzea eta aberastasuna, lana eta zaintza banatzea ezinbestekoak dira egoera irauli ahal izateko. Eta Euskal Herrian, EH Bildu jo du aldaketa horren motortzat: «Gu ez gara alderdi konbentzional bat. Gu herri blokea gara, ezkerrekoa, nazionala, feminista, euskalduna eta oligarkiaren kontrakoa. Esperantzaren blokea gara».
«Estatu terrorismoa»
Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok egindako adierazpenak ere hizpide izan ditu Otegik bere hitzaldian. Esan duenez, Barrionuevoren hitzek berretsi egin dute ezker abertzaleak aspaldian esandakoa: hots, Espainiako Estatuak «estatu terrorismoa» erabili zuela independentismoaren kontra.
EH Bilduren idazkari nagusiaren iritziz, gakoa ez da «kondenaren moduko hitz magikoak»erabiltzea, «zintzo» jokatzea baizik, eta Espainiako Estatuaren boterei «zintzotasuna» eta «ausartak izateko» eskatu die: «Aitortu ezazue Espainiako Estatua legezko eta legez kanpoko indarkeria erabiltzeko prest egon dela, dagoela eta egongo dela independentismoaren kontra jotzeko». Esan duenez, Estatuak oraindik «bide luzea» du egiteko: «Egindakoaren erantzukizuna bere gain hartzeaz aparte, jabetu behar da arazo politikoak irtenbide politikoekin konpondu behar direla».
Euskal presoen senitartekoei ere mintzatu zaie Otegi bere hitzaldian: «Harro gaude zuen zama, gurea eta herri osoarena ere badena, arintzea lortu dugulako».Hitzeman die EH Bildu haiekin egongo dela «azken preso, deportatu eta errefuxiatua etxera ekarri arte».
Manifestazioa 17:50ean abiatu zen Casilla plazatik. Euskal Herriko armarria erakusten zuen ikur handi baten atzetik, pankarta nagusia zihoan, manifestazioaren leloekin eta EH Bilduren zuzendaritzako kide eta hautetsiek eutsita. Han zeuden, Otegirekin batera, Mertxe Aizpurua, Juan Karlos Izagirre, Bakartxo Ruiz, Iker Casanova, Maria del Rio, Laura Aznal, Maddalen Iriarte, Rocio Vitero, Joseba Asiron eta Eva Lopez de Arroiabe, besteak beste. Horien atzean, ikurrinak eta Nafarroako ikurrak zeramatzaten 400 lagun inguru zihoazen, eta, azkenik, manifestazioaren multzo nagusia.
Nazioarteko ordezkaritza ere egon zen manifestazioan: ERC, CUP, BNG, Ahora Canarias, Mes por Menorca, Mes por Mallorca, Andecha Asture, Puyalon eta ER-PV alderdietako ordezkariek parte hartu dute mobilizazioan. «Independentzia» eta «Euskal presoak Euskal Herrira» izan dira manifestazioan gehien errepikatutako leloak. Burua Zabalburu plazara iritsi denean, manifestariek Autonomia kale osoa betetzen zuten. Orduan, bozgorailuetatik emandako jarraibideak aintzat hartuz, sakelako telefonoetako argiak piztu dituzte , eta horiek gora eta behera mugituz «olatu erraldoi bat» irudikatu dute.
Ongizate Hitzarmena
Manifestazioa Hurtado Ametzaga kalera iritsi denean, gutun azalak banatu dizkiete manifestariei, manifestazioa bukatu arte ez zabaltzeko aholkuarekin. Barruan, EH Bilduk proposaturiko Ongizate Hitzarmenaren eduki nagusiak agertzen ziren, eta, horiekin batera, eduki horiek gizarteratzeko zenbait jarraibide.
Bere hitzaldian, Otegik iragarri du azaroaren 19an «komunikazio ariketa erraldoi eta masiboa» egingo dutela herririk herri, proposamenaren edukiak gizarteratzeko, eta horretan parte hartzeko deia egin die han bildutakoei.
Krisiaren aurrean «herri olatu bat» altxatzera deitu du EH Bilduk Bilbon
20.000 eta 12.000 herritar artean bildu ditu koalizioak antolatutako manifestazioak. Arnaldo Otegik adierazi du egungo krisi egoerak baduela «alternatiba», eta Ongizate Hitzarmena aurkeztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu