Aieteko konferentziaren 10.urteurrena. Baionako jardunaldiak

Prozesuen erronkak eta zailtasunak

Aieteren urteurreneko jardunaldien azken saioa izan da Baionan. Iragandakoaz eta gelditzen diren erronkez mintzatu dira bertako eta nazioarteko eragileak. Presoen auzia konpontzeko mekanismoak sortzera deitu du Brian Currinek.

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak, atzoko saioetako hizlariekin, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Brian Currin Hego Afrikako abokatuak itxi zuen atzo Aieteko Nazioarteko Konferentziari buruzko saioen hitzaldi sorta, eta proposamen batzuk plazaratu zituen. Presoen auzia konpontzea lehenetsi zuen, eta erran eskas direla gaiari heltzeko mekanismoak. «Egitura bat» proposatu zuen: «Borondate politikoaren testigu litzatekeena». Aieteko Konferentziari babesa eman zioten nazioarteko pertsonek parte har lezaketela iradoki zuen. «Frantziako eta Espainiako estatuei inplikatzeko eskatu behar zaie. 70 urteko presoak izatea, preso eriak izatea, barkaezina da. Gaur egun egoera erabat desberdina da. Ez dago aitzakiarik».

Justizia trantsizionalerako mekanismoak sortzea ere beharrezkotzat jo zuen, eta gatazkariburuz dauden kontakizun ezberdinak elkartzeko beharra azpimarratu zuen. Lan hori egiteko,Eusko Jaurlaritzak «lidergoa» har lezakeela erran zuen, baina iradoki zuen «interesgarria» izan litekeela Ipar Euskal Herriko bi pertsona izendatzea «istorioak eta kontakizunak biltzeko». Gisa horretara, «gibelean» dagoen guzia bildu, eta alde bakoitzekoen ideia politikoak nondik datozen aztertzeko modua ikusiko luke.

Kasik osorik bete zen, atzo goizean, Baionako Henri Grenet auditoriuma Aieteko urteurrenaren kari antolatutako azken saioan. Ipar Euskal Herriko kasik alderdi guzietako hautetsiak bildu ziren, eta hemendik aitzina ere elkarlanean aritzera engaiatu ziren. Oraindik egiteko gelditzen direnak azpimarratu zituzten, nagusiki, gainerako mahai inguruetan. Kolonbiako eta Irlandako esperientziak aipatu zituzten, besteak beste, hango prozesuetan izandako arazo eta lorpenetatik irakaspenak atera nahian.

Aiete, iraultza bat

Bake prozesua, posible den parioa? mahai inguruan ere, Jean Pierre Massias zuzenbide publikoko irakaslea, Carlos Beristain Kolonbiako Egiaren Batzordeko komisarioa eta Brandon Hamber irakaslea mintzatu ziren. Aietekoa arlo anitzetako «iraultza» izan zela baieztatu zuen Massiassek. Iraultza euskal gatazkan, «inflexio puntu bat» izan zelako, eta metodologian ere iraultza, bai nazioarteko egiaztapenean, baita aldebakartasunean ere. «Metodo ona ote zen? Seguruenik ez zegoen besterik. Hori zen bakea inposatzeko modu bakarra». Azkenik, «amaitu gabeko iraultza» izan dela erran zuen. «Egia, justizia, erreparazioa, eta ez errepikatzea», aipatu zituen erronka gisa.

Mundu osoko prozesuek aurkitu ohi dituzten hiru zailtasun izan ditu Euskal Herrikoak ere. Batetik, boterearen jarrera: «Ezin da zinezko prozesurik izan botereak ez badu parte hartzen». Haren erranetan, edozein prozesutako akordioetan, presoen gaia izan ohi da lehen elementua, baina, horretarako, estatuak inplikatu behar dira. «Lehen galdera da nola bultzatu parte hartzera. Estatua da bake prozesurako oztopo nagusia; prozesuaren garaian dauden politikariak, eta ondotik etorriko direnak».

Gizartearen onarpena ere aipatu zuen zailtasun gisa, baita gaiak sor dezakeen «indiferentzia» ere, Baionako zuzenbide fakultateko lehen urteko bere ikasleak gogoan. «Ez dut uste prozesuaren kontzientziarik dutenik». Azkenik, «pasatzen den denbora» ere aipatu zuen. Hau da, prozesua bigarren mailan emanen duten gai berriak sortzea.«Zer pisu du bake prozesuak koronabirusarekin? Zer pisu du Kataluniako prozesuarekinalderatuta?». Kontzientzia kolektiboan izan daitezkeen bilakaerak ere aipatu zituen. «Kontzientzia kolektiboan borroka armatua eta gerrillariak ez dira gehiago existitzen; terrorismoa baizik ez da».

Kolonbiakoa luzaro doan prozesu bat dela erran zuen Beristainek, eta Euskal Herrikoarekin parekatu zuen, besteak beste, sortu den polarizazio sozialari dagokionez. Azken urteetan sortu dituzten mekanismoak aipatu zituen. Bakerako justizia berezia batetik, gizateria krimenak egin dituztenak epaitzeko epaitegi berezi batekin, egiaren batzordea eta desagertuak bilatzeko batzordea... «Lan hori guzia egiten ari gara gobernuak bakerako borondaterik izan gabe». Gertatutakoa sozializatzeko beharraz ere mintzatu zen. «Badakigu zer gertatu den, arduradunek badakite; helburua da gizarteak jakitea. Memoria behar dugu, baina ez memoria defentsibo bat. Errealitate printzipio bat behar da, minaren errespetuan oinarritzen dena. Errespetu hori da elkarbizitzaren oinarria. Bestela, ez da posible».

Akordioen berrikuspena

Hamberrek 1998ko akordioetatik gaur arte Irlandan izan den bilakaera izan zuen hizpide, presoen askatzean eta biktimen laguntzan egin diren urratsak aipatuta. «Prozesuak luzeak dira. Denborarekin konfiantza arrakalatu da, erronka gehiago agertu direlako». Brexit-a da horietako bat, Ipar eta Hego Irlandaren arteko muga markatu duelako. «1998an inork ez zezakeen halakorik imajinatu. Europako Batasunari esker, mugarik ez zen, baina brexit-arekin bat-batean aldatu da. Aldaketa ikaragarria da».

Denboraren nozioa ere aipagai izan du Hamberrek, presoen eta biktimen gizarteratzea hizpide. «Hogei urte beranduago, gehienak erretiratuak dira: prestazio sozialak behar dituzte, ez lan munduan integratzea. Baina, gaur egun, prestazio sozialetan murrizketak eginak izan diren gizarte batean bizi gara». Bere ikasleen adibidea ere hartu zuen: «Ez dute iraganaren ezagutzarik, baina gure ikerketek erakusten dute haien jarrerak gurasoen berdinak direla. Alta, ez dute bortizkeria bizi izan. Nola engaia ditzakegu gaur egungo gazteak bake prozesuan hogei urte beranduago? Beste gai batzuk jarri dituzte mahai gainean: klima aldaketa, LGTBI gaiak...».

Haren iritziz, 1998ko akordioa berrikusi beharko litzateke. «Gure plan estrategikoa berrikusi behar dugu, eta, horretarako, denbora eta energia behar ditugu; baina, jendea nekatua da». Haren hitzetan, hamar urtean behin berrikusi beharko lirateke halako planak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.