Koronabirusa

Frantziako Gobernuaren «mespretxua» salatu du EH Baik Baionan

Frantziako lehen ministroa Iparraldera etorri da txertatze kanpaina sustatzera, eta protesta antolatu dute. Bisita segitzea debekatu diote euskal prentsari

Jean Castex Frantziako lehen ministroa txertoa hartzera zioan emakume batekin hizketan, atzo, Baionan. FLORENCE LASAGA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Jean Castex Frantziako lehen ministroa Euskal Herrian izan zen atzo, txertatze kanpaina sustatzeko. Baionako eta Angeluko (Lapurdi) txertatze zentroak bisitatu zituen, eta itxarote zerrendak murrizteko dispositiboa hobetzeko engaiamendua hartu zuen. Euskal prentsak ez zuen bisita segitu ahal izan. EH Baik protesta antolatu zuen, baina jendarmeak manifestariei oldartu zitzaizkien.

Berrogeita hamar bat pertsona elkartu ziren, atzo goizean, Mespretxurik ez! zioen pankartaren gibelean, EH Baik deituta. Poliziaren presentzia «itogarria» salatu zuen Nikolas Blainek. Haren iritziz, «komunikazio kanpaina hutsa» izan zen Castexen bisita. «Txertatze kanpainaren promozioa egitea Ipar Euskal Herrian, gaur egun, jakinez baduela zenbait hilabete gure herrian bizitzeko ere zailtasunak ditugula». Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzeko diren mugak deitoratu zituen, eta azpimarratu arazorik gabe joan daitekeela Frantzia iparraldera: «Askatasun murrizketa larria salatzen dugu».

Halaber, azken urteetan mugimendu abertzaleak dituen aldarrikapenei entzungor egiten dietela salatu zuen. «Hainbat dosier ditugu azken urteetan, izan euskararena edo gatazkaren konponbidearena, eta Frantziako Estatuaren erantzun argiak itxaroten ditugu. Beti mespretxuz tratatuak gara. Ez da eztabaidarik, ez da elkarrizketarik posible. Oroitarazten digu, sinpleki, nazio zapaldua garela eta ez dugula deusentzat kontatzen». Elkarretaratzearen ondotik, manifestazioan abiatu ziren, Frantziako Poliziak pusaka eta negar gasarekin blokeatu zituen arte.

Akreditaziorik ez

Protesta artean hasi zuten eguna Euskal Herriko hedabideetako kazetariek ere. Ostiralean jakinarazi zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak Frantziako gobernuburua Baionara etorriko zela, eta, ohi bezala, akreditazioak eskatzeko aukera eskaini zien Ipar Euskal Herriko hedabideetako kazetariei. Baina, atzo goizean, Baionako Elkartetxean dagoen txertaketa zentrora sartzea ukatu zien Frantziako Poliziak.

Osasun egoera dela eta, Matignonen erabaki zuten kazetari kopuru mugatu bati baizik ez baimentzea sarrera: denak Frantziako hedabideetakoak. Hala, kanpoan gelditu ziren Euskal Irratiak, EITB, Naiz-Mediabask eta BERRIAko kazetariak. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari dei egin zioten kazetariek, esku har zezan, baina hark erantzun zien ez zuela ezer egiten ahal. Protesta batzuen ondoren, EITBko kamerari bat eta Mediabaskeko kazetari bat sartzen uztea erabaki zuten azkenean, gainerakoentzat ordezkari gisa aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.