Aurrez aurreko eskolak eten dituzte Euskal Herriko unibertsitateetan tarte baterako. Aste honetan, Espainiako Unibertsitate ministro Manuel Castellsek erkidegoei esan die ez zaiola egokia iruditzen aurrez aurreko eskolak egitea ikasturte honetan. Nafarroako Gobernuak bere egin du ministroaren irizpidea, eta bukatutzat jo ditu, heldu den ikasturtera arte. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez dio atea itxi ikasgelak ekainaren aurretik berriz zabaltzeari. Ez da egun batetik besterako kontua izanen, hala ere. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleek online jaso dituzte edukiak azken asteotan, eta espero izatekoa da datozenetan ere sistemari eutsiko diotela. Eskola telematikoak ongi ari dira funtzionatzen, baina arazo batzuk ere eragin dituzte. Traba teknikoak, gehienetan, baina baita ohitura eta prestakuntza faltagatik sortutakoak ere.
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eGela izeneko plataforma ezarri dute, «ikasgela birtuala» izan dadin. Ikasleek zuzenean jasotzen dituzte edukiak, bideokonferentzia bidez, eta aukera dute zuzenean galderak egiteko, edo zalantzak posta elektronikoz nahiz telefonoz egiteko, tutoretza orduetan. Batzuek txalotu egin dute sistema telematiko berria; beste askok, berriz, ikasketa prozesua zailtzen duela uste dute.
Ainhoa Ezeiza EHUko irakaslearentzat irakaskuntza telematikoa ez da azken hilabeteetako fenomenoa soilik. 2005. urtean hasi zen beste irakasleei online prestakuntza ematen. Ongi ezagutzen ditu sistema horrek ematen dituen aukera pedagogikoak, baina argi du ikasle eta irakasle askok ez dutela zertan behar bezala prestatuta egon: «Arazoa da eskatzen zaigula orain arteko erritmoari eustea, baina online erara. Eta hori ezinezkoa da, sistema ezberdinak direlako. Batetik bestera pasatzeak egokitze bat eskatzen du, azpiegituren eta antolaketaren ikuspegitik, bederen». Estres egoerak ere sor daitezke egokitzapen fase horretan.
Ikasle askok, adibidez, ez dute etxean ordenagailurik, ezta Interneteko konexiorik ere: «Hor badago arrakala bat. Kasu batzuetan, arrakala ekonomikoa da, baliabideak dituztenen eta ez dituztenen artekoa, baina beste batzuetan, ohitura kontua izan daiteke: askorentzat, informazio eta komunikazio teknologiak sakelakoa eta sare sozialak dira, baina oso bestelakoa da teknologia horiek era akademikoan erabiltzea. Saia zaitez ikerlan bat edo 40 orrialdeko txosten akademiko bat egiten sakelako batekin bakarrik. Ezinezkoa da».
Egoerara moldatzen asmatu dutenetako bat da Ane Lekunberri ikaslea. Gizarte Lana gradua ikasten ari da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Etxetik egiten du eskolen jarraipena, horretarako posta elektronikoa eta Zoom bideokonferentzia aplikazioa erabilita. Begi onez ikusi du aldaketa: «Nahiko ongi ari naiz moldatzen. Erosoa da, ikasketekin aurrera egiteaz gain ez dudalako unibertsitatera joaten eta etortzen ibili beharrik».
Paue eta Aturri aldeko Unibertsitatean ere ikasleak antzera ari dira egunotan, formakuntza etxetik jasotzen. Unibertsitate horren parte da ISA BTP Eraikuntza eta Obra Publikoetako Akitaniako Goi Institutua, eta hango irakaslea da Eva Giret. Uste du «arazo handirik gabe» moldatu direla eredu berrira: «Irakasle gehienek Interneten bidez ematen ditugu klaseak. Plataforma bat bada E-Learn izenekoa, eta hor sartzen ditugu gure klaseak. Irakasle gehienek jadanik bagenituen kurtsoak formatu digitalean; beraz, ez zaigu arazo gehiegi sortu».
Hala ere, «zailtasun batzuk» daudela aitortu dute bai Giretek, bai Lekunberrik. «Interakzio anitz bada nire klaseetan», azaldu du Giretek. «Baina audio bidez zailagoa da ikasleentzat hitza hartzea. Iruditzen zait bakarrik ari naizela nire ordenagailuarekin mintzatzen. Zaila da ikasleekin komunikatzea eta, batez ere, zailtasunak dituztenak identifikatzea». Kexa horrekin bat dator NUPeko ikaslea ere: «60 laguneko ikasgela bat da gurea, eta ezinezkoa da denok galdezka hasteazalantzaren bat dugunean; bestalde, irakasleek ez dituzte ikasleon aurpegiak ikusten, eta ez dakite ulertzen ari garen ala ez».
Izan ere, konfinamenduak agerian utzi du hezkuntza ez dela informazioa emateko prozesu soil bat. Ezeizaren aburuz, parte hartzea garrantzitsua da: «Aurrez aurre ordubetean azaldu dezakezun zerbaitek denbora asko kentzen ahal dizu pantaila aurrean. Irakaskuntza ez da edukiak eta kontzeptuak ematea: askoz gehiago dago horren atzean».
Ebaluazioa, kezka iturri
Uneotan, eskolak eta edukien transmisioa baino kezka handiagoa eragiten du gero eta hurbilago dagoen ebaluazioak. Unibertsitateek ez dute erabaki noiz eta, batez ere, nola ebaluatuko dituzten ikasleak. «Orain arteko azterketak atzeratu dizkigute, ez ditugu egin, eta ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean», azaldu du Lekunberrik. Irakasleek ere ez dute horren berririk. Ezeizak dio «konplikatua» izan daitekeela alarma egoera altxatu ostean ere ehun ikasle gela berean elkartzea.
Edonola ere, egoerari «perspektibaz» heltzeko aholkatu du EHUko irakasleak: «Larrialdi egoeran gaude, jendea gaixotzen eta hiltzen ari da mundu osoan, eta gu kezkatuta gaude edukiak ez ditugulako osorik emango? Aitortu behar dugu egoera ezohikoa dela eta gure arazoak ez direla hain handiak. Eman ez ditugun edukiak hurrengo ikasturtera pasa daitezke, eta, orain, dauzkagun baliabideekin, eman dezagun ikasleentzat interesgarria izan daitekeen zerbait, lasai eta estresatu gabe».
Koronabirusa. Hezkuntza
Campusa, etxeko egongelan
Aurrez aurreko eskolak etenda, metodo telematikoak ezarri dituzte unibertsitatean. Oro har, ikasle eta irakasleak konforme dira, baina gabeziak ere antzeman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu