Garraio eskaintza berria plantan ezarri dute Ipar Euskal Herrian, eta bihar abiatuko da. Euskal Elkargoak, mugikortasun plana BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan indartzeaz gain, barnealdean ere garatu du. Tram'busa ere estreinatuko dute astelehenean, eta Baiona iparraldetik Miarritze zentrora doan bidea eginen du. Tranbiaren eta autobusaren arteko hibridoa da: funtzionamendu elektrikoa duen eta bide propioa duen autobusa izanen da. Horrez gain, Txik Txak izeneko autobus zerbitzua ere plantan ezarri dute, eta hainbat ibilbide eskainiko ditu, hala nola barnealdea eta kostaldea lotzen dituzten lineak eta barnealdean soilik ibiltzen direnak. Lapurdi kostaldean, berriz, dagoeneko baden Hegobus zerbitzua azkartuko dute.
Ipar Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %83k baliatzen du autoa lanera joateko, eta, Euskal Elkargoaren ustez, garraio publikoaren erabilera oso murritza da. Hori saihesteko eta «trantsizio ekologikoa bultzatzeko», garraio publikoa garatzea ezinbestekotzat dauka Txetx Etxeberri Bizi mugimenduko kideak.
Tram'busaren lehen linean, hamar minutuan behin izango da zerbitzua. Bi puntetan, doako aparkalekuak izanen dira, eta, orotara, zentzu bakoitzeko eta ordu bakoitzeko, 1.600 pertsona garraiatzeko aukera izanen du. Bigarren ibilbidea datorren urterako prest egotea espero dute.
Chronoplus Baiona inguruko autobusen sarea ere indartu dute: ordutegiak luzatuko dituzte, eta maiztasun handiagoa izanen da. Gisa berean, itsasontzi bidezko garraio publikoa hedatuko dute: Baionako Santizpiritu auzoa eta zentroa lotzen dituen ontziaz gain, Tarnose (Okzitania), Bokale (Lapurdi) eta Baiona lotuko ditu.
Lapurdiko hiriburua barnealdearekin lotzeko, Hazparnera (Lapurdi) eta Iholdira (Nafarroa Beherea) joango den autobus ibilbide bat abiatuko dute. Hazparne eta Iholdi lotzen dituen ibilbideak Lekornen (Nafarroa Beherea) egingo du geldialdia. Barnealdeko herri nagusiak eta inguruak ere lotuko dituzte Mauletik, Donapaleutik (Nafarroa Beherea) eta Kanbotik (Lapurdi).
Zalantzak eta gabeziak
«Hutsetik abiatzen ari gara, eta ez dakit jendeak baliatuko duen. Betikoa da: galdea behar ote den lehenik, edo zerbitzua», ohartarazi du Paul Mendiburuk, Lekorneko axuantak. Nabarmendu du zerbitzu hori «garrantzitsua» dela adineko jendearentzat eta gidabaimenik ez dutenentzat, eta pozik agertu da berrikuntzekin.
Etxeberrik, berriz, uste du eskaintza «eskasa» dela oraindik, nahiz eta aurrerapenak izan. «Garraio publikoa gara dezakete, baina, autoaren erabilera murrizteko planik ez deino, eraginkortasun mugatua izango du». Etxeberrik, halaber, gogoratu du garraio plan berria diru laguntza publikoekin egin dutela, eta hainbat «irregulartasun» izan direla, ekainean Biziko kideek salatu zutenez.
Etxeberrik azaldu duenez, Tram'busaren ibilbidea egiteko, errepideak berritu dira BAM eremu osoan. Miarritzen, ordea, ez dira errespetatu hainbat baldintza. Esaterako, proiektu horrek eskatzen du autobus errepideak egitean autoaren lekua murriztu behar dela bizikleta ibilbideei lehentasuna emateko. Miarritzeko Victoria Erreginaren errepidean ez da bete agindua. «Bizikletaz ibiltzeko errepideetan badira segurtasun arau zehatzak, eta ez dira errespetatuak izan. Okerrena da diru laguntzekin egin dituztela obra horiek».
Biziko kidearen esanetan, Tram'busak beste «urraketa» bat ere eragin du. Hasierako proiektuan, autobusak bide propioa ibilbidearen %80an izan behar zuen, baina, azkenean, «txikitu» egin dute bide propioaren proportzioa. Etxeberrik uste du horrek ez duela lagunduko jendearen usaiak aldatzen. «Autoan doanak ikusiko du Tram'busa baino fiteago ari dela, horrek ez duelako bidea guztiz erreserbaturik». Bizikletaz ibiltzen direnek ere arazoak izango dituztela salatu du. «Errepide zenbaitetan badaude segurtasun bideak; beste batzuetan, ordea, ez. Horrek erran nahi du ibilbide osoa egiterakoan momentu batzuetan ez daukazula toki segururik, eta istripuak gerta daitezkeela». Etxeberrik salatu du herriko etxeak «legez kanpo» jokatzen ari direla. Irailean ekintzak egiten segituko dute Biziko kideek, eta erronkatzat jarri dute «bizikletaren erabilera segurua bultzatzea» eta «autoaren erabilera murriztearen alde egitea».
Mugikortasun plano berria Iparraldean
Tram'busa, autobus ibilbide berriak, barnealdeko garraio publikoaren indartzea... baina bizikletentzako tokirik ez, eta autoa murrizteko legerik ez; hori salatu du Bizi mugimenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu