Langileak «subjektu politiko independente» moduan egituratzera deitu du GKSk

Manifestazio jendetsuak egin ditu Gazte Koordinakunde Sozialistak Bilbon eta Iruñean. «Bankariak eta enpresari handiak» jo dituzte pobretzearen erruduntzat

Iruñean ehunka gazte batu ziren mobilizaziora. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Milaka gazte atera ziren atzo kalera Bilbon eta Iruñean, «sozialismoaren banderapean», langileen antolakuntza propioa aldarrikatzera, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta. Burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean, «bankariak eta enpresari handiak» jo zituzten langileen pobretzearen errudun, eta «politikari profesionalak», berriz, haien mendekoak direla salatu zuten. Baina argitu zuten mobilizazioen helburua ez dela instituzioei edo alderdiei presioa egitea: «Gure mezua langileentzat da: subjektu politiko independente gisa gorpuztu behar dugu». Horretarako «tresna propioak» sortzeko konpromisoa hartu zuen GKSk.

Bilbon, atzerapen pixka batekin atera zen manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik, garrasi ozenen artean: «Borroka da bide bakarra» aldarrikatuz abiatu zuten martxa, eta isiltasun tarterik utzi gabe oihukatu zuten «Gazte langile, ez zaitez makurtu» edota «Gora iraultza sozialista». Abiatu eta berehala, pankarta bat eskegi zuten eraikin batetik: Burgesiaren ofentsibaren aurrean, iraultza sozialista eraiki.

Bandera gorriak eskuan hartuta ibili zuten Kale Nagusi osoa, erosketetan zebiltzan herritarrei afixak banatzen. Paperotan, datuak: «%21 igo dira enpresen irabaziak, langileen soldatak baino zazpi aldiz gehiago»; «Elikagaiak %14 garestitu dira azken urtean, BEZaren %5eko jaitsieratik urrun»... Kutxabanken egoitzan kartel erraldoiak itsatsi zituzten, mezu argi batekin: «Langileen pobretzearen errudun».

Ertzaintzaren begiradapean egin zuten manifestazioa: istiluen aurkako bost furgoneta aritu ziren gutxienez. Hain justu, azken asteetako jazarpen poliziala salatuz hasi zuten mintzaldia udaletxe aurrean: «Hamarnaka militante identifikatu dituzte manifestaziora begirako lan politikoa egiteagatik. Argi dago eskubideak eta demokrazia ez direla denontzat berdinak».

Iker Apraizek eta Jone Sarrionandia-Ibarrak hartu zuten hitza martxa amaierako ekitaldian, eta pozik agertu ziren jasotako babesarekin: «Militantzia politikoan oinarritutako kultura batek fruituak ematen ditu, eta hori da langileok independentzia politikoa eskuratzeko bidea».

Halere, egungo «errealitate prekarioa» geratzeko etorri dela ohartarazi zuten. Bankuei eta enpresa handiei egotzi zieten langileen «soldaten balioa jaistea, aurrezkiak ezabatzea, eta bizimodua okertzea», eta gogora ekarri zuten energia eta armagintza enpresek edo supermerkatu kate handiek irabaziak areagotu dituztela. «Beharrezkoa da enpresari handiei benetan aurre egingo dien langileen alternatiba eraikitzea».

Estatu sozialista helburu

Politikarien «erantzukizuna» ere salatu zuten: «Haien funtzioa da bankariek eta enpresari handiek ezarri diguten miseria kudeatzea, oligarkia finantzarioaren eta Europako Batasunaren aginduen menpe». Espainiako Gobernuaren aurka mintzatu ziren, haren izaera progresista ukatuta: «Ogi apurrak baino ez dizkigu ematen, langileon ezina eta haserrea apaltzeko: ezinegona elektoralki kanalizatzen saiatzen ari dira. Ez daukagu ezer irabazteko estatuko politikari profesionalen eta enpresarien arteko itunetik». Hala, erakunde horietatik kanpo mobilizatzera deitu zuten.

«Ofentsiba ekonomiko, politiko eta belikoaren» aurrean, estatu sozialistaren beharra nabarmendu zuten: «Langileen programa historikoa lehen lerrora ekarri behar dugu, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat lortzeko». Norabide horretan lan egiteko konpromisoa agertu zuten GKSko kideek: «Langileria subjektu politiko indartsu bihurtzeko erremintak sortzen jarraitu behar dugu, pobretzeari eta eskubide ezabapenari aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.