Ikusezinak izan ohi dira, eta soilik gertakari jakin batzuen bidez ateratzen dira argitara. Orduan jartzen zaie irudia etxegabeei; etxebizitza larrialdi betean etxerik ere ez dutenei. Hala izan da azken hilabeteetan. Martxoaren 12an, 23 urteko gizonezko bat hilik agertu zen Bilbon. Poloniakoa zen jaiotzez, baina bi urte zeramatzan Euskal Herrian, kalean. Piotr zuen izena. Martxoaren 26an, andre bat hil zen hiriburu berberean. Kalean bizi zen, eta gizarte zerbitzuetan arta jasotzen zuen. Fatima zuen izena. Baina izan da bestelako irudirik ere. Sarean izan du oihartzuna horietako batek: zubi baten azpian, kanpadenda bat, eta, alboan, ume kotxe bat.
Bilboko Beste Bi plataformako kidea da Joseba Gaia, eta sarean zabaldutako irudi hori izurriteak eragindako ondorioekin lotu du: «Hainbat pertsona egoera oso prekarioan bizi ziren, eta etxerik gabe gelditu dira; horren adibide da familiak etxerik ez dutenen zerbitzuetan ikustea. Ez gaude ohituta, baina horrelako kasuak agertu dira azken hilabeteotan». Etxegabeen eta etxebizitza duinaren alde aritzen da Beste Bi. Sentsibilizazio lanean batez ere, baina baita salaketak egiten ere.
Etxegabeen soslaia aldatu egin da, Gaiak azaldu duenez. Bat dator Ruben Unanua Xilema fundazioko kidea. Zehazki, gazteen kasuen areagotzean egin du azpimarra: «Aldi baterako aterpeetan hartzen ditugunen %85 gizonezkoak dira, eta gainontzekoak emakumeak, baina gero eta gazte gehiago artatzen dugu». Iruñeko Udaleko etxerik gabekoen arreta zerbitzuez arduratzen da fundazioa, besteak beste. Unanuak emandako datuen arabera, programa horietan artatutako gazteak %5 ziren 2010ean, baina, egun, %12 inguru dira. «Igoera esponentziala izan da».
Gazteen egoera, ez bakarra
Unanuaren arabera, etxerik gabeko gazteen egoeren arrazoiak hainbat dira, baina aitortu du gaztea izatea «arrisku faktore bat» izan daitekeela, besteak beste irtenbide «nekeza» izan dezakeelako. «Instituzioetatik aterpeetara iristen diren gazteek, adibidez, dinamika ezberdinak dituzte: baliteke adingabe batek arau bat haustea, baina babes sare batean dagoenez, ez da kanporatzen. Adinez nagusiak bilakatzen direnean, baina, ondorioak beste era batekoak dira». Ohartarazi duenez, arau hauste «larri bat» eginez gero, arriskua dago aterpetik kanporatua izateko, eta, ondorioz, kalean gelditzeko. «Mundu konplexu bat da, eta, gainera, baliabideak falta dira».
Xilema fundazioko kideak azaldu du kezkatuta dagoela etxerik ez duten gazte etorkinen egoerarekin ere. Bat egin du kezka horrekin Gaiak ere, eta nabarmendu du gazte horien presentzia «gero eta agerikoagoa» dela kalean: «Batzuk migrazio bidaia bat egin dute, bizi duinago bat edukitzeko beste aukera batzuk izango zituztelakoan; beste batzuk, berriz, adingabeen babes sareetatik igaro ostean gelditu dira kalean». Haren arabera, gazte horietako gehienek «bizi berri bat» izan nahi dute, eta jardun edo arlo jakin batean trebatu nahi dute askok. Baina kalean bizitzeak ez du laguntzen urrats horiek egiten.
Emakumeak, ezkutuago
Gizonezkoaren irudiarekin lotu ohi da etxegabeen profila, baina adituek ikuspegia zabaldu beharraz ohartarazi dute. «Gero eta argiago daukagu: etxerik gabeko emakumeak hor daude, baina oso ezkutuan», nabarmendu du Gaiak. Haren iritziz, andreek erresistentziara jotzeko joera dute, eta hainbat egoera jasaten dituzte kalean gelditu baino lehen; besteak beste, seme-alabak dituztelako beren kargu. Unanuak erantsi du gero eta emakume gehiago artatzen dituztela beren programetan: zehazki, etxegabeen %15 dira andreak, 2010ean baino bost puntu gehiago. Emakumeek gizonezkoek baino beranduago jotzen dute laguntza eskatzera: «Egoerak gainditu nahian aritzen dira, baina, azkenerako, kolapsatu eta lur jota bukatzen dute».
Unanuak indarkeria matxistan arreta jarri beharra ere azpimarratu du, etxerik gabeko hainbat andre bortizkeria horren biktima direla argudiatuta. «Kalea arriskutsuagoa da haientzat; errazagoa da eraso bat jasatea, eta, beraz, defentsa mekanismoak jartzen dituzte abian, hala nola rol maskulinoak barneratzea». Gogoan izan du «kateatzearen fenomenoa» ere. Haren hitzetan, etxerik gabeko andre batzuk pertsona batengana kateatzen dira, oro har, gizon batengana, nahiz eta hark ere emakumearen aurkako bortizkeria erabil dezakeen. Beraz, funtsezkotzat jo dute haien jardunetan genero ikuspegia txertatzea, eta bortxa matxista jasan duten etxegabeen artarako bitarteko jakinak jartzea.
Egoerei erantzun
Etxegabeen soslai zehatzik ez dagoela adierazi dute adituek, baina Unanuak ezaugarri komun batzuk aipatu ditu: «Bakarrik egon ohi dira, eta menpekotasunak ere izaten dituzte, batez ere alkoholarekin; buru osasuneko arazoak ere nabarmenak dira». Gaiak ohartarazi du etxegabeei, sarritan, asko kostatzen zaiela medikuarengana joatea, eta kontrako bidea egiten dela: «Kaleko psikiatrak daude, eta saiatzen dira jendearengana hurbiltzen, nahiz eta guztiengana ez iritsi». Adituek, beraz, uste dute erantzunak «hobetu» egin behar direla.
Unanuak azpimarratu du prebentzioan lan egin behar dela, eta etxegabeen egoerak ikusgai egin behar direla. «Topiko bat eman dezake, baina edozeini gerta dakioke: momentuko bizi gertaerek eragin zuzena izan dezakete». Nafarroako Gobernuak ere asteotan adierazi du etxerik gabekoen arretarako eredua berrikusten ari dela, haien «erabateko inklusioa» lortzeko.
Gaiak egungo sistema egokitu beharra hartu du hizpide: «Errealitatea oso azkar doa, eta gu, astiro; zaila da erantzun egoki bat ematea». Haren iritziz, orain da neurriak hartzeko ordua, baina argi du ardura ez dela soilik gizarte zerbitzuena: «Lana, osasuna eta etxebizitza; administrazioen arteko koordinazioa behar da, etxegabeen egoera sistema osoaren arazoa baita».
Etxebizitza larrialdia. Etxegabeak
Etxegabeak, iruditeriaz harago
Etxegabeen soslaia aldatu egin da: gazteagoak dira, eta batez ere etorkinak, adituen arabera. Emakumeak ezkutuago egoten dira, bestalde, eusteko joera dutelako. Haiekin lan egiten duten eragileek uste dute «hobetu» egin behar direla erantzunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu