Polizia eredua. Udaltzaingoa

Herriko langile ala polizia

Herritarrengandik hurbilen dagoen Polizia da Udaltzaingoa, baina hainbat faktorek baldintzatzen dute gertutasun hori: bertzeak bertze, ereduak, armek eta hizkuntzak.

Hainbat udaltzain, iazko udan, Bilbon, Aste Nagusia behar lukeen egunetan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gertutasunekoa izan behar duen, ala urruna. Herritarrei laguntzearen aldekoa, ala erreaktiboa. Edo, funtsean, herriko langile soila, ala polizia. Udaltzainen izaerari buruz askotariko iritziak daude, nori galdetzen zaion. Baina guziak bat datoz: historikoki herritarrengandik hurbilen egon den Polizia da Udaltzaingoa, eta, herri batzuetan bertzelako bilakaera bat izan badu ere, oraindik ere hala da.

Aritz Romeo Iruñeko zinegotzi ohiak eman du Nafarroako hiri handieneko datua: «Iruñean ezartzen diren salaketen %50 Udaltzaingoan ezartzen dira, eta udaltzainen komisaria da justu hiriaren erdigunean ez dagoen bakarra». Aitzol Osa Ondarroako udaltzainburuak (Bizkaia) ere uste du 1980ko urteetan sortu zenetik herritarrengandik hurbilen dagoen Polizia izan dela: «Hego Euskal Herrian, gatazkaren ondorioz, poliziak kuarteletan sartuta zeuden, eta funtzio asko Udaltzaingoak betetzen zituen». Horren adibide jarri du salaketa kopurua hark ere: «Herri txikienetan ere udaltzainek hartzen dituzte: hori estatuko beste inon ez da pasatzen».

Osak 21 urte daramatza udaltzain, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Ondarroan, eta uste du azken urteotan «arriskuan» dagoela harentzat Udaltzaingoak behar lukeen «gertutasunaren oinarria». Udaltzain sartzen diren gazteek bultzatuta gertatzen ari da, batez ere: «Sartu den gazte askok eredu bakarra ikusten du, Polizia erreaktiboarena, eta ordena publikoan sartzea eskatzen ari dira». Osak ez du uste hala behar duenik, ordea: «Ez da gure eskumena sekula izan, eta uste dut horretatik urrun gelditu behar garela. Gure esparrua beste bat da».

Romeok kontatu duenez, Iruñeko Udalak parte hartze prozesu bat hasi zuen 2015ean, udaltzainekin, herritarrekin, sindikatuekin eta udal talde guziekin batera, hain justu horri buelta emateko, eta, geroztik, «Polizia komunitarioa» dabil auzoetan. Bertzeak bertze, oinez ibiltzen dira, uniforme urdina daramate, eta erreferentzia dira auzoetan: «Auzokideek ezagutzen dituzte, konfiantza dute haiengan, eta horrek aukera ematen du lan saio batzuk egiteko, proaktiboki, prebentzioa lantzeko, eta arazoei aurre egiteko arazoak gertatu baino lehen». Richard Sokodiabehere Baionako udaltzainen zerbitzuburuak azaldu du Ipar Euskal Herrian auzapez bakoitzak ematen diela udaltzainei nahi duen izaera, ez baitago «doktrina nazionalik». Baionan eredu «orekatu» bat dutela dio; ez soilik errepresiboa, ez soilik hurbila: «Ongi bizitzearen Polizia bat da gurea. Auzapezak eskatzen digu karrikan presente egoteko, lotura bat atxikitzeko herritarrekin, gure lanaren bihotza baita; baina, aldi berean, badira lasaitasuna oztopatzen duten jarrerak, eta horrek eskatzen du isunak jartzea».

Baionako udal poliziek, erraterako, armak daramatzate soinean: denek eta beti. «Ez gara karrikara ateratzen armatuak ez bagaude», dio Sokodiabeherek. Azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan armen erabilerarekin gertaturikoa ere izan daiteke joera aldaketa baten seinale: 2019ra arte udaltzainek tokian tokiko gobernuen oniritzia behar zuten suzko armak erabiltzeko, baina Arrasaten eta Eibarren (Gipuzkoa) polemika sortu zen urte hartan, hainbat udaltzainek pistolak erabiltzeko eskaera egin baitzieten haien udalei. Ezezko erantzunak jaso zituzten, eta Eibarkoek auzitara jo zuten, SVPE sindikatuaren bidez eta Erneren babesarekin. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien azkenean, eta, ordutik, udaltzain guztiek eraman dezakete pistola—udalek argudiatu egin behar dute noiz ezin duten erabili—. Erne sindikatuak, hain justu, uste du polizia «guztiek» eraman behar dutela arma, salbuespenik gabe: «Polizia izateagatik armatuta joan behar dugu, segurtasunagatik. Nola segurtatuko ditugu herritarrak gu seguru ez bagaude?», galdetu du Josean Bogajo Erneko udaltzainen koordinatzaileak. Herri txikietan ere hala behar duela uste du, delinkuentzia tasa txikiagoa izan arren: «Ez da ezer gertatzen, gertatzen den arte». Bertzelako iritzia du Osak. Ondarroarako, adibidez, ez du beharrezko ikusten armak edukitzea, eta iruditzen zaio, are, herritarrengan «mesfidantza» eragiten ahal duela horrek: «Hurbiltasunaren galera sor dezake».

Deialdiak non eta nola

Bada bertze urruntze mekanismo bat, azken urteotan bertzeak bertze ELAk eta LABek salatu izan dutena: lan eskaintza publiko bateratuena. Izan ere, lan poltsa bakarra dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri anitzek, eta Arkautiko Akademiak kudeatzen du. Osa ez dago haren alde, herri ertain eta txikiak «azken aukera» izaten direlako aurkezten diren udaltzainentzat. Halaxe azaldu du Bogajok ere: udaltzain aurkezten direnek hiriak nahiago izaten dituztela maiz, «postuz igotzeko» aukera gehiago ematen dutelako, eta «Polizia kontzeptu ezberdina» dagoelako hirietan, «egonezina» dutenentzat interesgarriagoa. Lekuak ez ezagutzeak ere ekartzen ditu arazoak: «Bilbokoa bazara eta Donostiara bidaltzen bazaituzte, ez dakizu hiriak nola funtzionatzen duen, kaleak non dauden». Behar adina udaltzain kontratatu ezina ere gertatu zaie: udan, batez ere. Halere, Erne ez dago deialdi bateratuaren aurka, berez: «Ideia ona izan daiteke, baina ez dira ongi egiten ari». Ipar Euskal Herrian are urrunagoa da hautaketa prozesua: Parisen egiten dute konkurtsoa, eta Frantziako Estatuko edozein udaltzain etor daiteke Euskal Herrira lanera.

Osaren ustez, bertze arazo bat ere badago: hizkuntzarena. «Euskarazko B2 maila ez da nahikoa Ondarroan, Hernanin edo Markinan zure lanpostuan kalitatez aritzeko». Horri guziari aurre egiteko, lan deialdi propioa deituko dute laster herrian, inguruko jendea eta euskaraz ongi dakiena aurkez dadin. Iruñean eta Baionan ez dago euskara eskakizunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.