Polizia eredua. Foruzaingoa

Foruzaingoa, osorik baina mugatuta

Nafarroan, lau poliziatik bat foruzaina da, eta egindako delituen erdiak ikertzen dituzte. Ertzaintzaren modura polizia atal guztiak osotasunean hartzeko, 1.500-1700 foruzain beharko lirateke; horretarako, segurtasun indarrek atzera egin behar lukete.

Foruzainen errepide kontrol bat, Azkoienen. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iruñean antolatu ohi diren manifestazioei erreparatu besterik ez dago jabetzeko. Espainiako Poliziaren unitateak arduratzen dira kontrolaz. Iragan legealdian, 2016ko azaroan Osasunaren eta Alavesen arteko derbi batean izandako poliziaren oldarraldi bortitz baten ondorioz, Foruzaingoak Sadar zaintzeko erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zuen EH Bilduk. Maria Jose Beaumont orduko Barne kontseilariak erantzun zuen ez zela posible. Ez nahi ez zelako, hori egiteko nahikoa foruzainik ez zegoelako baizik.

Ertzaintzak eta Mossoek bezala, poliziaren atal guztiak biltzen ditu Foruzaingoak; hala nola trafikoa eta errepide zaintza; hiri segurtasuna; lapurreten, sexu erasoen, genero indarkeriaren eta hilketen ikerketa; ingurumen arloko unitateak; eraikin publikoen zaintza... Alta, Ertzaintzak atal horien guztien ardura osoa du, eta segurtasun indarrak estatuak zehaztutako funtzioez arduratzen dira. Nafarroan, aldiz, Foruzaingoak zeregin horietako asko Poliziarekin eta batik bat Guardia Zibilarekin partekatu ohi ditu. Foruzaingoak polizia oso izateko ezaugarriak ditu, baina ardurak osotasunean hartu ahal izateko mugatuta dago egun.

2005ean, mugarria

Egungo egoera iraganeko bilakaeraren ondorio da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan garapen txikia izan zuen. «Sortzez, polizia txikia zen. Eraikinak babesteaz,agintari publikoak zaintzeaz, trafikoaz eta ingurumenaz arduratzen zen». Roberto Valencia SPF sindikatuko ordezkariaren arabera, Foruzaingoa batik bat 2005etik aurrera hasi zen handitzen, Miguel Sanzen agintaldian Foruzaingoan, SPF eta APF sindikatuek gehiengoa dute, zazpina ordezkarirekin; CCOO, ELA eta UGTk bederatzi dituzte, orotara. Oparoaldi ekonomikoko garaian, lurralde osora hedatu eta komisariak ireki zituen Tafallan, Altsasun, Lizarran eta Elizondon. Halaber, urtero 50-100 polizia inguruko lan deialdiak egiten ziren.

Hazkunde hartan, atal berriak bereganatu zituen Foruzaingoak. «Polizia gaztea da. Jende berria sartu zen, eta ikasiz joan zen. Segurtasunaren pisua Guardia Zibilak eta Poliziak zuten, baina urteen poderioz heldu egin da». Foru Hobekuntzak jasotzen duenez, Foruzaingoaren garapena Madrilgo eta Nafarroako gobernuen arteko Segurtasun batzordean negoziatu behar da, eta 2009. urtean bi aldeek hitzartu zuten 2013rako 1.200 foruzain kopurura heltzeko helburua. Alta, 2011n murrizketen aroa iritsita, hazkundea eten eta ezerezean geratu zen konpromiso hura.

Geroztik, urtetik urtera foruzain kopurua 1.050-1.087 ingurukoa izan da. Egun, zehazki, 1.077 foruzain daude. Nafarroan diren lau poliziatik bat foruzaina da (%27 zehazki). Gainerakoetatik, erdiak baino gehiago (%54) guardia zibilak eta poliziak dira. Alta, haien jarduera neurtzean, polizia kopurua ez dator bat emaitzarekin. 2019an Nafarroan salatutako delitu larrien (lapurretak, sexu erasoak edo hilketak) %41,6 foruzainek ikertu zituzten. Oro har, lurraldean gertaturiko delituen erdiak hartzen dituzte beren gain, eta trafikoko arau hausteen %70.

«Arrakastaz hiltzen ari da Foruzaingoa», dio Valenciak. Tafallako bere komisaria hartu du adibide. Artaxoatik San Adrian eta Milagrorainoko eremu zabala betetzeko, urtea bizpahiru patruilekin hasten dute; baina, hilabeteak aurrera egin eta egutegiko opor, aparteko ordu eta baimenak gehitu ahala, urtea patruila bakarrarekin amaitzen dute. «Lanez gainezka gaude. Beste unitateetan galdetuz gero, erantzungo dute zama handia dutela. Jende gehiago eskatzen dugu».

Zenbat gehiago? SPFk kalkulatu du 1.500-1.700 foruzain behar direla Ertzaintzaren moduko eredu oso bat bere gain hartzeko. «Auzia politikoa da. Nafarroan ezin dugu 5.000 poliziak egon. Foruzaingoak aurrera egiteko, besteenak behera egin behar du, eta hori gai labainkorra da», aipatu du.

Geroa Baik eta EH Bilduk Foruzaingoaren garapen osoa defenditzen dute. UPNk eredu hori bultzatu du betidanik, baina azkenaldian oso kritiko agertu da segurtasun indarrek atzera egiteko aukeraren aurrean. PSNk, berriz, polizien arteko «lankidetza» du hizpide une oro.

Eta haien eskuetan dago Barne Departamentua. Javier Remirez Barne kontseilariak promes egin zuen legealdiaren amaieran 1.200 foruzain izateko helburua zuelagehi trafiko eskumena eskuratuta beharko diren 149 gehiago. Lehen aldiz 1.100eko zifra gaindituko bada ere, ez dirudi konpromisoa beteko duenik. Lehenik, azaroan, estatuko aurrekontu orokorren negoziazioan, EH Bilduk Madrilgo gobernuarekin hitzartu zuen foruzainak 60 urtetik aurrera erretiratu ahalko direla. 2023rako 85 polizia inguruk beteko dute baldintza hori. Bestetik, abenduan Foruzaingoan 95 lanposturen deialdia egingo bada ere, horietatik 43 izango dira berriak.

Polizia oso baten ereduari aurre egin eta barne antolamendu malguago bat ezarri asmoz, iragan legealdian Uxue Barkosen gobernuak 2007ko Polizien Legea aldatzea bultzatu zuen. Egitasmo hark zalaparta handia eragin zuen Foruzaingo barruan eta gobernua sostengatzen zuten lau indarren artean. Azkenean legea onartu zen, baina Navarra Sumak ezarritako zuzenketa bat aurrera atera zen, PSNri eta Orain Bai (Ahal Dugu-tik zetorren) taldeko bi parlamentariri esker: etorkizunean bere gain jarduera bat osorik hartuz gero, guardia zibilak eta poliziak foruzain egiteko pasabidea ezarri zuen legeak.

Trafikoa, korapilatuta

Hain zuzen ere, hori gertatzear dago trafiko eskumenarekin. Akordioa ia egina dute Madrilgo eta Iruñeko gobernuek, 2025erako apurka errepideen zaintza Foruzaingoak osorik har dezan, baina kostu horren finantzaketa lotu gabe dute. Halaber, ikusteko dago zenbat guardia zibil bihurtuko diren foruzain. Etorkizunean, norabide horretan, hiri segurtasuna eta ordena publikoa bere gain osorik hartuz gero, gauza bera gerta daiteke poliziekin.

Hori guztia argitu zain, zalantzak pizten ditu Remirezen eta PSNren ildo politikoak eta kudeaketak. Alde batetik, epeak agortu bazaizkio ere, ez du araudirik landu. Valencia: «Denak dira hitz onak, baina denbora aurrera doa, eta luzatu besterik ez dute egiten. Konfiantza erabat galdu dugu».

Gainera, legealdiaren hasieran 2023ra arteko plan estrategikoa aurkeztu zuen. Neurriak eta helburuak ezartzen badira ere, etorkizunean polizia oso izateaz ez da hitz erdirik aipatzen; lankidetza, berriz, etengabe aipatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.