13. Literaturia

Zientzia fikzioaren etorkizunak

Danele Sarriugarte idazlea, Amaia Apalauza eta Arrate Hidalgo itzultzaileak, eta Katti Olaizola editorea literatura arloko zientzia fikzioaz mintzatu dira Literaturiako solasaldietako batean.

Ezkerretik eskuinera, Katti Oilaizola, Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo, atzo, Zarauzko Modelo aretoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gorka Arrese.
Zarautz
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aurten 50 urte dira Aldous Huxleyren Bai mundu berria (Brave New World) eleberria plazaratu zuela Lur argitaletxeak, Xabier Amurizaren itzulpenarekin. Eta irail honetan argitaratu du Igela etxeak Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua (The Word for World is Forest), Amaia Apalauzak euskaratua. Mende erdi horretan zientzia fikzioa Euskal Herrian nolakoa izan den azaltzen jardun dute Literaturian lau lagunek: Arrate Hidalgo Sanchez (Bilbo, 1987) itzultzailea eta editorea da, Ansible Fest zientzia fikzioaren jaialdi feministaren sortzaileetako bat; Katti Olaizola Gabirondo (Zarautz, Gipuzkoa, 1985) editorea da Elkar etxean, eta zientzia fikzio feministaren Zarauzko irakurle taldeko kidea; itzultzailea da Amaia Apalauza Ollo (Iruñea, 1979); eta idazlea eta itzultzailea da Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989).

Euskarazko zientzia fikzioaren historiaren hastapena, batzuentzat, Xabier Kintanak Euskal Elerti-69 bildumaren barnean plazaratutako Izaki berria kontakizunak markatzen du. Beste batzuek uste dute, agian, Txillardegiren Orangutanen ugartea ipuinari erreparatu behar zaiola, 1957an Egan aldizkarian argitaratua.

Nolanahi ere den, Literaturian izandako solaskideek Mayi Pelot idazleari gorazarre egin diote, idatzi baitzituen bi liburu berezi: Biharko oroitzapenak (1985) eta Teleamarauna (1987), Maiatz etxeak argitaratuak biak. «Eskoletako literatura egitarauetan txertatu behar lirateke Peloten fikzioak», eskakizun hori egin du Olaizolak.

«Le Guinen nobela itzuli nuen arte, aurreiritziak nituen. Bigarren mailako literaturatzat neukan zientzia fikzioa», aitortu du Apalauzak. «Lander Majuelok [Igelako editoreak] euskaratzeko eskatu zidanez gero, mundu bat zabaldu zait. Nire kezka batzuk, nondik bideratu ez nekizkienak, Le Guinek landuta ikusi ditut». Gaur egungo kezkez eta gatazka moralez jarduteko tresna aproposa iruditzen zaio espekulaziozko fikzioa.

Euskarara egindako itzulpenen bilan moduko bat eginda dauka Apalauzak. Hogei eleberri zenbatu ditu, Mary Shelleyren Frankenstein eleberriarekin hasita. Liburu atalen eta istorio solteen multzoan zazpi sartu ditu, eta egokitzapenen sailean, aldiz, sei. «Senez aldizkarian argitaratuko dut hauei buruzko artikulu bat», iragarri du.

Gerorako zirriborroak

Zientzia fikzioa gaitzat hartuta, bertso saio bat gida zezan proposatu zioten Sarriugarteri: «Harrezkero interes biziz hurbildu naiz literatura honetara». Bilbon egin zen saio hura, 2019an, Uxue Alberdi, Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Eli Pagola bertsolariekin. «Eta Mutrikun (Gipuzkoa) ere egin genuen beste bat iaz».

Zirriborroak eta gero bildumarako fabula bat idazteko eskatu zioten Gasteizen. «Zer gertatzen da K herrian ilargi bete gauetan? idatzi nuen nik. Bilduma ederra osatzen ari dira». Han idatzi dute kontakizun bana Katixa Agirrek, Iban Zalduak, Karmele Jaiok, Patxi Zubizarretak, Harkaitz Canok eta Uxue Alberdik. «Krisi sozialen eta ekonomikoen aurrean alternatiba bat espekulatzea asmo ederra da».

Olaizolak Zarauzko irakurle taldeko esperientzia kontatu du: «Ezjakintasun handia genuen. Liburuak gaztelaniaz eta ingelesez irakurtzen hasi ginen. Hogei bat lan irakurri genituen, eta haietatik lau bakarrik izan ziren euskaraz». Izurriteak bertan behera utzi zuen taldearen martxa, baina berriz ekiteko gogoz daude.

Hidalgok adierazi du «zientzia fikzioari esker bueltatu dela euskarara». Hamar urte atzerrian igaro ondoren itzuli zen Bilbora. «Ansible Fest jaialdia antolatu genuen 2018an. Mayi Peloti omenaldia egin genion Baionako gaztetxean, 2019an. Eta Peloten kontakizunak ingelesera itzuli ditut orain». AEBetako Aqueduct Press argitaletxeak 2022an plazaratuko du liburua.

Atzo beste solasaldi bat ere izan zen Literaturian, arratsaldez. Saiakeraren itzulpengintzaz jardun zuten Amaia Astobizak, Danele Sarriugartek, Olatz Estebanek eta Maialen Berasategik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.