Artxibo batean arakatzeak eman ohi ditu ezustekoak. Horretaz zerbait badaki Mila Salterainek. Dokumentazio lan sakona egin izan du plazaratu duen liburu bakoitza idazten hasi aurretik, eta sarritan jo izan du artxibategietara. Orain dela zenbait urte, Bizkaiko Artxibo Historikoan beste zerbaiten bila ari zela, «zirrara» eragin zion zerbait topatu zuen paper artean. «Durangaldean, arrazolar, aramaioar, abadiñar, otxandiar eta berriztar jendez osaturiko faltsifikazio talde bat». Dokumentuek diotenez, 50 pertsona inguruk osatu zuten taldea. «Tartean hiru eskribau zeuden, eta kabildo eklesiastikokoek ere abalak sinatu zizkieten. Hamabi urtean ekin zioten urrezko, zilarrezko eta kobrezko dirua faltsifikatzeari, eta, atzenean, itzelezko pleitu bat sortu zen han, eta zigorrak gogorrak izan ziren». Hari horri tiraka idatzi du orain Sasiola nobela historikoa. Fikziora jo du istorioa kontatzeko, baina oinarri dokumental sendoa baliatu du aldi berean. Alberdania argitaletxearekin plazaratu du idazleak lan berria.
Literaturaren historian, eleberri historikoa lantzeko bi joera nagusi izan dira, Jorge Gimenez Bechen hitzetan: «Bata da gertaerak eta garaiak atrezzo huts moduan erabiltzen dituena, gero hor kokatzeko fikziozko nahiz egiazko pertsonaien ibilerak, idazlearen komenentzian, kontatu nahi den istorioa kontatzeko». Beste joera Salterainek jarraitu duena litzateke, Alberdaniako editorearen ustez: «Kronikatik askoz ere gertuago dagoen bide bat da, dokumentaziotik eta pertsonaien bizipenen ezagutzatik abiatzen dena, eta kontatzen dituena ez bakarrik pertsonaien bizipenak; giroaren eta garaiaren barruko mekanismoak ere azaleratzen ditu».
Gertaeren arrazoietan eta pertsonaien motibazioetan jartzen dute fokua nobela historiko horiek, eta Salterainek ere ildo berean kokatu du idaztean izandako asmoa. «Pertsonaia historikoen arrazoiak ulertzea da helburua, bere garaian kokatuta. Eta pertsonaia historiko horiek ez dute jauntxoak izan behar. Historia egin dugunok herri xehea, jende xumea gara. Gerrateetara bidaltzen ziren soldaduak, beste batzuei negozioa ekartzen zieten marinelak, zergak ordaintzen genituenak... Hori ginen gu, jende xumea; beraz, gutariko jendez eginda dago historia. Dokumentazio batzuk dauzkagula, norbaiti mesede egin diotelako eta hura goraipatzen dutelako... Hori ez da gure historiaren zatia; gure historiaren zatia gure arbasoak dira».
Ideia hori zuen buruan Bizkaiko Artxibo Historikoan «zirrara» eragin zion aurkikuntza egin zuenean. Materialak biltzen hasi zen, «ea zer atera zitekeen handik», fikziozko bideari dokumentaziotik heltzeko. «XVII. mendea garai korapilatsua zen. Zergatik faltsifikatzen zen dirua?». 150 urteren bueltan, Gaztelako koroaren ogasunak lau aldiz porrot egin zuela kontuan hartzekoa dela azaldu du, eta horren bueltan mailegu-emaileak eta beste ere agertu zirela. Hainbat doktore tesi eta askotariko artikulu mordoa ere irakurri zuen idazleak horiei guztiei buruz dokumentatzeko.
Eta, oinarri horretatik, pertsonaiek markatutako bidetik ekin zion istorioa garatzeari. Protagonista nagusia Manuela Mena da, faltsifikatzaileen taldeko kidea, 19 urterekin, zigortu, itsasontzi batean sartu, eta Ternuara deserriratu zutena, eta gerora Euskal Herrira itzuli zena. Beste pertsonaia garrantzitsu bat Agustin Galdos da. «Bakoitzak bere istorioa du, eta neguko arratsalde hotz batean halabeharrak elkartuko ditu».
Pertsonaia gehiago ere badira, azken batean, Durangaldeko herritar haiek guztiek bizi izandako arazoak kontatzen baitira. Zalantza bat buruan bueltaka zuela idatzi zituen haien gorabeherak Salterainek: «Gaizkileak ziren, ala injustizia baten biktimak?». Dokumentazio guztia sakon arakatzeak ere ez dio, ordea, galdera guztiz argitu —horregatik liburuaren azpititulua, galdera eta guzti: Diru faltsua XVII. mendeko Durangaldean: iruzurra ala koroaren aurkako matxinada?—. Balio izan dio, behintzat, arazoa «gogorra» izan zela ondorioztatzeko.
Kronikaren moldean
Erresumaren ilunsentia (Txalaparta, 2014) izan zuen lehen nobela Salterainek, eta Azeri-dantza (Txalaparta, 2017) eman zuen ondotik. Hiru urte igaro ziren bi lanen artean, eta hiru igaro dira azken hartatik berrira ere. Denbora hori hartu izana ez da harritzekoa, Gimenez Bech editorearen ustez: «Mila Salterain hitzaren eta literaturaren urregilea da; alegia, lan egiten du urrea lantzen den bezala, tentu handiz, jakituriaz eta aldez aurretik informazio eta jakin beharreko ugari bilduta. Ez dabil fikzioa fikzioaren truke horren ildoan; idazkera dokumentatua nahi du beti. Horregatik behar du denbora, eta horregatik dira bere fruituak umotzen zailagoak beste batzuk baino».
Gertaera bakoitzaren protagonistari ahotsa emanez eta narratzailearen presentzia «oso lauso» bat baliatuta osatu ditu Salterainek liburuko atal laburrak, kronikaren estiloan. «Molde horrek dakar oso arin irakurtzen den nobela bat izatea, koadro aberatsak pintatzen dituena, eta oso teknika inpresionistaz landutakoa», editorearen ustetan. Pertsonaia guztien zerrenda ageri da azken orrialdeetan; bai fikziozkoak, bai historikoak. Benetako pertsonaien nondik norakoak ere azaldu ditu beste atal batean, baita inguru hartan galdu ziren etxeen zein Bizkaiko Artxibo Historikoan eskura dauden dokumentuen zerrenda bana ere. Nobelako familia protagonistaren zuhaitz genealogikoa ere jaso du, eta zeregin hori amaituta eta liburua inprentarako bidean zela topatu zen Salterain beste ezusteko batekin: senide zuzenak ditu.
Dirua faltsutzen Durangaldean
Mila Salterainek 'Sasiola' nobela historikoa idatzi du, dokumentazio lan sakona eginda. XVII. mendean dirua faltsutzen jardun zuen talde baten hariari tiraka ondu du eleberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu