Umorea, barrenak askatzeko

Txalo konpainiak 'Lehendakarigaia' emango du gaurtik igandera, Donostian. Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza dira aktoreak, lehendakaria eta psikiatra, hurrenez hurren

Iker Galartzak jokatzen du lehendakariaren rola obran, eta Zuhaitz Gurrutxagak psikiatrarena. DAVID VICENTE / TXALO KONPAINIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Inbestidura saioa prestatzen ari da lehendakari hautatu berria. Entseatzen hasi, eta, azken orduan, ezusteko arazo bat sortuko zaio: aurpegian, kendu ezineko tik arraro bat agertuko zaio. Egoera konpontzeko asmoz, psikiatra bat joango da lehendakariari laguntzera, eta, bien arteko solasaldiaren bitartez, tik hori kentzen ahaleginduko dira. Horixe da Txalo konpainiaren Lehendakarigaia antzezlan berriaren abiapuntua. Iker Galartzak jokatuko du lehendakariaren rola, eta Zuhaitz Gurrutxagak, berriz, psikiatrarena. Begoña Bilbaok zuzendu du obra, eta Hondarribian (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Villabonan (Gipuzkoa), Mungian (Bizkaia), Ordizian eta Lezon (Gipuzkoa) erakutsi ondotik, gaur Donostian taularatuko dute, Antzoki Zaharrean. Igandera bitarte arituko dira hartan, eta, hortik aurrera, herriz herriko bira bat abiatuko dute.

Lehendakariaren bulegoan jazoko da istorioa, eta Gurrutxagak hainbat konturen inguruan galdetzeko baliatuko du elkarrizketa: «Nik psikoanalisi moduko bat egingo diot lehendakariari; profesionalek egiten duten bezala, galdera motzak egingo dizkiot erantzun luzeak atera nahian». Besteak beste, umetako oroitzapenak eta familiako eta lagunarteko harremanak izango dituzte hizpide solasaldian.

Komedia gisa definitu dute obra, eta umorea izango du ardatz, beraz. «Ez da bizitza aldatuko dizun antzezlan bat, baina bai eguneko aldartea aldatuko dizuna, dudarik gabe», Gurrutxagaren esanetan. Era berean, antzezlanaren bitartez, psikologoarengana joatea arrunta dela erakutsiko dute: «Tarteka, denok joan beharko genuke psikologoarengana barrenak askatzera; obraren bitartez jendeak horren inguruan pentsatuko duela iruditzen zait». Donostiara «puntu gorenean» datozela ere azpimarratu du, eta taula gainera igotzeko gogoz daudela bi aktoreak.

Antzezlan honi esker, Galartza eta Gurrutxaga lehenengoz aritu dira elkarrekin oholtza gainean, eta Gurrutxagak nabarmendu du esperientzia «oso ona» izan dela. «Barre eragin nahi baduzu, Ikerrekin aritzea bermea da: euskaraz eta komedia egiten, onena ez bada, hoberenen artean dago», gehitu du.

Halaber, hirugarrenez aritu da Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean: «Begoñak aholku asko ematen dizkit, eta, haren laguntzari esker, konfiantzaz igotzen naiz taula gainera». Aktore gisa egin duen laugarren antzezlana da Gurrutxagarentzat, baina, oraindik ere, ez du bere burua aktoretzat hartzen: «Bilatu gabe iritsi diren aukerak izan dira, eta aprobetxatu egin ditut ondo pasatzen dudalako, esperientzia berriak direlako eta asko ikasten dudalako».

Ramon Madaula aktore katalanarena da Lehendakarigaia obraren jatorrizko testua, eta hura moldatu du Txalok. Gidoia, berriz, Martin Agirrek euskaratu du.

Etenik gabeko bira

Bi hilabetez antzezlana prestatzen ibili ondoren, joan den urtarrilaren 14an estreinatu zuten, Hondarribian. «Etenik gabe ari gara emanaldiak egiten, eta, horri esker, konfiantza handiagoarekin igotzen gara oholtza gainera», esan du Gurrutxagak.

Orain arteko emanaldietan, publikoaren aldetik «espero baino harrera hobea» izan dutela nabarmendu du, eta pozik daudela jasotako babesarekin: «Jendeak barre asko egiten du». Bizitzan, oro har, umorea «beharrezkoa» dela iruditzen zaio: «Serioegi hartzen dugu bizitza, eta, sarritan, horregatik sufritzen dugu horrenbeste».

Donostiako emanaldien ondotik, Euskal Herrian zehar ibiliko dira datozen lau hilabeteetan. Otsailean, herri hauetan izango dira: 4an, Zarautzen (Gipuzkoa); 5ean, Azkoitian (Gipuzkoa); 10ean, Santurtzin (Bizkaia); 11n, Elgoibarren (Gipuzkoa); 12an, Berrizen (Bizkaia); 18an, Andoainen (Gipuzkoa); 19an, Zizurren (Nafarroa); 20an, Amurrion (Araba); 25ean, Etxarrin (Nafarroa); 27an, Arrasaten, eta 28an, Eibarren (Gipuzkoa). «Guztira, 40 emanaldi inguru; gozatzeko gogoz gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.