Trantsizio energetikoa: zertarako eta nola?

Mikel Otero eta Pello Otxandiano
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Josu Jon Imazen azken hitzek ondo adierazten dute non gauden: Europak porrot egin omen du herritarrak fakturak ordaintzeko gai ez direlako, eta erreferentzia Estatu Batuak omen dira trantsizio energetikoari dagokionez neutraltasun teknologikoa errespetatzen duelako (teknologia guztien arteko aukera berdintasuna), zein eta Europaren biztanleko CO2 isurketak bikoizten dituen herrialdea. Transnazionalen botere ekonomikoa eta industria fosilistaren interes korporatiboa, biak ordezkatzen ditu egun Josu Jonek pertsona bakarrean; klima larrialdiari erantzuteko behar den trantsizio energetikoaren zertarakoa eta nolakotasuna oztopatzen ari diren bi lobby nagusiak, klimaren azken COP konferentzietan ikusi ahal izan dugunez.

Ez gara diagnosian luzatuko, sobera ezaguna baita: azken azterketa zientifikoen arabera, 1,5ºC-ko muga gaindituko ez badugu, 2030erako emisioak %45 murriztu beharko ditugu (1990ekoen aldean). Eta nola dago Euskal Herria testuinguru historiko honetan? Termino energetikoetan Euskal Herriak zaurgarritasun estrategikoa du, gure ongizate eredua eta eredu produktiboa neurriz kanpokoa den, hein handian inportatzen dugun eta nagusiki fosila den kontsumo energetikoan oinarritzen baita modu zeharo arriskutsuan.

Zer da jokoan dagoena trantsizio energetikoari dagokionez, beraz? Zertarako eta nola: trantsizio energetikoak zeri erantzungo dion eta nola egingo den, hau da, zeren eta noren mesederako izango den. Egoerari tamainan erantzun nahi badiogu, bi hankako estrategia behar dugu: energia kontsumoaren uzkurdura eta energia berriztagarrien hedapena. Biak ala biak, eta biak eskutik. Eta horrek eraldaketa ekosozialaren arrastoa hartzera behartzen gaitu, halabeharrez.

Alabaina, orain arteko garapen ereduarekin jarraitzeko inertziak oso indartsuak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) oinarrizko dokumentua har dezagun, adibidez, zeinak honako helburu energetikoak proposatzen dituen: berotegi efektuko gasen (BEG) %60ko murrizketa 1990. urtearekin alderatuta eta %40ko energia berriztagarrien garapena 2050. urterako, noiz eta Europak aspaldi onartu duenean 2050erako karbono neutraltasuna erdietsi behar dela (%90 inguruko BEGen murrizketa 1990. urtekoekin alderatuta), eta ondorioz, ordurako, sistema energetikoa berriztagarria izan beharko dela neurri handian (osorik ez bada).

Eta nola liteke EAEn dozenaka parke eoliko proposatzen dituen LPSak (bidenabar, hamarraldi bat berandu datorrena) energia berriztagarrien %40ko garapena soilik aurreikustea eta BEGen emisioen hain murrizketa apala? Oinarrian duen estrategia energetikoak kontsumo energetikoak gora egitea aurreikusten duelako sektore guztietan, gas naturalaren eta petrolioaren eskariaren (zein inportazio elektrikoaren) gorakadarekin batera: berriztagarriak bai, fosilak ere bai. Hau da, LPS honek oinarrian duen estrategia energetikoa ez da EAEko ekonomiaren deskarbonizazioa helburu duen estrategia bat, baizik eta eztabaida klimatikoan business as usual gisa izendatzen diren parametroetan kokatzen da, Parisko Itunaren helburu klimatikoak erdiesteko bide orritik oso urrun. Ez baitago helburu horietara iristerik erregai fosilak alboratu gabe eta kontsumoaren uzkurdura larri bat planifikatu gabe.

Hori bezain egia da bigarren hau: nahi den kontsumoaren uzkurdura guztiarekin ere, ez dago helburu horietara iristerik eskala ezberdinak baliatuko dituen energia berriztagarrien hedapen indartsurik gabe, berau modu ordenatu eta demokratikoan eginda, betiere. Izan ere, gure kontsumoen, kanpoarekiko dependentziaren eta erregai fosilen erabilera datuak eskutan, eta eskala eta teknologia berriztagarri desberdinen potentzialak zehaztasun teknikoz aztertuta, zera esan dezakegu: errealismo politikoari iskin egiten ez dion imajina daitekeen kontsumoaren uzkurdura guztiarekin ere (%50 anbizio handieneko planifikazioen arabera), nahikotasunezko autosufizientzia maila bat eskuratu nahi badugu herri gisa (eta gaude beharrezkoa zaigula krisi energetikoaren testuinguruan dugun zaurgarritasuna gutxitzeko) eta erregai fosilak alboratu behar baditugu, ez da aski autokontsumoarekin eta sorkuntza banatuarekin, ezta urrundik ere. Hala diote datuek.

Beraz, energia berriztagarriak eskala desberdinetan bai, baina zertarako eta nola? Erantzun diezaiogun galdera horri errealitate konplexuari aurre eginez. Ezkerrak ezin dio ardura horri iskin egin, jakinik ez dagoela inpaktu zeroko soluziobiderik. Hauxe da gure erantzuna: modu ordenatu eta demokratikoan, eraldaketa ekosozialaren zerbitzura. Hori da, hain zuzen ere, borrokatu beharrekoa.

Zer da EH Bilduk proposatzen duena, beraz? Honako hau, finean: egin dezagun ariketa kolektibo bat (herri ariketa bat, maila nazionalean zein herri eta eskualde mailan) ondoko galderari erantzunez: zer ongizate eredu nahi dugu guretzat eta ondorengo belaunaldientzat? Zer sartzen da barruan eta zer gelditzen kanpo? Eta atera ditzagun zenbaki energetikoak: zenbat MWh behar ditugu? Eta, ondoren, egin dezagun kontratu sozial bat: borrokatu dezagun behar dugun energia hori berriztagarria izan dadin eta modu demokratiko eta ordenatuan hedatu dadin (lurraldea eta pertsonak zainduz), eta borrokatu dezagun kontsumo maila hori ez gainditzeko behar den uzkurdura guztia.

Eta horretarako programa ekosozial oso bat behar da, besteak beste Josu Jon Imazek eskura dituen palankak desaktibatzeko borrokatuko duena, erregai fosilak alboratuz eta energia berriztagarriak demokratikoki hedatuz, transnazionalen botere korporatiboa ahal bezain beste azpiratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.