'Momentum' ekosoziala

Joseba Azkarraga, Etxagibel
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bolo-bolo dabil halako mantra ezkorra etorkizunaz. Uda beroa izan da oso, baina itxuraz etorkizuneko hotzena. Elikagaien prezioa ziztuan gora, baina gaitz erdi energiaren eskaste geologikoak hondoratzen ez badu Europako sistema industriala. Pandemiak itzulipurdiz jarri gaitu, baina eskertuta behar genuke oraingoak ez dituelako erasan, demagun, jendarteko txikienak, zer ote biharkoa. Euskal abertzaleek Madrilen gobernurik ezkerrekoena omen dena sostengatzen dute, defentsarako gastua ia %26 handituko duen berbera, izan ere, zer ote dator espainiar-espainiarrekin. Frantziak planteatu duela ur beroa kentzea eraikin publikoetan? Gutxienez bada urik. Triskantza dela Ukrainakoa? Itxaron lehertze nuklearrei.

Eskema kognitibo horrexek egituratzen du garaiotako zeitgeist partikularra: uneotan duguna txarra dela? Egon... Likidatutzat eman dezakegu, orain bai, aro modernoaren oinarri funtsezkoa den Progresoaren ideia. Kapitalaren metaketa prozesuak, finean, hil hurren utzi du esperantza. Eta etorkizuna galduta, antsiolitiko gehiegi kontsumitzen ari garela? Adi...

Territorio ilun honetan gaude, funtsean, gizadi industrialak muzin egin ziolako berregituratze ekologikoari, duela 50 urte inguru gutxienez, Hazkundearen mugak (1972) ikerlan ospetsua kaleratu zenetik, behintzat. Ikerlanak maisuki ohartarazi zuen kolapsoaren aukeraz. Huraxe zen ziaboga ekosozial ordenatua abiatzeko une bikaina, kontsumo eta ekoizpen ereduak serio aldatzen hastekoa. Aurreranzko ihesa hautatu zen, ordea: produktibismo keynesiarraren ostean, 80ko hamarraldian delirio neoliberalak eta interes korporatiboek hartu zuten kapitalismoaren gidaritza. Ezkerreko indarrak ere, oro har, berandu oso, alarma guztiak piztuta daudenean iritsi dira ekologiaren agenda ezinbestekora.

Emaitza: gaurko Interneta sortu zenetik (1991) jaurti da negutegi efektuko isurketa guztien erdia (%48a). 68ko maiatzetik, %75a. Bigarren Mundu Gerraren amaieratik, %87a. Orain, tarte askoz estuagoa dugu, eta denbora askoz gutxiago, demaseko eraldaketa eragiteko, karbono-gabetu eta ekozidioa geldiarazteko. Ekologismoak aurreikusi bezala, orain beheraldi behartua eta zakarragoa agintzen digute muga biofisikoek. Aurreikuspenez jokatzea arbuiatuta, orain arrapaladan ekin behar, etxea sutan dugula, gerra piztuta, faxismoaren sufre usaina airean.

Ekologismoak badu paradoxa hori. Arrakasta bete-betekoa agertu du diagnosi historikoan, baina porrot egin du jendartea ekologizatzeko zeregin praktikoan. Aurrerantzean, ekuazioa iraultzea da kontua: diagnostikoak egin diezaiola huts (kolapso gordina, beheraldi gogor eta luze gisa ulertuta, nagusiki gehiengo sozialek ordaindua), eta izan dadila arrakastatsua ekinbide ekosozial(ist)a. Arrazoiaren indarra ez, indar faktikoaren arrazoia behar genuke bidaide.

Haizea alde dugu, momentum ekosoziala bizi baitugu. Lurrak utzi dio hazkundearen dekoratu huts izateari, hasi da erantzuten, obrako protagonista nagusi bilakatzen (esango luke hil berri den Bruno Latour pentsalariak), eta horrek eragile guztiak mugiarazi ditu. Krisi ekologikoa —bereinplikazio sozial eta ekonomiko egundokoekin— hasia da ertzera bidaltzen gainontzeko guztia (zenbaiten iritzian, baita nazio aferak ere). Ekologismoaren helburu estrategikoa ez da trantsizio ekologikoa politikaren arteria zentralean txertatzea, hori berez dator. Desafioa da justua, baketsua eta benetan ekologikoa den trantsizioa.

Zein trantsizio ekosozial, horixe baita gure garaiko disputa politikoaren muina. Disputa epiko horretan aurre egin beharko zaie kapitalismoak bere burua berrasmatzeko martxan dituen bi operazioei. Batetik, kapitalismo autoritario-nazionalista-kontserbadorea. Bestetik, green, blue eta purple susperraldia bilatzen duen kapitalismo liberala (koloreak kolore, funtsean hau ere pribatizatzailea, autoritarioa eta antiekologikoa). Gurean adiera liberala da nagusi, momentuz: korporazioak diru publikoz (funts globalak eta lokalak) mozkortzen ari gara, beraiek gida dezaten digitala eta ustez berdea den trantsizioa. Gehiengo sozialak prekarizatu bitartean. Eredu hori gero eta disfuntzionalagoa izango da.

Euskal ekologismoa saretzen ari da, herritar trantsizio benetan ekologikoa helburu. Nago hiru direla egitasmoaren gutxieneko abiapuntuak. Bat: orain arteko molde erreformistak ez du balio gizartea birtxertatzeko sistema naturaletan; segurtasuna soilik eraiki ahal izango da aldaketa anbiziotsu, estruktural eta erradikalekin, operazio distributibo handiaren baitan. Bi: gidaritza publiko eta publiko-herritarra da gakoa. Hiru: nahitaezkoa da engaiatzea agenda ekologiko globalarekin eta bulkada dekolonialarekin, baina akatsa da naziogintza eta krisi ekosoziala deslotzea, herri burujabetzarik eta tresna estatalik gabekoentzat askoz handiagoa izango baita desafio sozialen aldapa, eta nabarmen itxiagoak desafio ekonomikoen kurbak.

Badu halako zapore gazi-gozoa: momentum ekosoziala bizi dugu, bazen garaia, baina lañotasunik batere ez. Jakitun baikara dagoeneko ez gaudela Disney utopietarako, bizi garela erleak masiboki akabatzen, erregai fosilak agortzen, basoak hiltzen, uztak desegonkortzen eta misil nuklearrak aireratzeko prest dauden sasoian. Ez gaude 1972an. Trantsizio ordenaturako aukerak gutxienekoetara ekarrita, dagoeneko sartuak gara txarra eta txarragoaren artean aukeratzeko aroan. Ekologismoak badu txarrena saihesteko hanka defentsibo hori, beharbada ez dena hain sexya, baina neurtezina da bere garrantzia.

Halere, ekologismoak ofentsibarekin asmatu behar luke batez ere, bestelako zibilizazio-oinarriz osaturiko etorkizuna irabazteko proposamenarekin: jendarteak eta bizierak funtsatzea zaintza, banaketa eta nahikotasun printzipioetan. Ez dago disputa handiagorik, ez eta inon inpugnazio osoagorik.

Biderkatzera doa ondoeza, eta kontua da zelan eman itzulpen politiko zentzuzkoa. Ez da politikoki emankorra esatea «den-dena okerrera joango da eta sistema kapitalistarekin bat ez datozen neurri estrukturalak beharditugu». Erantsi behar zaio antolakuntza, estrategia, boterea, eta subjektu politiko zabal eta indartsuaren artikulazioa. Orain aktibatzen ez bagara, noiz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.