Euskararen laguntzaile ala poxelu

Xipri Arbelbide
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
BERRIAn irakurtu dut euskara gehiago eskatzen dutela hegoaldeko irakaskuntzarentzat. Ez da behin ere orain bezainbat euskara izan irakaskuntzan, hala Hego nola Iparraldean, eta, azken datuen arabera, mintzatzen dugunon portzentajea gero eta apalagoa da, hala Ipar nola Hegoan. Euskarak behar duena ez da jakina izatea, baina mintzatua izatea.

Gaztetxo nintzelarik latina ikasten genuen denek kolegioan, baina ez genuen latinik mintzatzen. Latina hila da. Franco hil zelarik alde guzietanentzuten zen euskara ez zela hilen ez dakitenengatik, baina dakitenek ez dutelakotz mintzatzen. Gehituko nuke: euskara ongi menperatzen baina, irakurle gehiago hunkitzeko, espainolez edo frantsesez idazten edo kulturelkarteen buruetan ikusten diren horiek euskaraz aritzea besteri eska diezaieke? Berek egiten ez dutena?

Duela zenbait hilabete izan naiz Baionako udal liburutegian. Begiratu diet hemen plazaratzen diren aldizkariei. Zenbatu ditut euskaraz eta erdaraz idatzi orrialdeak. Hona zenbat orrialde dauzkaten euskaraz eta zenbat frantsesez:

Deusik ez dutenak euskaraz: Jakintza (0/72), Ikuska (0/90), Denbora pasa (0/309), Ekaina (0/120), Le Patrimoine Basque (0/96), BulletinMusée Basque (0/104), Encre (0/112), Cahiers Francis Jammes (0/367),Horizons (0/480), Bulletin de la SSLA (0/538); parte bat euskaraz dutenak: Horizons (4/80), Touroum Bourroum (5/149), Béret (23/137), Hau (26/80), Lapurdum (34/223); eta osoki euskaraz direnak: Eskuz eta Begiz (48/48), Maiatz (94/94).

Hamazazpi aldizkari, 3.060 orrialde orotara. Horietarik 234 euskaraz eta 2.826 frantsesez.

%7,6 ematen diote euskarari, %92,4 frantsesari hemengo militanteek.

Idazle horietan badira beren izena euskal kulturari zor diotenak, euskal kultur munduan bidegileak direla uste dutenak. Serioski uste duzue hala direla? Zein bide erakusten diete gazteagoei? Ez ote euskara frantsesez salba daitekeela? Ez du balio eska eta eska aritzea Parisen eta Madrilen, hemen berean euskararen geroan sinesten dugula hobeki erakusten ez badugu.

Irratiak

Duela berrogei urte sortu genituen irratiak: Seaska, Gau Eskola, Ikas, Mende Berri, Lauburu, Sü Hazia, Herria, Herriz Herri, Zabal, Antzerkilari, Bertsolari, Irakasle, Euskaltzaleen Biltzarra eta kultur munduko elkarte guzien 15 ordezkari bildu ginen. Erabaki genuen euskaraz eta euskara hutsez ariko zen irrati bat sortzea. Azken bilkuran, Irulegiko biga joan ziren erranez geroago ikusiko zutela. Irrati elebidun bat sortu zuten. Ondoko hilabeteetan ez ziguten barkatu, elkarrekin ari behar genuela, elkarrekin, elkarrekin eta elkarrekin. Azkenean baia eman genien, baldintza batekin: elkarrekin ariko ginelarik euskara hutsez izanen zela. Hitza eman bai, baina laster hasi ziren frantsesezko emankizunak sartzen... emankizun gehiago elkarrekin egitea eskatuz, baizik eta %80 euskaraz egiten zutela. Eskutan daukat Eñaut Larralde gure lehendakariak Herriz Herri astekarian erantzun ziena. «Bai! %80 euskaraz egiten duzue, baina frantsesez egiten duzuen %20 hortarik sakatzen diguzue».

Zaharrak joan gara. Gazteek ez dituzte garai horiek ezagutu eta orain, Gure Irratiak ere noiz nahi egiten ditu frantsesezko elkarrizketak. Ez da gehiago euskarazko irratirik hemen. Ez Parisen erabakiz! Sekula nehork ez digu erran zer ekartzen dioten euskarari frantsesezko emankizun horiek. Ezin ukatua, frantsesari eman minutu bakoitza, euskarari lapurtua zaiola. Frantximent bat mintzo den aldi oroz, euskaldun bat ixilik egoterat kondenatua dela. Lapurra ez da Parisen, baina hemen, euskaltzalea da. Abertzalea. Euskarak ez ote du irrati bat osoki berea izateko eskubiderik, mintzaira guziek bezala? Hogeita sei irrati entzuten dira hemen frantsesez. Eta horien denen ondoan, bat, bat bakarra euskaraz aritzea sobera zaie. Nolaz eman ditzakete euskara hutsez, berri eta elkarrizketa berak, BERRIA, Argia, Herria eta beste zenbaitek, baina ez irratiek?

Ez. Euskara ez bada gehiago mintzatua, ez da Parisko edo Madrilgo nik dakita noren falta, baina hemengo euskaltzale eta abertzale handi zenbaitena. Euskara jakinki eta frantsesa hobesten baitute.

Zer erran beren bilkurak frantsesez egiten dituzten elkarte abertzale politiko eta... «kulturalez» (!)? Duela mende erdi bat, Euskaltzaindiaren biltzarretan ere espainola entzuten zen. Txilardegi eta Krutwig euskaldun berriek zituzten euskaraz mintzatzerat bortxatu. Ez dut ikusten nolaz, omen euskaran sinesten, eta euskara baztertzen duten zenbaitek... Nola izan daitezke abertzale euskararik gabe? Berak erdaraz ari eta nola galda dezakete beste batzuei euskaraz mintzatzea? Alderdi eta elkarte horiek behar lukete bost urteko epea hartu, beren zuzendaritzan sartzeko baldintza egin gabe, euskaraz mintzatzea, abertzale munduan bederen euskara mintzatua izan dadin. Bost urteko epean euskara ikas dezakete. Milaka dira jadanik indar hori egina dutenak, batere zuzendaritza batean izan gabe.

Azken hitza

Duela zenbait hilabete utzi gaitu anitzek abertzaleen eredu zeukaten Jakes Abeberrik. Niretzat abertzaleen eredu ederragoa da, dantza eta kantuaren bidegiletzat ikusia den Pupu Oihanburu, Abeberriren garaikidea: oraino ez AEK, ez Gau Eskolarik ez zelarik, euskara ikasi zuen, RFPBko euskal emankizunak egiteko gai izateraino. Horra, denek eredutzat hartu behar luketena.

Ikastola, murgiltze, elebidun, gau eskola, irrati eta kazeta ez dira eginak euskara ikasia izan dadin, baina mintzatua eta irakurtua izan dadin, Euskal Herriko mintzaira izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.