Izaera zentralistakoa, eskumen mugatuak eskaintzen dituena, pedagogikoki «aurrerapauso txiki batzuk» ematen dituena... Horiek eta beste hamaika ezaugarri ikusten dizkiote Ikastolen Elkarteak eta Semente Escola de Ensino Galegok LOMLOE Espainiako hezkuntza lege berriari. Martxoaren hasieran, analisi partekatu bat zabaldu zuten Santiago de Compostelan (Galizia) egindako agerraldian, eta BERRIAk berriz bildu ditu —oraingoan telematikoki— Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Santiago Quiroga Semente eskoletako koordinatzailea, xehetasun gehiagoren berri izate aldera. Ezkor mintzo dira orokorrean hezkuntza legeaz, nahiz eta, batez ere arlo pedagogikoan, argi izpiren bat ikusten duten.
Tellituk esaldi batean egin du laburpena: «Mugatuta geratzen dira Galiziak eta Euskal Herriak ditugun aukerak gure legeen eta eskumenen bidez hezkuntza sistema propio bat garatzeko». Izan ere, haren hitzetan, Madrilen esku geratzen dira hezkuntza sistema baten eraikuntza zehazten duten «funtsezko elementuak». Adibide baten bidez azaldu du: «Ez daukagu gaitasunik ezta derrigorrezko hezkuntza noiz arte izango den zehazteko ere». Eskumenen arloan, beraz, uste dute ez dela aldaketa handirik izan LOMCEtik LOMLOEra, eta, salatu dutenez, eskumen gutxi izango dituzte erkidegoetako gobernuek bezala udalek eta ikastetxeek ere. Quirogak azpimarratu duenez, «asko» egin zitekeen aurrera, esaterako, ikastetxeek curriculuma diseinatzeko aukerak edukitzeko, baina ez da hala izan.
Beste kritika bat ere egin diote lege berriari: iruditzen zaie «zaharkitutako dikotomia publiko-pribatua» sendotzen duela. Tellituk ez du bat egiten planteamenduarekin: «Pentsatzen duguna da gure ereduak administrazioak berak kudeatzen dituen ereduak bezain publikoak direla. Zergatik diogun publikoak direla? Herritarrak direlako, herritik sortzen direlako eta herriaren beharrei erantzuten dietelako». Hori dela eta, administrazioaren eta proiektu horien arteko elkarlana sustatzera deitu du.
Teoriatik praktikara
Inklusibitatearen arloa ere mugatuta ikusten dute, baliabide eta zehaztasun falta dela medio. Baina dena ez da hain iluna. Quirogak, adibidez, puntu positibotzat du aniztasun funtzionala duten ikasleak hezkuntza zentro berezietan «ez segregatzea», baina ohartarazi du ikastetxeek bitartekoak behar dituztela: «Baliabideak eman behar zaizkie; bestela, proposamen oso polit batean geratuko da teorikoki, baina aplikazio praktikorik gabe».
Eskumenetan ez bezala, irizten zaie arlo pedagogikoan «aurrerapauso txiki batzuk» ematen dituela LOMLOEk. Argi mintzo da Quiroga: «Ez zen zaila aurrekoa baino hobea izatea». Esaterako, egokia iruditzen zaie konpetentzien araberako hezkuntza bultzatzea. Beste puntu bat ere gustuko du Quirogak: «Hezkidetza ikuspegia eta genero berdintasuna oso presente dago Sementen eta Ikastolen Elkartean, eta, lege berri honekin, ikasleak sexuaren arabera segregatzen dituzten zentroei kendu egiten dizkiete itunak ».
Hizkuntza oinarritzat dute ikastolek eta Semente eskolek. Tellituren irudiko, LOMLOEk ez du eragiten murgiltze ereduak garatzea, baina autonomia erkidegoei horretarako atea irekitzen die, eta positiboki baloratu du bide hori.
Hizkuntzaren arloko korapiloa askatzeko dute Galizian ere. Gaur-gaurkoz, Quirogak azaldu duenez, ikastetxe batzuetan ikasgaien erdiak gazteleraz egiten dituzte, «teorian», eta beste erdiak, galegoz. Eskola hirueledunetan, berriz, orduen herena egiten dutehizkuntza bakoitzean. Baina eremu zientifiko-teknologikoko ikasgaiak galegoz egin ezinak arazoak sortzen dizkie: «Nola eremu zientifiko-teknikoak ordu gehiago dituen, benetan ez da berdintasunezko egoera bat».
Egungo ereduarekin kritikoa da Quiroga: «Ez da eraginkorra, eta ezin die erantzun galegoen belaunaldi berriek dituzten beharrei». Egoerari buelta eman nahi diete Semente eskolek, galegozko murgiltze ereduarekin. Horretarako, hazten jarraitzeko asmoa dute, eta luze gabeko erronkatzat dute zentro gehiago izatea —bost dituzte—, eta bigarren hezkuntza ere eskaintzen hastea —egun, bost eskoletatik bostetan ematen dute Haur Hezkuntza, eta bitan, Lehen Hezkuntza ere bai—.
Luzera begira, berriz, elkarlana sustatzen jarraitzeko asmoa daukate. Hala azaldu du Tellituk: «Lan egiten ari gara Sementerekin hizkuntza minorizatuetako hezkuntza zentro autogestionatuen espektro zabal bat sortzen saiatzen. Uste dut hor erronka interesgarri bat dugula». Ildo horretan, goraipatu egin du Korsikan Scola Corsa elkarteak korsikerazko eskola sortzea erabaki izana, «autogestionatutako ereduen alde» egin dutelako, «korsikera hezkuntzan presente egon dadin».
LEGEA HANKAMOTZ GERATU ZAIE
Ikastolen Elkarteari eta Galiziako Semente eskolei iruditzen zaie LOMLOE Espainiako hezkuntza lege berriak pausoa eman duela pedagogiaren arloan, baina salatu dute eskumenetan LOMCEren parean geratzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu