Navarra Sumarentzat, ez da plan bat, orotariko proposamen bilduma baizik. EH Bildurentzat, gabezia ugari ditu, ez baita loteslea eta gobernuak nahi duena egin baitezake. Ahal Dugu-k eta Ezkerrak duela urtebete sinatutako akordio programatikoan azpimarratutako desadostasun politikoak berriro agerian geratu dira. Azken bi asteetako eztabaida luzearen ostean, atzo, parlamentuak COVID-19aren kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko proposamen sorta bat bozkatu zuen, eta,politikoki, argazki esanguratsua utzi zuen. Baiezkoan, bakarrik geratu ziren PSN eta Geroa Bai.
Navarra Sumaren eta EH Bilduren ekimenez, maiatzean berreraikuntzako mahai bat osatu zen. Azken bi asteetan, sektorez sektore, 168 proposamen egin dituzte taldeek, eta horietatik 126 onartu dituzte. Horiek guztiak txosten batean jaso ostean, atzo berriro bozkatu zituzten. Gainera, atzokoan, beste 40 proposamen gehitu zituzten sei taldeek, baina guztiak banan-banan atzera bota zituzten gainerakoek.
Hain zuzen ere, Ahal Dugu-k gobernuko bazkideei keinu bat eskatu zien azken bozketan baiezkora jo zezan. Mikel Buil parlamentariak proposatu zuen Espainian onartu berri den gutxieneko diru sarreren errentaren bidez lortuko den aurrezkia errenta bermatua aldatzeko eta gizarte langileen baldintzak hobetzeko baliatzea. Aldiz, eskaria ez zen aintzat hartu, eta Ahal Dugu abstenitu egin zen. Antzera gertatu zitzaion Ezkerrari.
PSNren salaketa
PSNko Ainhoa Unzuk, alderdi guztien lana eskertu ostean, salatu zuen batzuk «gobernua higatzeko» baliatu nahi izan dutela aukera. Bereziki kritiko azaldu zen Navarra Sumarekin, haren proposamen nagusia zergak murriztea izan delako: «Ez diozue alternatibarik aurkeztu 800 milioi eurotik gorako diru sarreren erorialdiari. Zer proposatzen duzue, guraizeak atera eta murriztea?». Neurrien finantzaketaren inguruan, Pedro Sanchezek 5.000 milioi euroko poltsatik kanpo utzi du Nafarroa, baina, Unzuren arabera, hori ez da arazoa, hitzarmen ekonomikoaren bidez bideratu daitekeelako. Unzuren hitzetan, «ez dute ezta atzerapauso bat ere» onartuko. «Dena egingo dugu susperraldiaren alde».
Navarra Sumako Javier Esparzak gogorarazi zion Unzuri ezezkoa bozkatu izan balute ez zela egitasmoa aurrera aterako, eta, horregatik, tentuz, hitzak neurtzeko eskatu zion. «Aukera galdua izan da. Gobernuak ez digu eman kopururik planifikazio egoki baterako». Esparzaren irudiko, gobernuak borondate gutxi azaldu du parlamentuak egindako lana aintzat hartzeko: «Itsuan lan egin dugu, aurrekonturik gabe eta jokalekurik gabe. Ez da plan bat, ez du ez finantzaketarik eta ez egutegirik». Kritiko azaldu zen, aurrera begira zergak igotzeko asmoa iradoki dutelako hainbat taldek eta gobernuak berak.
EH Bildu ere abstenitu egin zen, baina Navarra Sumari gogorarazi dio lantalde horren helburua ez zela plan bat egitea, baizik eta proposamenak jaso eta gobernuari helaraztea. Hala ere, EH Bilduren ustez, hasierako gabezia izan da ez zaiola ahalmenik eman parlamentuari gobernuak aurrera aterako duen plana onartzeko. Bakartxo Ruizen esanetan, gobernuak proposamen horiekin nahi duena egiteko aukera izango du horrenbestez: «Zer gara, organo aholku-emaile bat?». Halaber, Ruizen aburuz, jarrera horrek «gobernuaren ahuldadea» adierazten du, ez baita gauza parlamentuan egindako lanari segida emateko, eta mesfidantza islatzen baitu. Ruizen aburuz, ezin dakieke taldeei ardura partekatua eskatu eta ondoren nahi dena egin. «EH Bilduren eszeptizismoa handitu besterik ez du egiten».
Geroa Baik, berriz, alde bozkatu zuen. «Harrituta» agertu zen Uxue Barkos batzordea bultzatu duten bi taldeek jarrera kritikoa azaldu zutelako. Azken emaitzari «iragarritako abstentzio baten kronika» deritzo, baina nahiago izan du taldeek egindako ekarpenekin geratu. Barkosen irudiko, aukera baliatu behar da autogobernua sendotzeko. Haren iritziz, berreraikuntzak hazkundearen sustapenean oinarritu behar du, baina, halaber, balio erantsia duten sektoreen alde eginez. Klima aldaketaren aurkako borrokan, egungo egoera eredu ekonomikoaren aldaketa bultzatzeko baliatzeko ere eskatu du. Finantzaketari dagokionez, Barkosen ustez, Nafarroa ezin da zain geratu, Espainiatik edo Europako Batasunetik zer helduko den. «Funtsezko» iritzi dio Espainiako Gobernuarekin finantza baldintzen inguruan ados jartzeari, zor merkatuetara lehenbailehen joateko eta abantailak ateratzeko.
Ahal Dugu, «gazi-gozo»
Aldiz, gobernuko beste bazkidearentzat, Ahal Dugu-rentzat, azken emaitza «gazi-gozoa» izan zen. Proposamenen artean, Ahal Dugu-ren eskarietako bat jaso izana eskertu zuen Mikel Builek: aberastasunaren gaineko zergaren inguruko azterketa egitea. Dena den, onartu zuen Google tasarekin eta antzeko beste egitasmoekin halako ikerketak pilatzen ari zaizkiola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari: «Ea lortzen dugun hori guztia zurian beltz jartzea». Halaber, kritiko azaldu zen AHT eta Nafarroako Ubidea bultzatzeko asmoa agertu dutelako beste bazkideek, Navarra Sumarekin batera.
Bakarrik gelditu dira bozketan
PSNk eta Geroa Baik berreraikuntzarako proposamenen alde bozkatu dute, eta ozta-ozta atera dira aurrera; Navarra Suma, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra abstenitu egin direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu