Ikasketa ez-unibertsitarioetan ari diren ikasleei eta haien familiei laguntzeko beka deialdia onartu du Eusko Jaurlaritzak, hainbat aldaketarekin. Horien xedea da Espainiako Gobernuak helegiterik ez jartzea deialdi horri, eta, hartara, haren «segurtasun juridikoa» bermatzea. Izan ere, Madrilek Jaurlaritzaren beken kontra egin izan du aurretik, eta Auzitegi Gorenaren onespena lortu du, gainera: Jaurlaritzaren deialdien hainbat artikulu ezeztatzea lortu du. Horrelako egoerak berriz izatea saihestu nahi du orain Jaurlaritzak aldaketa horien bitartez.
Onartutako deialdiak 55 milioi euro banatuko ditu derrigorrezko hezkuntzarako, musikako eta dantzako oinarrizko eskoletarako, eta derrigorrezko ikasketen osteko beste hainbat ikasketatan ari diren ikasleentzat eta haien familientzat; tartean daude Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Atzo eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek deialdiaren berri. Ez du ezkutatu bekak Madrilen nahien arabera moldatu behar izanak sortu dien ezinegona: izan ere, Jaurlaritzari dagozkion eskumenen «inbasioa» dela uste du. «Interes politiko bat dago estatu osoan bekak berdintzeko». Adierazi du gai horren gaineko kezka hizpide izan dutela Espainiako Gobernuko agintariekin, eta hitzartua dutela Hezkuntza ministro Isabel Zelaarekin propio auzia aztertzeko lantalde bat abiatzea. Espainiako Kongresurako bozetara berriz deitu dute, ordea; ikusteko dago oraindik zer gobernu eratuko den, eta elkarrizketa horiek hasiko diren ere ez dago batere argi zalantzaz josiriko giro horretan.
Jaurlaritzaren asmoa da 55 milioi euro bideratzea beketara, baina baldintzak betetzen dituzten familia guztiek laguntza jasoko dutela adierazi du sailburuak, eta, beharrezkoa bada, diru gehiago jarriko dutela deialdirako: behar duten ikasle guztien eskariak asetzea da Hezkuntza Sailaren asmoa. Jaurlaritzakoordezkariek onartu dute, ordea, Madrilen irizpideen araberako aldaketak ezartzeak ondorio kaltegarriak ekar litzakeela: bekak apalagoak izan litezkeela, eta familia gutxiagok egin ahal izango dituztela eskabideak.
Derrigorrezko hezkuntzaren osteko ikasketetan egin dituzte Espainiako Gobernuaren araberako moldaketak: Batxilergoan, Lanbide Heziketan, musikako eta dantzako oinarrizko ikasketetan, musikako eta dantzako ikasketa profesionaletan, kirol ikasketetan, Arte Plastikoetan eta Diseinuan, eta hizkuntza eskola ofizialetan ari diren ikasleek atzemango dituzte horien ondorioak.
Hezkuntza Sailaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak Madrili onetsitako helegiteetan argudiatu izan du herrialdeka «desberdintasun handiak» eragin dituztela Eusko Jaurlaritzak onartutako bekek, eta horregatik utzi behar direla deialdi horietako hainbat artikulu ezeztatuta.
Hilaren 30etik
Laguntzak eskatzeko gehienezko errentak moldatu egin dituzte, eta ikasleen bizilekuaren eta emaitzen araberako irizpide berriak ere txertatu dituzte. Eskabideak jasoko dituzte irailaren 30ean hasi eta urriaren 29ra bitartean. Bete beharreko baldintzei buruzko informazio guztia Hezkuntza Sailaren webgunean egongo dela jakinarazi dute.
Madrilek onets ditzan
Jaurlaritzak moldaketak egin ditu ikasketa ez-unibertsitarioetako beka sisteman. Espainiako Gobernuaren helegite bat eragoztea da asmoa: deialdiari «segurtasun juridikoa» ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu