Zaldibarko (Bizkaia) eskola, Doneztebeko (Nafarroa) San Miguel, Donostiako Aldapeta Maria, Larresoroko (Lapurdi) eskola... Ikasturtea hasi zenetik guztiz itxi edo ikasgelaren bat konfinatu behar izan duten ikastetxeen adibide batzuk baino ez dira. Duela hogei egun hasi zituzten eskolak Iparraldean; Nafarroan, hilaren 4an; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, duela bi aste pasatxo. Dagoeneko 205 ikastetxetako348 talde bakartu dituzte Hego Euskal Herrian. Iparraldeko datu zehatzik ez dagoen arren, hainbat eskola eta ikasgela itxi dituzte.
Irekita astebete egin aurretik, irailaren 11n itxi behar izan zuten Soraluzeko institutua (Gipuzkoa). Bederatzi irakasle bakartu zituzten, horietako batek positibo eman zuelako, eta ikasleak ere etxera bidali zituzten. «Zuzendaritza taldekoek deitu ziguten esanez zerbait egin beharra zegoela, ez zietela kasurik egiten, eta ez zutela ordezkorik bidaltzen». Oinatze Silbeti ari da hizketan, Keixeta guraso elkarteko kidea. Azaldu duenez, PCRan negatibo eman baina kontaktu estua zirelako bakartuta egon behar zuten irakasleak hasieran lanean aritu ziren etxetik, «ikasleen hobe beharrez», baina erabaki zuten horrela ezin zutela segitu. «Orduan, nola ez zegoen ordezkorik, irakasle horien irakasgaiak zintzilik geratu dira». Gainerako ikasgaiak, berriz, online hartu zituzten, harik eta joan den ostegunean ordezkoak bidali eta eskola ireki zuten arte. «Asteazken arratsaldean deitu zioten zuzendariari, esanez ea ikastetxea irekitzeko prest zegoen. Zuzendariak esan zuen: 'Ni ikastetxea irekitzeko beti egon naiz prest, baldin eta ordezkoak hemen baldin baditut; nik, bestela, ezin diot irtenbidea eman egoera honi'».
Silbetiren iritziz, eurena ez da osasun arazoa izan, baliabide falta baizik. «Uste dut Hezkuntza Sailak ere alde horretatik prestatuta egon beharko lukeela, [ordezkoen] zerrenda bat irekita». Baina arazo bat ikusten du: «Zer eskatzen du horrek? Dirua, ekonomia. Hezkuntza eta beste guztia baino lehenago dago ekonomia».
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BERRIAri azaldu dionez, Soraluzeko eskola itxita zegoelako ez zituzten egin ordezkapenak. «Esan behar duzu noiz irekiko duzun ikastetxea, eta, horren arabera, emango zaizkizu dagozkizun ordezkapenak». Azaldu dute ikasturte hasieratik 2.000 ordezkapen baino gehiago egin direla.
Ikastetxea itxi ez, baina ikasgelak konfinatu behar izan dituzte zenbait zentrok. Iruñeko Amaiur ikastola da bat. Maider Aldaia zuzendariak azaldu duenez, bi gela konfinatu behar izan dituzte: Haur Hezkuntzako hirugarren mailako hamasei ikasle, eta Lehen Hezkuntzako bigarreneko 25. Eskolara itzuli artean, ikasleak telematikoki ari dira lanean. Horretarako plataforma bat jarri nahi zuten, baina ez dute astirik izan.
Beste hainbat arazo ere ikusi dituzte prozesuan. «Ez daukagu oso argi nola jokatu behar dugun positibo bat daukagun bakoitzean», ziurtatu du Aldaiak. Izan ere, haren hitzetan, irizpidea aldatu dute: hasieran, eurek jarri behar zuten harremanetan osasun zentroarekin; orain, berriz, Hezkuntza Departamentuak abisatzen die. «Positibo eman duena etxean geratzen da, baina, guk jakin arte, umeak eskolara etortzen dira normal-normal». Halere, eurek dakitenez, inor ez da kutsatu egoera horretan.
Irakasleak, PCRrik gabe
Beste hutsune bat ere ikusten du Aldaiak: irakasleei PCRa sintomak dituztenean soilik egiten diete, eta, haurren batek positibo emanda ere, eskolara itzuli behar dute probarik egin gabe: «Eskatzen dugu talde osoari egitea PCRa. Umeei egiten bazaie, zergatik ez irakasleei?».
Ziurgabetasuna da nagusi Iparraldean ere. «Protokoloak aste batetik bestera aldatzen dituzte, haien helburua baita ahal bezain eskola eta ikasgela gutxien ixtea», esan du izenik eman nahi ez duen ikastola baten zuzendariak.
Hemezortzi ikasleko gela bat itxi behar izan zuten, irakasle batek positibo emanda. Beste hiru irakasle ere etxera bidali zituzten, harekin kontaktua eduki zutelako. «Gure artean antolatu gara saioak segitzeko», azaldu du. «Pixka bat abandonatuta» sentitu dela nabarmendu du zuzendariak: «Ni ez naiz sendagile; alta, erabaki behar izan dut kasuaren kontaktuen zerrenda, eta ez dakit nor den kontaktua». Aldiz, Seaskatik jasotako laguntza eskertu du: «Laguntza aunitz ukan dugu. Biziki adituak bilakatu dira gure lankideak, eta orain, bikain ezagutzen dituzte protokoloak».
Koronabirusa
Itzuli orduko, berriz etxera
Hego Euskal Herrian, 205 eskolatako 348 talde daude bakartuta. Ikastetxeek, besteak beste, ordezkapenak, irakasleentzako PCRak eta protokolo zehatzak eskatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu