Gerraren ondorioak. Garraiolarien greba

Gero eta kamioi gehiago geldirik

Espainiako Gobernuak garraiolarien patronalaren zati batekin lorturiko akordioak ez du baretu sektorea. Aurkako ondorioa izan du: elkarte gehiagok egin dute bat grebarekin

Gizon bat ukabila altxatzen greban dagoen garraiolari baten aurrean, atzo, Iruñeko zebrabide batean. JESUS DIGES / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko garraiolarien greba hedatzen ari da. Patronal handiek ez dute bat egin, baina egunez egun gehiago dira lanuztea babesten duten enpresa txikiak eta garraiolari autonomoak. Autonomoek, gainera, baztertuta daudela uste dute. Madrilgo gobernua Espainiako garraio enpresa elkarte handiekin bildu zen herenegun, eta autonomoak ez dira ordezkatuak sentitzen. Are gehiago, Espainiako Gobernuak 500 milioi euroren laguntzak hitzeman ditu, eta autonomoek zalantza dute diru hori garraiolari txikiengana iritsiko den. Giro horretan, ezinezkoa ikusten dute greba bertan behera uztea. Gaur protestaldiko hamargarren eguna dute.

«Neurri horiek ezer gutxirako balio dute. Egoera zaila da, eta okerrera doa, gero eta garraiolari gehiagok egin baitute bat protestarekin. Orain arte ez zegoen arazorik elikadura hornikuntzan, baina inor ez dadila harritu merkatuetan sumatzen hasten bada», azaldu du Santi Sanchezek. Gidari autonomoa da, eta TransportBilbao Bilboko portuko garraiolarien elkarteko ordezkaria.

Ez dira hitz hutsak, herenegungo bileraren ondoren Fenadismer, Feintra eta Fetransa Espainiako garraio federazioek greba babestea erabaki baitzuten. Fetransako kide da Asotrava, EAEko garraiolari autonomoen elkartea. Haiekin harremanetan jarri da BERRIA, eta Fetransaren jarrera bere egin dute: «Gobernuaren neurriak ez dira salgaien errepide garraioarekin berriz hasteko bezain zehatzak; ez behintzat garraiolariak porrot ekonomikotik ateratzea bermatuko duten neurriak hartu arte». Orain arte, ofizialki grebarekin bat egin gabeak ziren.

Garraiolariek aho batez leporatzen diote zehaztasun falta Madrili, baina egia da, halaber, Europako Batasunak bihar eta etzi egingo duen goi bilerara arte ezin duela aletu zer egingo duen. Horregatik iragarri zuen iragan astean hartu nahi dituen neurriak hilaren 29an sartuko direla indarrean, goi bileran jakingo baitu zer egin ahalko duen: zergak murriztu, diru laguntza zuzenak eman... Horiek hala, ia ziurtzat jo daiteke greba, gutxienez, hurrengo asteartera arte luzatuko dela.

Asotrava autonomo elkarte bat da, eta zalantza du laguntzak indarrean jartzen direnean horiek «txikienengana» iritsiko diren. Autonomo elkarteak mesfidati mintzo dira, susmoa dutelako garraio enpresa handien artean banatuko dituztela laguntzak. «Zifra bat itsu-itsuan emateak ez du balio. Ez dakigu zenbat garraiolariri iritsiko zaion. Bost axola dio 500 edo 1.800 milioi euro diren: zenbat dagokion jakin behar du jendeak», zehaztu du Alberto Latorre Tradisna Nafarroako garraiolari elkarteko ordezkariak. Atzo protesta ekitaldia egin zuen Iruñean, eta berrehun kamioi inguru elkartu ziren.

Tradisnak duela hamar egun hasi zuen greba, baita BilbaoTransportek ere, eta garbi dute egungo egoeran ezinezkoa dela lanuzteak baztertzea. Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak ere haiekin batera ekin zion protestari, eta begi onez ikusi ditu azken egunetan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin izandako bilerak, baina neurri «sakonagoak» eskatzen ditu. Jon Altuna da haien bozeramailea: «Konponbide erraza dirua ematea da, baina neurri puntuala da, adabakia. Neurri orokor eta sakonagoak behar dira: esaterako, fakturak ezartzeko irizpide bat».

Autonomoek, izan ere, eskuak lotuta dauzkatela sentitzen dute, eta kostuen igoerak bezeroei eramateko zailtasunak. Sanchez: «Garraiolari batzuk dirua galtzen ari dira. Gasolioa hamar euroanjartzen bada, prezioa igo egin behar du, baina askotan ezin du. Gero Lehiaren Euskal Agintaritza eta halako elkarteak daude, txikitu egiten zaituztenak. Jendeak jakin behar du garraioa garestitu egin dela, baina garraiolariak ez duela gehiago kobratzen, eta garraio enpresa handiek asko okertu dituztela lan baldintzak».

Sanchezek bere kide baten kasua kontatu du. Madrilerako joan-etorriko enkargu bat egin ohi du, eta 690 euro jasotzen ditu. Bidaia egiteko erregaia 570 euro kostatzen da, eta dietak eta bidesariak ordaindu behar ditu. Hamabi ordu pasako lana da. «Horrela ezin da. Enpresa handiek asko prekarizatu dute lana, eta autonomoak ezin dira haiekin lehiatu». Hirun antzeko kasuak kontatzen dituzte, baita Asotravan ere: «Garraiolariak mugako egoera batean daude. Neurriek, zehatzak ez direnez, ez dute inolako segurtasunik zabaldu».

Bilboko portua, geldirik

Bilboko portua grebak Euskal Herrian izan dituen arretagune handietako bat izan da. Hamar egun dira ia ez dela kamioirik mugitu, eta azpiegiturako agintaritzaren arabera, biltegiak bere ahalaren %40an daude. Rikardo Barkala agintaritzako presidenteak aurtengo hazkunde aurreikuspenak asko apaldu zituen atzo: %7tik %2ra. Barkalak azaldu zuen deskargatzen den zamaren laurdena portutik irteten ari dela trenari esker,eta barruan kamioiek «normal» dihardutela.

Sanchez, aldiz, ez da iritzi berekoa. «Ez da egia. Egun normal batean 1.400 edukiontzi inguru mugitzen dira, eta 3.000 bat kamioi. Azken astean hamar-hamabost bat sartu dira eguneko, eta ontzietatik biltegietarako mugimenduak kamioiek egiten dituzte. Barkala jaunak ezin du halakorik esan». Portuko garraiolariek, dena den, badakite hainbat sektoretako egoera okertzen ari dela, baina egungo egoeran ezin dute lanik egin: «Neurri eraginkorrak ikusteko 29ra arte itxarotea beranduegi izan daiteke herri honentzat. Lantegi asko daude aldi baterako erregulazioetan».

Hego Euskal Herriko beste patronalek oraingoz ez dute greba egingo. Guitrans Gipuzkoakoa Fenadismer federazioaren barruan dago, baina iritzi dio egungo egoeran greba egitea ez dela «eraginkorra». Hala ere, bat dator autonomo elkarteen eskakizun gehienekin: «Konponbide bakarra prezioak eguneratzea da, eta gobernuak erregaien zergak murriztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.