Hezkuntza lege berriaren oinarria idatzita dago. Negoziazio luzeak izan dituzte egunotan EAJ,EH Bildu, PSE-EE eta EB-IUk hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak hitzartzeko, ehun zuzenketa baino gehiago aztertu dituzte, baina fruitua eman zuten atzo elkarrizketek. Ilunabarrean talde politikoetako ordezkariek jakinarazi zuten akordioa lortu zutela. 2021eko irailean politika orokorrari buruzko eztabaidan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen legealdi honetan hezkuntza lege berri bat ondu nahi zutela, eta okerrik ezean, bete egingo du asmoa, eta adostasun zabalarekin onartuko da, gainera. Martxoaren 28an Hezkuntza Batzordean testua bozkatzea da asmoa, eta apirilaren 7an osoko bilkuran behin betiko onespena ematea testuari. Segidan, legea ontzeko prozesua hasiko da. EH Bilduk aurrez koaliziokideei aurkeztuko die testua, kideek onetsi dezaten. Urtea amaitu aurretik legea indarrean nahi dutela esan dute eragileek. 1993koa da aurreko legea, eta jakinmina dago ekar ditzakeen aldaketen inguruan. Zehaztu dute, esaterako, eskolaratzea bukatzean ikasle denek euskaran B2 maila izateko planak egin beharko dituztela eskolek. Mailaka joango da eskaria; LH amaitzean B1 beharko dute.
Ikusi gehiago:Ituna, ordu luzeetako lanaren emaitza
Lege berrian zehaztuko den hizkuntza ereduaren inguruan izan dituzte desadostasunak alderdiek, eta jakina da akordioan bat egiteko orduan, zailtasunak izan direla. Hona atzo hitzartu zuten testuan zer-nola zehaztu duten nolakoa izan behar duen eredu berriak. «Eredu eleanitza da, euskara ardatz duena, hizkuntza ofizialen bidez artikulatua, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batekin. Irizpide oinarrizko bat jarraituko da, gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntzetan jarduteko gaitasuna bermatzeko. Horretan ahalegintzea garrantzitsua da, hizkuntzaren eta kulturaren arloan kontzientzia sustatzeko eta gaitasun komunikatiboa era jarraian hobetzeko. Legearen apustua izango da, ikasle orok, duen familia jatorriaz harago, ikasketak amaitzean bi hizkuntzen ezagutzan maila bera izatea, eta ezagutzak eskuratzea, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean».
Nork bere erara
Pozik hitz egin zuten atzo iluntzean talde politikoetako ordezkariek. Nork bere erara. Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak akordioaren garrantzia goraipatu zuen: «Eskola publikoak funtsezko izaera izango du, eta euskara izango da ardatza». «Negoziazioak alderdion arteko mesfidantzak gainditzea ekarri du, baita gobernuko kideen artean ere», adierazi zuen PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek. Ohar baten bidez alderdiak adierazi zuen, euskara «lehenetsiko» bada ere, ez dela izango irakats hizkuntza bakarra. EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek euskararen ezagutza bermatzeko egin dituzten ekarpenen garrantzia nabarmendu zuen: «Euskaldun eleanitzak lortzeko proposamena onartu digute». Eta xede gehiago ere nabarmendu zituen: «Ituna egingo dugu segregazioaren aurka». Adierazi zuen, halaber, Euskal Hezkuntza Zerbitzuko kide izateko baldintzak findu dituztela testuan: esaterako, ezingo dute sexuaren araberako bereizketak egiten dituzten zentroek hor egon. Hizkuntza ereduari dagokionez, EP-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinezek halaxe definitu zuen: «Euskara ardatz duen eredu eleanitzaren alde egin dugu». Haren arabera, ordea, ez dira hizkuntza denak igualak izango ikasgelako martxan: «Irakats hizkuntza ez dira izango hiru hizkuntzak»
Adierazpenetan izan ziren testuaren edukia ulertzeko erari buruzko ñabardurak. Ulergarria da. Bidean ikusi diren zailtasunak horren lekuko. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako zuzenketek, esaterako, urardotu egin zuten jatorrizko testuaren edukia, eta euskarazko eredu bakar eta orokortuaren alde hezkuntza eragileek egindako eskaera ez zuten aintzat hartzen. Hala, euskarari eta euskal kulturari lotutako puntuetan proposatu zituzten aldaketa nagusienetako batzuk. Irakats hizkuntzari dagokionez, honakoa esan zuten: «Bi hizkuntza ofizialak eta beste hizkuntza bat komunikazio hizkuntzatzat hartuko dira ikasteko orduan, baina kalterik egin gabe euskararen lehentasunari, euskara baita sistemaren ardatza». Zuzenketetan, ezabatu egin zituzten, halaber, euskarari eta euskal kulturari buruzko aipu batzuk.
EH Bilduk «euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun orokortu baten» aldeko apustua egin zuen zuzenketetan. Elkarrekin Podemos-IUk bere ekarpenetan zioen hizkuntza ereduen egungo sistema «eskola segregazioa eragiten duen faktorea» dela, eta «euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu eleaniztun bakarraren» aldeko apustua egina zuen ekarpenetan. Pentsatzekoa da gai horien inguruan izan zirela katramilarik handienak.
Protesta ere bai
Eusko Legebiltzar barruan negoziazioak izan ziren atzo, eta kanpoan, protestak. ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk kontzentrazioa egin zuten atarian, Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza legea langileokin eraiki lelopean. ELAko Miren Zubizarretak bata bestearen atzetik zerrendatu zituen eskaerak: hezkuntza sistemako langileak kontuan hartzea akordioa eta hezkuntza legea egiterakoan, hezkuntza lege «propioa eta euskalduna» izatea, hezkuntza langileen lan baldintza «egokiak» bermatzea, nahiko inbertsio eta baliabide edukitzea, publikoan zentratua egotea, euskara erdigunean jartzea, oinarritzat euskal curriculuma edukitzea, segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzea eta merkatuen interesetatik bereiz egotea.
Datorren ostiraleko grebari eta hilaren 28an egitekoa duten protestari eusteko asmoa erakutsi zuten.