BPGaren bilakaera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Ekonomia %9,5 txikitu zen 2020an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Erorikoa kalkulatu baino txikiagoa izan denez, errebotea ere txikitu du Jaurlaritzak: %8,6ko hazkundea, aurten. 25.700 enplegu galdu ziren

Ekonomia %9,5 txikitu zen 2020an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Sei urte iraun du hazkunde zikloak. 2014an hasitako garaia kolpe historiko batekin eten du 2020ak, gerra garaietatik ikusi gabeko atzeraldi bat eraginda. Jaitsiera horren lehen neurria atzo eman zuen Eustatek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako: hiru lurralde horietan, %9,5 txikitu zen iaz BPG barne produktu gordina.

Eustatek inoiz emandako daturik okerrena da. Aurrekoa, 2009koa, -%4,1 izan zen; hau da, koronabirusaren krisiak txiki utzi duela Atzeraldi Handiaren urterik okerrena. Bada, ordea, alde handi bat krisi horren eta oraingoaren artean: luze jo zuen hark, 2008-2013, baina oraingoan ez da horrelakorik espero. Eusko Jaurlaritzak uste du hasi berri den urtean %8,6 haziko dela bere ekonomia. 2021erako aurrekontuetan iragarritakoa baino hiru hamarren gutxiago da, baina azalpen bat eman du horretarako Jordi Campas Ekonomia eta Plangintza zuzendariak: iazko jaitsiera uste baino txikiagoa izan denez, txikiagoa izango dela haren errebote efektua.

Izan ere, Jaurlaritzaren azken aurreikuspenak, irailekoak, esaten zuen %10,1 txikituko zela BPGa, baina , azkenean, sei hamarren kendu dizkio iragarpen hari. Hori hala izan da udako errebotea uste baino handiagoa izan zelako —+%15,5, hiru hilabete arteko tasan—, eta urteko azkenekoa ez delako uste bezain txarra izan.

Beldur handia zegoen 2020ko laugarren hiruhilekoarekin, irailaz geroztik joan-etorriak eta harreman sozialak mugatzeko hartutako neurriek ez ote zuten berriro ekonomia atzeraldian sartuko. Azkenean, ordea, ez da halakorik izan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia gai izan da hazkunde tasa positiboari eusteko; zehazki, %0,5 handiagoa izan da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Horren ondorioz, azken hiruhilekoan, urte arteko hazkunde tasan ez da ia aldaketarik izan, eta %7,8an geratu da.

Industria, hobetzen

Eustatek martxoaren 5ean emango ditu datu xeheagoak, orain eskuragarri ez duen informazioa jasotzen duenean, eta orduan jakinaraziko du sektorekako bilakaera nolakoa izan den. Edonola ere, Campasek aurreratu zuen industria izan dela azken hiruhilekoan hazkundea positiboa izatearen erantzule nagusia, zerbitzu batzuk, ostalaritzarekin eta turismoarekin lotura dutenek, maila negatiboan jarraitzen dutelako.

«Orain dagoen informazioak pentsarazten digu industriaren ekoizpenak eta esportazioek atzean utzi dituztela udaberriko eta udako jaitsiera handiak, eta urte arteko hazkunde tasetara gerturatzen ari direla», gaineratu zuen Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Horrenbestez, Azpiazuk espero du aurreko krisietan gertatukoa gauza berta gertatuko dela oraingoan ere bai: «Atzerriko eskariek tira egiten diote industriari, eta, hari lotutako zerbitzuak erakartzen dituenez, enpleguak gora egiten du, eta horrek eskarien eta zerbitzuen eskaria handitu duenez, hobekuntzen zirkulu birtuosoa sortzen du».

Industriaren sendotasuna gora behera, urte hasiera zaila izango dela onartu zuen Azpiazuk, hirugarren olatuari aurre egiteko neurriak galga bat direlako jarduera ekonomikoarentzat. Lehen hiruhilekoan urte arteko hazkunde tasa negatiboa espero du, eta positiboa bigarrenean, iazko hilabete okerrenekiko errebotea izango delako. Txertoen banaketen erritmoak eta pandemiaren bilakaerak zeresana izango dute jarduera ekonomikoaren suspertzean, baina Azpiazuk espero du 2022rako berreskuratuko dela koronabirusaren krisiaren aurreko maila.

Langabezia, ostiralean

Enpleguarentzat ere urte txarra izan da. Eustatek dio dedikazio osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, %8,1 murriztu dela, aurreko urtearekin alderatuta. Zenbaki osoetan, 79.300 enplegu dira horiek, baina kontuan hartu behar da sailkapen horretan sartzen direla aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak ere, horrela egiten baitu Kontuen Europako Sistemak (SEC). Edonola ere, Campak azaldu du batez beste 45.000 lagun egon direla aldi bat baterako erregulazioan joan den urtean zehar. Horrenbestez, enplegu galera erreala 25.700 lagunekoa dela, irailean Gasteizko gobernuak kalkulatutako 30.000 enpleguetatik behera.

Langabezia tasari buruzko datuak ostiralean kaleratuko ditu Eustatek, baina urte osoko tasa %10,1 izango dela aurreratu du Jaurlaritzak —irailean, %11,2eman zuen—.

Nastatek, urtarrilaren 29an kaleratuko du Nafarroako datua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.