AEBetako Osasun Institutuak (NIH) mugarri bat ezarri zuen 1993an: aurrerantzean, nahitaezkoa izan beharko zuen gizonezkoek adina emakumezkoek parte hartzea institutuak babestutako saio klinikoetan eta ikerketetan. Kanadak eta Europako Batasunak ere antzeko erabakia hartu zuten geroago. Ordura arte, ohikoa eta normala baitzen sendagaiak eta txertoak gizonetan soilik probatzea, edo kanpoan uztea emakumeak edo heteronormatik kanpoko pertsonak, edozein aitzakiarekin, esaterako, haurdun geratu ahal izatea.
30 urte geroago, NIHaren diru laguntza jasotzen duten ikerketetan, emakumezkoen eta gizonezkoen parte hartzea orekatuta dago. Alabaina, beste ikerketa eta saio kliniko askotan, gutxiengoa izaten jarraitzen dute. Hori eman du aditzera Nature aldizkariak, joan den asteko editorialean. Emakumeen osasuna: amaiera eman finantzaketan dagoen desberdintasunari du izenburutzat, eta emakumezkoek osasun-ikerketan pairatzen duten bazterkeriaren adibide argiak azaltzen ditu.
Lehen adibidea neurozientzietakoa da; zehazki, Emakumeen Garun Proiektuaren txostena aipatzen du. 2023ko martxoan aurkeztu zen txostena, eta Australia, Europa eta AEBetako ikertzaileen lanak biltzen ditu. Helburua zen garuneko gaitzen inpaktu ekonomikoa kalkulatzea, eta sexuak eta generoak garuneko ikerketetan duten eragina aztertzea; baita bi faktore horiek kontuan ez hartzeak zer ondorio dituen ere. Bereziki, esklerosi anizkoitza, garun-isuria, parkinsona, alzheimerra eta migraina aztertu zituzten, eta garbi adierazi dute: «Emakumeak missing daude zientzian». Horrek erabateko eraginak ditu denean, diagnostikotik hasi, eta tratamendu eta emaitzetara arte.
Bestalde, gehienbat edo berariaz emakumezkoei eragiten dieten gaitzak eta asaldurak askoz ere gutxiago ikertzen dira, gizonezkoei eragiten dietenak baino. Menopausiaren adibidea aipatzen du editorialak. Fenomeno fisiologiko horrek aldaketa asko dakartza, hainbat mailatakoak, eta, batzuetan, harekin batera azaltzen diren sintomek inpaktu handia dute ongizatean. Hala ere, oso gutxi ikertu dira menopausia bera, eta sintomak arintzeko bideak.
Elvan Böke genetikariak are argiago esan izan du, hainbat elkarrizketatan: «Askoz gehiago ikertzen dira zakila zutitzeko arazoak, emakumeen ugalkortasuna baino». Emakumeen ugalkortasuna gutxi ikertzen bada, egin kontu zenbat ikertuko den ugalkortasunaren galera... Menopausia ez ezik, anorexia, endometriosia eta migraina ere aipatzen ditu editorialak, eta, bukatzeko, diferentzia horiekin amaitzea eskatzen du.
Sexu- eta genero-diskriminazioak ez dira horrekin bukatzen, ordea. Michigango Unibertsitatean egindako ikerketa batean frogatu dutenez, osasun-datuetan sexua edo generoa adierazteko modua dagoenean ere, eta, beraz, datuak bereizita aztertzeko aukera bermatuta ere, ez dira aintzat hartzen bestelako identitateak. Izan ere, banaketa bitarra eta heterosexualitatea dira araua, normala, eta ez da aukerarik egoten hortik kanpokoa jasotzeko. Horrek ondorio kaltegarriak ditu LGTBIQ komunitateko pertsonen osasunean, eta estigmak eta tabuak elikatzen ditu, gainera. Helduko ahal zaio honi ere, beste 30 urte igaro baino lehen.
ARGI ALDIAN
Osasun ikerketak, osotasunetik urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu