Lortu du aurrenekoa

Txuri-Urdinek lehenbiziko aldiz irabazi du izotz hockeyko liga. Finaleko bigarren partidan ere garaipena lortu du, Majadahondaren pistan (2-3)

Txuri-Urdineko jokalariak eta hainbat kide koparekin, atzo, Majadahondan, ligako titulua ospatzen. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Txuri-Urdinek ondo bete zuen lana atzo ere. Liga irabazteko gai izan zen, eta historikoa da garaipena, aurrenekoa duelako. Finaleko bigarren partidan eskuratu zuen titulua, Majadahondari inolako aukerarik eman gabe hirugarren partida behartzeko: bi partida nahikoa izan ditu Donostiako taldeak koparen jabe egiteko. Atzo, 2-3 irabazi zuen partida.

Aurretik joan zen norgehiagoka osoan. 0-1ekoa Letizia Abrisketa arabarrak sartu zuen. Berdindu egin zuten gero etxekoek, baina Cecilia Lopez espainiarrak aurretik jarri zuen Txuri. 1-3koa ere hark sartu zuen. Ematen zuen eginda zeukala, baina etxekoek ez zuten amore eman, eta, bigarren gola sartu ondoren, estutu egin zuten. Atezainik gabe jokatu zituzten azkeneko minutuak, eta presioa sartu zieten handik gutxira txapeldun izango zirenei. «Uste baino zailxeagoa izan da», aitortu zuen akaberan Koldo Saenz entrenatzaileak. Hori esan zuenerako poza zabalduta zebilen jokalarien eta klubeko ordezkarien artean: txapeldun ziren.

Lorturikoari neurria hartu ezinda oraindik, Oihana Zaldua jokalariak honela deskribatu zuen zer zeukan barruan: «Ametsa da hau. Egitasmo luze baten emaitza. Hasiera hartan inork ez genekien-eta jokatzen». Sorrerara jo zuen Rosa Zubeldia presidenteak ere: «Ez daukat hitzik poz hau azaltzeko. Emakumezkoen taldea sortu genuenetik ilusio hau geneukan». Joan dira zortzi urte ordutik, eta talde hartako hiru jokalari baino ez dira geratzen orain. «Merezia da, lan handia dagoelako atzean», azaldu zuen agintariak.

Lan horri balioa emateko eskatu zien, hain justu, entrenatzaileak jokalariei, aldagelan sartu berritan koparekin: «Irabazita dauzkat hainbat titulu jokalari gisa, eta badakit zer den hau bizitzea. Eskatu diet betirako gogoratzeko, talde osoak elkarrekin lorturiko garaipenek asko balio dutelako».

Liga lortzea gauza handia izanik ere, badu aparteko beste berezitasun bat ere. Majadahonda nagusi izan da azkeneko zortzi denboraldietan, eta hari tronua kendu izanari balioa eman dio Zubeldiak: «Guk horrelako talde handi bati irabaztea sekulakoa da».

Orain, kopa; gero, Europa

Atzoko lorpenaz gozatuko dute datozen egunetan, baina ez dira lo hartzeko moduan. Izan ere, Kopa jarriko da jokoan laster. Apirilaren 16an izango da, Jacan (Espainia). «Borrokan segitu behar dugu. Bi tituluak nahi ditugu», eskatu die jokalariei presidenteak.

Zalduak ere gogoan dauka beste lehiaketa hori: «Segitu beharrean gara, eta ea Kopa irabazten dugun orain». Aurrerago begira ere jarri da: «Egitasmo honi eutsi egin behar diogu». Begirada epe ertainera begira jarrita, izango du beste mugarri bat Txurik: Europan jokatzea, txapeldun izanaren sari gisa. Zubeldia baiezkoan da: «Espainiako Federazioarekin hitz egin behar dugu, ea zer dioen, baina izango dugu Europan jokatzeko aukera ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.