Futbolera ateak ireki dizkiguzu. Ez niri bakarrik, 11 urterekin Ostadarrera, herriko futbol taldera zurekin eskutik helduta sartzean. Ez kuadrillaren erdiari bakarrik 20 urteak arte edo 20 urtetik gora ere baloiarekin jokatzeko grina piztean, eta emakumezkook kirola egin eta ondo pasa dezakegula adieraztean. Ez kuadrillaren beste erdiari bakarrik, Granadara eta Salamancara futbolaz ia ezer jakin gabe zure atzetik joan eta zure garaipenez poztu eta zure porrotak gure egin ditugunean.
Futbolera ateak ireki dizkiezu neskato gazteei, handitan zu bezalako jokalariak izan daitezkeela ikusaraztean, edo eskolako patioan haiek ere baloiarekin gozatzeko eskubidea dutela aldarrikatzean. Ateak ireki dituzu emakumezkoen futbola lanbide duinago bat izan dadin, eta ateak ireki dizkiezu urteotan taldera batu zaizkizun askotariko jatorrietako kideei. Euskarari bide eman diozu zelaian eta prentsaurreko bakoitzean gure hizkuntzan hitz egitean, baita beste eskaera batzuei ere, hala nola LGTBI banderarekin Granadako argazki gogoangarri hura atera genuenean. Beste era bateko zalego bati ateak ireki dizkiozu. Ez zuk bakarrik, jakina, baina zuk ere bai, benetan denontzako gozagarria den espektakulu bat eskaintzean.
Beti izan dituzu gogoan zuri ere atea ireki zizuten lehenengo futbolari erdi profesional horiek, eta orain zuri aitortu behar zaizu: haiek bezala bide urratzailea izan zara, Iraia. Lagun bezala nola, taldearentzako eta zalegoarentzako ere bai. Horretan ez dago dudarik.
Orain segi dezazula bide berrien bila.
Beti izango gaituzu alboan ate berriak ireki eta zidorrak urratzeko prestu.
ANALISIA
Bide urratzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu