Nafarroako Gobernua «harremanetan» dago Espainiako Industria Ministerioarekin eta CAFekin, hark Castejonen (Nafarroa) duen Trenasa planta itxi dezan eragozteko. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak azaldu duenez, itxiera «erabat onartezina» da, baina ardura ez dio egotzi enpresari bakarrik, ministerioak «rol garrantzitsua» jokatzen baitu trenbide sarearen garapenean.
Aierdik aitortu du gobernuan badakitela agian CAFen jarduna jaitsi egingo dela, baina, haren ustez, hori ez da nahikoa arrazoi Castejongo lantegia itxi eta 118 langile kaleratzeko: «Ekoizpenean beherakada badago, ondorioek proportzionalak izan behar dute. Ez dute zertan Trenasa itxi; murrizketa txikiak egin ditzatela beste lantegi batzuetan». Era berean, eta Industria Ministerioak CAFi esleitutako azken proiektuaz mintzatzean, kontseilariak nabarmendu du «bolumen txikikoa» dela, eta hori jakiteko aski dela CAFek munduan barrena mugitzen dituen kontratuak ikustea.
Trenasakoan ez ezik, egun lan gatazka ugari daude hainbat enpresatan ere. Atzokoan, esaterako, Matricerias Deusto eta GTSko langile batzordeek bigarren bilera egin zuten Gestampeko zuzendaritzarekin. Aurrenekoa izan zen Jaurlaritzak bi aldeen arteko artekaritza onartu zuenetik.
Alestisen, berriz, CCOO eta UGT sindikatuek erregulazio espedientea onartzeko aurreakordioa sinatu dute. Zuzendaritzak, baina, Espainiako plantetakoekin batera negoziatu ditu Miñaoko (Arabe) langileen baldintzak, eta LABek atzo akordio hori kritikatu zuen. Miñaon eginiko bozketan 124 langilek eman zuten boza—178 langile dira—, eta 105 aurka agertu ziren.
Azkenik, atzokoa Bilboko portuko zamaketarien grebako laugarren eguna izan zen, eta, Bilbo Estiba zama lanak kudeatzen dituen enpresak jakinarazi zuenez, lanuztea «kalte larriak» eragiten ari da portuko ohiko jardunean.
Nafarroako Gobernuak CAFekin hitz egin du Trenasa itxi ez dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu