Taula batean, mahaian bertan, forma eta kolore askotako fitxekin, kartekin... Hori bai, gainazal lau baten gainean jolastu behar da, mahai baten gainean normalean. Hortik datorkio izena: mahai jokoa. Joko bakoitzak bere arauak ditu, eta pertsona batek edo gehiagok parte har dezakete. Jolas batzuek parte hartzaileen arrazoibide taktikoa, estrategikoa, koordinazioa, esku trebetasuna, memoria edo beste trebetasun batzuk erabiltzea eskatzen dute; beste joko batzuk, berriz, azkar erabakitzekoak dira. Mahai jokoek ez dakarte, oro har, jarduera fisikorik, nahiz eta batzuetan mahaitik altxatu eta mahaitik kanpo jarduerak egin behar diren. Eta hizkuntzak, garrantzirik ba ote dauka mahai jokoetan? De oca a oca y tiro por que me toca esan beharrean, Euskal Herrian zergatik ez da Zubiri-zubiri, berriz ere niri! esaten?
Gabonetako ospakizunetan ohikoa da familiak mahaiaren bueltan biltzea, eta otorduen osteko berriketaldiak amaitu ondoren mahai jokoren bat atera eta familia giroan jokatzea. Ez da ohikoa, ordea, mahai jokoek euskarazko jarraibideak ekartzea. Are, ia ez dago euskaraz sortutako mahai jokorik. Halere, euskararen mesederako, badago edozein mahai jokotan euskaraz aritzeko aukera ematen duen jendea.
«Mahai joko bakoitzaren arauetan eta jarraibideetan ageri den hizkuntzak eragina du jolasten den bitartean jokalariek erabiliko duten hizkuntzan». Arrasateko (Gipuzkoa) Olgeta jostailu dendaren jabea da Itsaso Pagoaga. Irakasle ikasketak egin zituen arren, jolasari buruzko edukiak landu, aztertu eta horiek zabaltzea da Pagoagari gehien gustatzen zaiona. Hain zuzen, zaletasun horrek piztu zion Olgeta proiektuarekin hasteko gogoa. Jolaserako baliabideak aukeratzerako orduan, Pagoagak arreta berezia jartzen die materialei, hizkuntzari, jolasean landu daitezkeen edukiei eta produkzio moduei. Horregatik, jolaserako baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen dituen egitasmo bat da, betiere euskara oinarritzat hartuta. Jostailu denda bat baino gehiago da Olgeta.
Egon badaude euskarazko mahai jokoen ekoizleak Euskal Herrian, baina ez dira asko. Horregatik, Olgeta egitasmoan, interesgarriak iruditzen zaizkien mahai jokoak saltzeaz gain, horien argibideak euskaratzen dituzte. Dendan bertan ere, mahai jokoak probatzeko aukera ematen dute, eta, erostean, denek izaten dute euskarazko argibidea txertatuta.
Duela zazpi urte zabaldu zuten denda, baina, proiektua abiatu aurretik ere, Pagoagak argi zeukan mahai jokoetako argibideak euskaratuko zituela: «Arrazoi nagusietako bat da ez daudela euskarazko mahai joko asko. Argibideak euskaraz egoten direnean, euskara izan ohi da jolasean erabiltzen den hizkuntza. Kontrakoa ere gertatu ahal da, noski». Adin guztietako jendeak erabiltzen ditu mahai jokoak. Horregatik, jabearen ustez, tresna garrantzitsua izan daitezke «euskararen normalizaziorako».
Altzaria, euskarari eskainia
Mahai jokoz betetako altzari bat dago Olgetan. Aurreko udan, apaleko joko guztiak zenbatu zituzten, eta 110-112 mahai joko zituztela kalkulatu zuten, gutxi gorabehera. Nahiz eta joko bakoitzaren argibideak Pagoagak edo haren lankideak itzuli, testua Arrasateko Udaleko euskara zerbitzuan zuzentzen dute jokoaren kutxara sartu baino lehen. Ugazabak esan duenez, altzariko ia joko guztien argibideak daude euskarara itzulita: «Logika erabili behar den joko batzuenak izan ezik, horietan ezin baita aldatu hizkuntza, jokoaren zentzuari eragiten diolako».
Altzarian bada beste guztien gainetik nabarmentzen den joko xume bat, dendaren jabeak gogo biziz erakutsi nahi izan duena:euskarazko Sua! karta jolasa, Txatxilipurdi elkarteak sortutakoa. Euskal mitologian oinarritzen da, eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera ematen du.
Lander Juaristi Txatxilipurdiko kideak azaldu du Herriak itxi begiak jokoaren euskal bertsio mitologikoa dela; izan ere, jokalari bakoitzak pertsonaia mitologiko baten rola hartu beharko du. «Udalekuetan eta hainbat lekutan guztion jostagarri izan den joko bat euskaratu genuen. Mimo handiz landu genuen, eta ikusi da Euskal Herri osora zabaldu dela».
Euskarazko mahai jokoak sortu dituzten elkarte bakarrenetakoa da Txatxilipurdi. Haien jardunean berebiziko garrantzia izan du beti euskarak. Juaristik nabarmendu duenez, haien «oinarri garrantzitsuenetako bat» da: «Sortu izan ditugun mahai jolasek behar batzuei erantzuten diete, eta aukera izan dugunean atera ditugu: Sua! mahai jolasa bezala. Frogatu dugu euskara aberasteko balio izan duela, besteak beste».
Euskara sustatzeaz gain, Txatxilipurdiko kideek nerabeak beste gai batzuetan prestatu eta hezi nahi izan dituzte mahai jokoen bitartez: heziketa sexualean, adibidez. «Mihi-bero sortu genuen, sexualitateaz eta sexu hezkuntzaren inguruan hitz egiteko». Horrez gain, Juaristik azaldu du Txatxilipurdik sortutako jolas bakoitzak bere prozesua izan duela.
Argibideak, bideoz azalduta
Olgeta dendan, aurrez aurreko aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dute. Jolasarekin lotutako edozein zalantza edo galdera izanez gero, euskaraz azaltzen diote bezeroari mahai joko bakoitzaren funtzionamendua. Baina, orain dela urtebete inguru, mahai jokoen argibideen euskarazko azalpenak bideoan grabatu, eta Youtubera igotzen hasi ziren. «Guk grabatu eta editatzen ditugu; beraz, ikasketa prozesu bat izan da guretzat. 50 bideo inguru igo ditugu jada, baina mahai joko guztien inguruko azalpenak igotzea da gure helburua», azaldu du Pagoagak. Adibidez, Sua! eta Mihi-bero mahai jokoen azalpenak igo dituzte.
Mahai jokoak ez dira jolasen bidez euskara hauspotzeko eskaintzen duten tresna bakarra. Haurrentzako musika instrumentuak ere saltzen dituzte dendan, eta, instrumentuekin batera, partiturak eta euskarazko abestien letrak oparitzen dituzte. «Instrumentuek ingelesezko abestiak ekartzen dituzte gehienetan. Beraz, lagun musikari batekin harremanetan jarri, eta euskarazko kantuak jo eta abestu ahal izateko partiturak sortzen lagundu digu». Lau teilatu, Maite zaitut... haurrek entzun ohi dituzten abestien partiturak dira guztiak.
Finean, «ez da lan erraza» euskarazko mahai joko bat sortzea, eta mahai joko batek arrakasta lortzea. Juaristik azaldu duenez, hezitzaileek denbora izan behar dute, motibazioa behar da... Hainbat faktore hartu behar dira kontuan mahai joko bat sortzeko orduan. «Momentuko gaitasuna izan behar du elkarteak, denbora eskaini behar zaiolako eta inbertsio bat egitea dakarrelako. Apustu bat dira, eta ondo edo gaizki atera daiteke». Halere, urte hauetan guztietan, Pagoagak argi ikusi du erosleek eskertzen dutela, eta «zur eta lur» geratzen direla euskarazko mahai jokoekin eta euskarazko argibideekin.
Euskaraz jolasteko argibide sorta
Ez da ohikoa Euskal Herriko jostailu dendetan euskarazko mahai jokoak aurkitzea. Badira halakoak ekoizten dituzten enpresa eta elkarteak, baina ez dira asko. Hutsune horretaz jabetuta, mahai jokoen argibideak euskaratzen dituzte Arrasateko Olgeta dendan, erosleak euskaraz goza ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu