Euskara arnasteko aterpe izango da

Gasteiz antzokiaren obrak amaitu berri dituzte. Areto nagusi bat, gune eszeniko handi bat, ostalaritza zerbitzua eta beste hainbat gune izango ditu eraikinak. Urte hasieran zabalduko dute, eta hiriko euskarazko eskaintza kulturalen topagune nagusia izatea nahi du udalak.

Urtaran alkatea eta Gurtubai Euskara zinegotzia, tabernan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Egur lixatu eta bernizatuaren usaina dago. Jendeari ateak irekitzen dizkioten lehen aldia baita, baina zorioneko gutxi batzuentzat ireki dute bakarrik. Eraikinaren erraiak zuzenean ezagutzeko aukera izan du BERRIAk, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin eta Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziarekin batera. Amaitu dituzte obrak, eta barrukoa materialez hornitzea falta da bakarrik: oholtza bat, bafleak, ordenagailuak, teknikarien mahaia... Oraindik erabaki gabe dagoen gunearen administratzaile berriak erabaki beharko du nola bete. Halere, dagoeneko ikus daiteke Gasteiz antzokiak zer neurri izango duen.


Gasteizko Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregi zaharkitua antzoki ikusgarri bat bihurtu dute urtebete eta erdi inguruko epean. Izaskun Arrue kulturgunea izango da izen ofiziala, udalak hala erabakita. Antzokiak areto nagusi bat, gune eszeniko handi bat, ostalaritza zerbitzua, lan eremuak —Gasteizko euskalgintzako beste taldeek ere erabil dezaten— eta beste hainbat gune izango ditu. Beraz, aspaldiko asmoa egia bihurtuko da azkenean, eta, hilabete gutxi barru, gasteiztarrek antzokiaz gozatu ahal izango dute.

Eraikin altu eta dotorea da Ruiz de Bergara jauregia; bereizi egiten da Alde Zaharreko beste eraikinetatik. Eraikinaren betiko fatxada eta armarri historikoa mantendu nahi izan dituzte. Ate nagusitik sartu, eta pare-parean dago konferentziak, prentsaurrekoak eta bestelako aurkezpenak egiteko gela txiki bat.

Urtaran eta Iñaki Gurtubai haluzinatuta geratu dira Errementari kaleko ate nagusitik sartu direnean. «Ikaragarria»: hori izan da bisitak iraun bitartean gehien errepikatu duten hitza. Josu Barrena eraikuntza enpresako zuzendariak gidatu ditu eraikin osoan barrena, eta eraikinak dituen xehetasun nagusiak azaldu dizkie.

Lehenengo solairuan dago areto nagusia. Are, Barrenak azaldu du aretoaren aspaldiko egurrezko habeak mantendu nahi izan dituztela. Urtaranek aipatu bezala, «ematen ez duen arren», beheko solairua eta goikoa kontuan hartuta, ia 600 pertsona hartzeko gaitasuna izango du aretoak, eraikuntza enpresako zuzendariak zehaztu duenez. Halere, beharrezko materialez hornitzea falta da.

«Duda barik», areto nagusia izan da alkateari eta zinegotziari gehien gustatu zaien gunea. Oraindik hutsik egon arren, kontzertu bat irudikatu du zinegotziak. Era berean, Urtaran ziur da hiriko erreferentziazko puntu garrantzitsu bat izango dela: «Gaur egun, Gasteizko gazteek ez dute aurkitzen euskarak funtsezko presentzia daukan horrelako toki ikusgarririk. Horregatik, uste dut gazteek eta helduek gozatu ahal izango dugula leku honetaz. Euskaraz hitz egin, euskara bizi eta zabaltzeko erreferentziazko gunea izango da».

Bi sarrera dauzka antzokiak; izan ere, Zapatari kaletik sar daiteke lehen solairura, antzokiko tabernatik, hain zuzen. «Tabernak beti gertu egon behar du», esan du Urtaranek, barrezka. Ez da oso toki handia, baina bertan edaria eskatu, eta areto nagusira joateko aukera egongo da. Tabernan ere eraikinaren antzinako habeak aprobetxatu dituzte barra eta banku luzexka batzuk egiteko.

Egurrezko eskailerak igo, eta antzoki nagusia inguratzen duen korridorea dago bigarren solairuan. Beheko guztia ikus daiteke handik, arku forma duten adreiluzko egitura batzuetatik begiratuta —zati batean eraikinaren jatorrizko arkuak gorde dituzte, eta beste batzuk berriak dira—. Gurtubaik azaldu duenez, bertatik aretoko espektakuluak ikusteko ez ezik, erakusketak antolatzeko erabili nahi dute.

Ametsa egia bihurtzear

Korridorean bertan Errementari kalera begira dauden leiho bikoitzei erreparatu die Urtaranek. «Oso garrantzitsua» da harentzat, eraikinak akustika ona izateaz gain, Errementari kalean bizi diren bizilagunek barruko zaratarik ez entzutea. Horren harira, Barrenak nabarmendu du hori bera lortzea izan dela prozesuko parterik konplexuena: «Akustika bikaina du eraikinak, eta, gainera, oso isolatuta dago. Eraikina kutxa bat bezalakoa da, beste kutxa baten barruan dagoena. Beraz, ez da zaratarik ateratzen, bizilagunek ez dute ezer entzungo; lasai egon daitezke kontzertuak daudenean».

Gasteizko euskal eragileentzat izango da azken solairua. Hainbat gela daude; orain hutsik dauden arren, ordenagailuekin eta bestelako lanerako tresnekin beteko dituzte laster. Bertan egongo da antzokiko ekintzak kudeatuko dituen taldea ere.

Oraindik ezin izan dute aurreratu nor izango den, aukeraketa prozesuan baitaude. «Behartuta gaude lizitazio prozesu bat egitera, eta datozen asteetan esango dugu nork aurkeztu duen proiekturik onena. Ezin dugu aldez aurretik ezer esan», azaldu du zinegotziak. Interesa erakutsi duten hainbat talde daude, gainera.

Bide baten jarraipena izango da antzokia. Izan ere, Oihaneder Euskararen Etxeak agur esan dio aurten bere zortzi urteko ibilbideari. Hutsune bat betetzeko abiatu zuen proiektua Lazarraga kultur elkarteak. Urtaranentzat «urrats garrantzitsua» izan zen hiri euskaldunago bat lortzeko bidean, eta balioa eman nahi izan dio bertan egindako lanari. Argi dauka, halere, Gasteizek behar zuela horrelako gune berri bat: «Alde batetik euskararen etxea izateko, baina baita Gasteiz antzokia izateko ere».

Helburu horiek lortzeko, antzokiak baditu oinarri finko batzuk. «Euskara protagonista izatea lortu nahi dugu, eta aisialdia euskaraz egiteko aterpe izatea nahi dugu», esan du alkateak, pozik. Horregatik, «erdaldunek gozatzeko gune bat ere izango da, euskal kultura gertutik bizi dezaten», zehaztu du Gurtubaik.

Hala ere, gauza guztien gainetik, antzokiaren xedea ez da soilik euskararentzako arnasgune bat izatea, baizik eta euskara hiri osora zabaltzea. Euskarazko edukien eta hizkuntza ohitura berrien sorlekua izan dadila nahi du Urtaranek; antzokian sortzen dena «lau haizeetara zabaltzea» gustatuko litzaioke.

Datorren urtera arte

«Nahiko genukeena baino gehiago iraun du prozesuak; askoz lehenago bukatua izatea nahiko genukeen. Baina orain, eraikina barrutik ikusita, merezi izan du itxaronaldiak», aipatu du zinegotziak. Datorren urte hasieran antolatu nahi dituzte lehen ekintzak. Hori bai, programazio finkoa osatzea gehiago kostatuko zaiela iragarri dute, baina, aurrera begira, egunero —edo ia egunero— ekintzak izango dituen leku bat izango da antzokia; ez bakarrik asteburuetan. Hurrengo hogei urteetan edo gehiagoan euskararentzat erreferentzia gune izatea nahi du udalak.

«Zalantzarik gabe», antzokiko ekintzez gozatzera joango da Urtaran, eta gasteiztarrei antzokiaren inguruko hitz batzuk esanez amaitu du bisita: «Izan dadila belaunaldi berrientzat eta ez hain berriak garenontzat dena sentitzeko gune bat: harremantzeko, hitz egiteko, barre egiteko, dantza egiteko, negar egiteko... emozioz eta tristuraz. Gure bizitza euskaraz sentitzeko gune bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.